Albistea entzun

Mikel Graells. Soziologoa

«Eragin politiko zuzenik ez duten gaiek dute pisu handiena 'Teleberri'-n»

ETB2ko albistegietan agenda nola ezartzen den eta gaien artean zer mailaketa dauden aztertu du Graellsek gradu amaierako lanean. Hierarkizazioa eta edukien arteko desoreka nabarmendu ditu.
MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Esteban Ezkati -

2021eko uztailak 10

Soziologian lizentziaduna da Mikel Graells (Bilbo, 1995), eta komunikabideak izan ditu ikergai gradu amaierako lanean. Zehazki, ETB2ko albistegietan agenda nola ezartzen den izan du ardatz, eta baita horrek gizartean duen eragina ere. Euskal Soziologia eta Zientzia Politikoaren Elkarteak lanik onenaren saria eman dio.

Zuk diozu albisteetan gertakaria eraldatuz doala, hura transmititzen duten eragileen eta haien eraginaren arabera.

Ohitura dago bai hedabide publikoetan eta bai pribatuetan ematen den informazio guztia bide objektiboen bitartez eman dela esateko; neutrala dela eta ez dagoela interesik atzean. Ni horren aurka nago. Uste dut beti egongo direla atzean interes batzuk. Teleberri aztertu dudanean, esaterako, joera bat ikusten da.

Zein joera?

EITBren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremanaren bilakaera historikoa aztertu dut, eta EITBn ate birakariak izan dira. Sabin Etxetik hainbat mugimendu egin dira zuzendaritzan. Esaterako, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia Iñigo Urkulluren komunikazio arduraduna zen.

Zein eragin izan dezake gizartean telebista publiko batean politikan ariturikoak izateak?

Batetik, horren inguruan ez da hitz egingo hedabide publikoetan. Beraz, jendartean desinformazioa egongo da. Jakiteko ikertu egin behar duzu, baina arlo hori ezagutu behar duzu informazio horretara heltzeko.

Eta informazioa jasotzean?

Hedabideetan bi maila daude. Lehenengo mailan, aukeraketa bat egiten da: zein gai egongo diren lehen lerroan eta zeintzuk ez. Bigarren mailan, aukeratu direnen artean hierarkizazio bat egiten da. Berri batzuek pisu handiagoa izango dute. Teleberri, esaterako, erreferentzia izan da etxe askotan, eta jende askorentzat neutrala izan da. Hedabideetan pisu gehien izan duten gaiek kalean ere izango dute: gizartea bat etorriko da hierarkia horrekin, eta pentsatuko du normala dela.

Zein hierarkizazio egiten da?

Geografikoki aztertu dut Teleberri-rentzat Euskal Herria zer den. Hor desoreka bat dago. Nik aztertu dudan hilabete osoan, (2020ko urtarrilaren 27tik otsailaren 27ra) ez dago berririk Iparraldeari buruz. Nafarroari buruzkoak %5 dira, eta EAEri dagozkionak, %92. Hamar titularretatik zazpi baino gehiagok EAE dute eremu geografikoa.

Eta gaiei dagokienez?

Bigarren mailako berriak dira gehien agertzen direnak; hots, urteurrenak, eguraldiari buruzkoak, istripuak eta abar. Hau da, jendartearentzat eragin politiko zuzenik ez duten gaiak dute pisu handiena. Esaterako, hilabete horretan, Hego Euskal Herriko greba orokorra izan zen, eta horri buruz bost titular baino ez daude; eguraldiaz, berriz, zazpi.

Gai politikoak nola jorratzen dira albistegi horietan?

Hilabete horretan, 64 berri instituzional daude, eta 63k EAEri egiten diote erreferentzia. Nafarroako Gobernuari buruz behin hitz egiten da. Lehendakaritzarako hauteskundeen kanpaina hasi aurretik egin nahi nuen ikerketa, egoera normalean. Gero, koronabirusarena etorri zen, eta Zaldibarkoa. Normaltasun hori galdu nuen. Baina Zaldibarko gaiak aukera eman zidan Teleberri-k krisi instituzional bat nola lantzen duen aztertzeko.

Eta nola lantzen du?

Eusko Jaurlaritzaren egunerokotasunari buruz hitz egiten denean, titularretan aurpegi batzuk ageri dira: Erkoreka, Tapia eta Urkullu. Eta Zaldibarri buruzko titularretan beste aurpegi batzuk ikusten dira, bigarren mailan egongo liratekeen politikarienak. Zaldibarko kasuarekin zerikusia duten berrietan, %64 sailburuak edo sailburuordeak dira. Lehendakaria ia ez da ateratzen.

Zergatik gertatzen da aurpegi aldaketa hori Zaldibarrekin?

Krisi bat dagoenean eta instituzioen irudia kolokan jartzen duten gaiak heltzen direnean bigarren mailako politikariak agertzeak intentzio bat markatzen du, argi eta garbi: norbaitek pairatu behar baditu ondorioak bigarren mailako politikariak izan daitezela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Ibarruri oso harro sentitu zen beti bere euskal erroez»

Amaia Igartua Aristondo

Dolores Ibarruri 'Pasionaria'-ren biografia bat argitaratu berri du, haren artxibo pertsonalean oinarritutakoa: 'No pasarán'. XX. mendearen zati handi bat zeharkatzen du bizkaitarraren bizitzak.
EPICA ikerketan 2.872 metroko sakoneratik ateratako izotz lagina, 2002-2003an. ©LAURENT AUGUSTIN/CNRS PHOTOTHQUE

Izotzik zaharrena nahi dute

Jakes Goikoetxea

Beyond EPICA ikerketa proiektua Antartikan lanean ari da, izotza zulatu eta duela 1,5 milioi urtera arteko izotz lagina ateratzeko. Laginari esker, klimaren bilakaera ezagut dezakete.

Andres Urrutia euskaltzainburua eta Gaizka Aranguren kazetaria, <em>Ezina ekinez egina</em> saioan. ©BERRIA

Euskararen historiari buruzko saioa gaur ETB1en: 'Ezina ekinez egina'

Enekoitz Telleria Sarriegi

Gaizka Arangurenek aurkeztuko du. EITBk bat egingo du Euskararen Nazioarteko Egunarekin

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.