Bera Berak duela lau urte irabazi zuen azken aldiz Espainiako Kopa, Barakaldon (Bizkaia). Orduko taldetik lau jokalari ari dira Imanol Alvarezen aginduetara: Alba Menendez, Maitane Etxeberria, Esther Arrojeria eta Elke Karsten —Sara Gil aspalditik dago lesionatuta—. Karstenek (Quilmes, Argentina, 1995) taldea utzi zuen sasoi horren amaieran. Duela lau hilabete eskas itzuli zen. «Oso ondo hartu naute; oso gustura nago».
Zer pentsatzen duzu Kopa hitza entzutean?
Lehiaketa ezberdina da: oso polita da, eta giro ederra egoten da. Niri, gainera, duela lau urteko oroitzapena datorkit burura: irabazi egin genuen. Ea berriro irabaz dezakegun. Ilusio handia dugu.
Zer oroitzapen duzu 2019ko ekitaldiaz?
Itzela izan zen. Etxetik gertu ginenez, Donostiako jende asko joan zen. Giro ederra egon zen, eta taldea ikusgarri aritu zen.
Orduz geroztik ez du irabazi taldeak Kopa. Zer esaten dute taldekideek?
Denak jokatzeko irrikaz gaude. Oso ondo ari gara, oso seguru, eta horrek ilusio handia pizten digu.
Ez duzue arantza ateratzeko gogorik?
Ez. Kopa ona egin nahi dugu, eta gozatzen saiatu. Ahalik eta ondoen amaitu nahi dugu: txapeldun izanda.
Ilusioa ala beharra duzue?
Lasai gaude. Ez dugu ez presiorik, ez beharrik Kopa irabazteko. Taldeak gero eta prestatuago daude, eta gero eta zailagoa da irabaztea.
Zuk esan duzu: oso ondo ari zarete.
Ondo ari gara jokatzen: ondo ari gara defenditzen, eta ondo ari gara korri egiten; hori da Bera Berak ondoen egiten duena. Kopan horrela jokatzen badugu, aukera asko dugu txapeldun izateko.
Bera Berak ez du aurkaririk izan ligan azken urteetan, baina txapelketa motzetan ez da ondo aritu. Zaila da halakoak jokatzea?
Talde guztiek argi dute partida batera edozer gerta daitekeela: edozeinek irabaz diezaioke edozeini. Denak bete-betean aritzen dira. Argi geratu da hori Koparen azken ekitaldietan. Oso ondo prestatuta egon beharra dago, lehiaketa gogorra eta zaila baita: txapeldun izateko, hiru partida jokatu eta irabazi behar dira hiru egunetan. Leon-kastillo bat da.
Hiru urrats egin behar dituzue txapeldun izateko. Gaur egin nahi duzue lehenbizikoa: Elxeren aurka jokatuko duzue final-laurdenetan. Zer itxura hartzen diozu lehiari?
Gogorra izango da. Aurkari bihurria da Elx: oso ondo defenditzen du, eta lanak ematen dizkio aurkariari; ez dio uzten jokatzen. Lan zaila izango dugu erasoan, baina gureari erreparatu behar diogu: ondo defenditu behar dugu, eta bizi irten erasora.
Azpimarratu duzunaren erakusle da Elxi sartu diotela gol gutxien ligan: 23 eskas partidako.
Oso gogor defenditzen dute. Oso menperatua dute egin beharrekoa, eta, horren ondorioz, aurkariari kosta egiten zaio haien atera iristea, eta erasoaldi gutxiago egoten dira; horrek bete-betean aritzera behartzen zaitu: erasoaldi gutxiago dituzunez, gehiago asmatu behar duzu. Denbora daramate elkarrekin jokatzen, eta horrek mesede egiten die defentsan gogor aritzeko. Erasoan ere ondo moldatzen dira.
Faboritorik dago?
Ez dizut esango [barrez]. Gu ez gara faboritoak, eta horrek gure alde egingo du.
Ia lau hilabete pasatu dira berriz ere Bera Beran ari zarenetik. Zer moduz izan da itzulera?
Oso zoriontsu nago berriz hemen egoteagatik. Oso talde batua dugu, eta, horri esker, azkar egokitu naiz. Gero eta hobeto ari naiz jokatzen.
Ia lau urte pasatu dira joan zinenetik. Asko aldatu da taldea?
Bai, ia berria da, baina entrenatzailea bera da, Imanol, eta taldeak bere DNAri eusten dio: gogor defenditu eta bizi irten erasora.
Eta zu, aldatu zara?
Asko hazi naiz jokalari eta pertsona bezala. Jokalari osoagoa naiz erasoan. Ez naiz defendatzaile petoa, baina lehen baino hobeto moldatzen naiz. Bi alor horiek hobetu ditut gehien.
Zure rola aldatu egin da?
Bai. Talde batu eta oso on batera iritsi naiz, eta nire egitekoa ahalik eta gehien laguntzea da. Ez da aurreko aldian nuen rol bera.
Hungarian, Norvegian eta Frantzian jokatu duzu. Gustura zaude egindako bidearekin?
Esperientziak dira, eta denek dituzte gauza onak eta txarrak. Oso eskertuta nago jokatu dudan toki guztietan zerbait ikasi dudalako.
Inoiz damutu al zara Donostiatik joan izanaz?
Ez, baina inoiz pentsatu izan dut agian banuela geratzeko aukera. Baina erabakia hartu nuenean oso seguru nengoen.
Aldiz, ez zenuen Donostiara itzultzeko dudarik izan zure azkeneko taldeak uko egin zionean Frantziako Ligan jokatzeari.
Ez nuen dudarik izan. Seguru eta gustura aritu nintzen talde batera itzuli behar nuen; jokalari eta pertsona bezala behar nuen. Oso talde ona da Bera Bera: bete-betean lehiatzen da. Gainera, bi herrikiderekin ari naiz: Malenarekin [Cavo] eta Shularekin [Gavilan]. Hori ere hartu nuen kontuan.
Kopa jokatu ostean, ligako azken txanpari ekingo diozue. Zein da helburua?
Bete-betean ariko gara. Erronka zaila da: kanporaketak dira, eta berria da hori denontzat.
Elke Karsten. Super Amara Bera Berako jokalaria
«Ez daukagu ez presiorik, ez beharrik Kopa irabazteko»
Bera Berak Espainiako Kopa irabazi nahi du, lau urteren ostean. Gaur egin nahi du lehen urratsa, Elxi final-laurdenetan irabazita. Itxaropentsu dago Elke Karsten: «Oso ondo ari gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu