Futbola. Osasuna Kopako finalean. Ruben Garcia. Osasunako jokalaria

«Sinetsita gaude zerbait handia egin dezakegula»

Hemezortzi urteren ostean, Espainiako Kopako finala jokatuko du Osasunak. Real Madrilen aurka arituko dira bihar, Sevillan, eta bere lehen finala jokatzeko irrikaz dago Ruben Garcia.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
Iruñea
2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Irribarrea ahoan sartu da Ruben Garcia (Xativa, Herrialde Katalanak, 1993) Sadarren Osasunak daukan aldagelan. Txistuka sartu da; «Osasuna beti jo eta ke, goazen gorriak garaipenera arte» abestiaren doinua, hain zuzen. Klubarekin eta zaleekin daukan loturaren adierazleetako bat besterik ez da. Jagoba Arrasaterekin batera iritsi zen Iruñera, 2018an, eta Sadarreko jokalari maitatuenetako bat bilakatu da.

Badator egun handia. Nola dago taldea?

Nabari da urduritasuna. Sinetsita gaude zerbait handia egin dezakegula, baina badakigu zailtasun handiko partida izango dela. Lehiatzeko ordua iristea nahi dugu. Kalean ere bada denbora bat nabari dela. Jendea gainean daukagu, eta konfiantza erakusten digute. Jagobak askotan esan du ilusioa ez dela saldu behar. Ilusioa sortu egin behar da, eta hori lortu dugu. Gogo handiz gaude.

Realaren aurkako derbian giro berezia sortu zen 2005ean Kopako finala jokatu zuten jokalariekin batera, ezta?

Bai, eta gainera malenkonia puntu batekin ikusi nituen jokalari ohiak. Ez zuten zaleen ondotik alde egin nahi, eta orduan ohartu nintzen une horiek aprobetxatu behar ditudala. Urteak betetzen ari gara, eta ez ditut horrelako momentu asko biziko. Biziki estimatzen dut orain, baina uste dut etorkizunean, haietako baten azalean nagoenean, gehiago baloratuko dudala.

Real Madril izango duzue aurrean; talde beldurgarria da, eta, batez ere, finaletan. Non egongo da gakoa?

Esperientzia kontuan hartuta, seguruenik Real Madril da final bat jokatzeko talde aproposena mundu osoan. Era guztietako uneak ezagutu dituzte, eta horrek esperientzia ematen du. Guk uste dugu partida luzea izango dela; defentsa aldetik ondo aritu beharko dugu, eta garrantzitsua izango da golik ez jasotzea. Futbolean milaka egoera gertatzen dira, eta ikusi beharko da nola joango den partida. Orain, baloia oinetan daukagunean talde hobea gara, eta Real Madrilek baloiarekin jokatzen uzten dizu. Horrela etor daitezke gure aukerak.

Zuen artean, ordea, oso gutxik jokatu dute finalen bat. Esperientzia falta horren beldur zarete?

Bai, hala da. Oso gutxik jokatu dute finalen bat. Baina finalerdiak ere oso jokalari gutxik jokatu zituzten, eta begira non gauden orain! Prest gaude, bai fisikoki, bai psikologikoki. Saiatuko gara une oro partidan kontzentratuak egoten; hori lortuz gero, ustedut edozer gauza gerta daitekeela. Saiatu, behintzat, saiatukogara.

Hilabete pasatu da San Mameseko finalerdietako itzuliko partidatik, eta finala iritsi bitarte ligan aritu izan zarete. Nola egin duzue finala ahaztu eta egunerokoan zentratzeko?

Zaila izan da. Denek izan dugu subkontzientean finala, baina profesionalak gara. Entrenamenduetan edo partidetan ez dut uste finalean pentsatzen hasteko aukera ere izaten dugunik, baina behin kanpoan zaudenean, lagun artean edo familia giroan, finala da mintzagai nagusia. Baina uste dut hori ona dela, finalerako prestatzen baitzaitu. Uste dut denek nabaritu dugula tentsio hori, baina partida guztietan gure onena eman dugu. Hori da Osasuna honen giltza: partida guztietan dena ematea.

Nolakoa izaten ari da sasoia zuretzat?

Azken urteetan baino gutxiago jokatu dut, baina nire rola onartzen jakin dut, eta oso pozik nago egin dudan lanarekin. Gazteagoa nintzenean, Levanten antzeko zerbait bizi izan nuen, eta orduan baino prestatuago nago horretarako. Aste barruan beti bezala egin dut lan, eta zelaian egoteko aukera izan dudanetan ondo aritu izan naiz. Gehiago joka nezakeen, baina entrenatzailearen erabakiak dira horiek, eta pozik nago nire jarrerarekin. Cadizen 0-1 irabazi genuen, eta gola sartzeak konfiantza eman dit finalari begira.

Arrasateren eskutik iritsi zinen Iruñera, eta elkarrekin jarraitzen duzue. Zer da zuretzat Arrasate?

Oso garrantzitsua izan da nire kirol ibilbidean. Egonkortasuna eman dit zelaian, eta asko ikasi dut. Jagobarengandik nabarmenduko nukeena jokalariekin daukan harremana da. Niri ez zait ezkortasuna gustatzen, eta entrenatzaile asko oso ezkorrak izaten dira. Ez da Jagobaren kasua. Berak askatasuna ematen digu, eta asko eskertzen dudan zerbait da. Lan taktikotik haratago doan zerbait da.

Osasunara iritsi zinenean, esan zenuen Lehen Mailan gelditzeko «gehiago behartu» zenezakeela zeure burua, baina «jokatzeari eta zoriontsu izateari» ematen zeniola garrantzia. Zer diozu bost urte geroago?

Asmatu egin nuen erabakiarekin, zalantzarik gabe. Askotan hitz egin dut aitarekin horretaz. Gogorra izan zen erabakia hartzea, oso gustura aritu bainintzen Sporting Gijonen, eta Levantera itzultzeko aukera ere baneukan. Lehen Mailan ordezko izatea edo Bigarren Mailan erronka berri bati aurre egitea: horixe zen nire zalantza, eta anbizio handia erakutsi nuen. Oso pozik nago orduan hartutako erabakiarekin... Zer esango dizut final bat jokatu baino hiru egun lehenago!

Jokalari garrantzitsuak falta dira aldagelan: Oier Sanjurjo, Roberto Torres, Iñigo Perez... Haiek joan zirenetik garrantzi handiagoa daukazu?

Horiek denek jokalari hobeak egin gaituzte gaur egun Osasunako jokalari garen guztiak. Transmititu dizkiguten balioak oso garrantzitsuak dira, eta orain, gure lana da gazteenekin gauza bera egitea. Taxoaren lan bikaina egiten da. Guk hezkuntza horretan lagundu behar dugu, eta bai, uste dut alde horretatik orain ardura handiagoa daukadala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.