Maddelen Urieta. RPK Araskiko entrenatzailea

«Logikak dio sasoi honetan ez garela itzuliko lehiara»

Koronabirusaren krisiak eragindako etena datorren denboraldia prestatzeko eta formakuntzan sakontzeko baliatzen ari da Urieta. Taldeak egindako lana goraipatu du.

ARASKI.
ainara arratibel gascon
2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Denboraldi aparta egiten ari zen RPK Araski, koronabirusak lehiaketa eten zuen arte. Maddelen Urieta entrenatzaileak (Amurrio, Araba, 1981) nabarmendu du jokalariak «amorratuta eta penaz» daudela, zail ikusten dutelako lan hori biribildu ahal izatea.

Entrenatzaile batek nola darama berrogeialdia? Zer-nolako lana egiten ari zara?

Zortea dut etxera lan asko ekarri ahal izan dudala. Jada datorren denboraldiari begira ari naiz lanean: taldearen egitura posible bat osatzen, interesgarriak izan daitezkeen jokalarien bideoak ikusten... Gainera, formakuntzan ere sakontzen ari naiz, beste entrenatzaile batzuen hitzaldiak ikusiz, eta haien lana aztertuz. Internet bidez ere pare bat ikastarotan eman dut izena.

Zail ikusten duzu, beraz, txapelketari berriro ekitea?

Gauzak nola dauden ikusita, sentsazioa da bertan behera geratuko dela. ACB ligak jada esan du gutxienez apirilaren 24ra arte ez dela partidarik jokatuko. Haien kasuan errazagoa da bueltatzea, txapelketa luzeagoa delako. Baina guk apirilaren 4an amaitzen genuen liga erregularra. Ezustea litzateke berriro jokatzea. Are gehiago kontuan hartuta taldegehienetako ia atzerritar guztiak sorterrira itzuli direla. Ikusi beharko dena da, bertan behera uzteko erabakia hartzen badute, zer pasatuko den txapeldunarekin, Europarako sailkatu diren taldeekin, jaitsiera postuekin.

Zuen kasuan, Shacobia Barbee izan zen etxera itzultzen lehena.

Hala da. Trumpek Europako hegaldi guztiei sarrera itxiko ziela entzun genuenean, harekin hitz egin genuen, eta galdetu genion ea etxera bueltatu nahi ote zuen. Baietz esan zigun, eta lagundu egin genion. [Natalie] Van den Adelekin eta [Tamara] Sadarekin zuhurrago jokatu genuen. Izan ere, batez ere Tamarak katarro apur bat izan zuen, eta itxaron egin genuen etxera itzultzen uzteko.

Kolpe gogorra izango da lehiaketa hala bukatzen bada, ezta?

Oso gogorra, bai emakumezkoen saskibaloiarentzat, baita guretzat ere. Espainiako Kopa oso bat egitetik gentozen, eta taldea oso sendo zegoen. Nahiz eta argi dagoen lehentasuna osasun publikoa dela, eta krisi gogor hau ahalik eta azkarren gainditzea.

Zuek sentipen onenekin zineten txapelketaren azken txanpa honi heltzeko?

Hala da. Taldea sasoiko unerik onenean zegoela esango nuke. Kopa oso berezia izan zen guretzat, eta egin duguna hor geratuko da, guztion oroimenean.

Taldea inoiz baino zure neurrirago eginda zegoela sentitu duzu?

Zalantzarik gabe. Ni adore eta pasio handiko entrenatzailea naiz, eta taldeak zerbait erakutsi badu kantxan, hori erakutsi du. Galdu edo irabazi, gure onena eman dugu beti. Perfumeriasen aurkako Kopako finalerdia amaitu zenean, esan nien oso harro nengoela beraien entrenatzailea izateaz.

Hurrengo denboraldia prestatzen ari zarela aipatu duzu. Baina egoera honetan ez da erraza izango, ezta?

Hala da. Izan ere, antolakuntza horretan urrats sendoak egitea gustatzen zaigu, eta zer aurrekontu izango dugun jakin behar dugu erabakiak hartu aurretik. Baina, dena eten egin denez, eta krisi honek ondorio ekonomikoak ekarriko dituenez, ikusi beharko dugu zer pasatzen den, erabakiak hartzeko. Gainera, ordezkari guztiek orain buruan dutena da jokalariak beren etxera bueltatzea. Ea normaltasuna bueltatzen den. Baina gutxienez ordurako zehaztuta eduki nahi dugu datorren denboraldirako nolako taldea nahi dugun.

Eta nolako taldea duzu buruan?

Nik argi dut zer jokalarik jarraitzea nahi dudan. Baina, egiten ari ginen denboraldiarekin, haietako batzuen balioa handitu egin da merkatuan, eta ziur beste talde batzuek interesa izango dutela haiek fitxatzeko. Guk ahal dugun guztia egingo dugu taldean jarrai dezaten, baina haien esku egongo da urratsa egitea. Guri beti gustatu zaigu taldearen bizkarrezurrari eustea sasoi batetik bestera. Aurreko denboraldian bost jokalariri eutsi genien. Ea oraingoan ere posible den ahalik eta gehienek jarraitzea, eta ea lortzen dugun sasoi honetan falta izan zaizkigun zertzelada horiek emango dizkiguten pare bat jokalari horiek ekartzea.

Zertan hobetu nahi duzu?

Batez ere, jokalari fisikoan, buruz buruko joko horretan ahalmena izango duen jokalari bat ekarri nahiko nuke. Izan ere, Shacobia etorri arte hori falta izan zitzaigun. Jartzen genion adorea eta ilusioa ez ziren nahikoa gabezia hori betetzeko.

Zu ere ezustean harrapatu zaitu jokalari batzuek eman duten mailak?

Denak izan dira ezustea niretzat. Tania Perez, Laura Quevedo, Maria Asurmendi... Eskarmentu handiko jokalariak dira, eta banekien maila handia zutela. Baina haiekin lan egiten duzunean are gehiago berresten duzu hori. Agian, Raquel Carrera izango litzateke ezuste handiena. 18 urterekin, sekulako garapena izan du denboraldian zehar. Urteak ziren nik ez nuela halako jokalari bat ikusi. Isilik hasi zen, eta lekua egin zuen hasierako bostekoan.

Jokalariekin harreman asko duzu orain?

Bai, batez ere sukarra eta eztula izan duten jokalariekin asko hitz egin dut telefonoz, nola zeuden jakiteko. Eta besteekin ere, taldearen Whatsappeko multzoan. Kezkatuta daude egoerarekin.

Etorkizunagatik kezkatuta daude?

Egin genuen azken entrenamenduan amorratuta zeuden, ezin zutelako egindako lan on hori biribildu, eta multzo hau ez delako errepikatuko. Orain, zain daude zer erabaki hartuko den, etorkizunean pentsatzen hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.