Julen Alberdi, 'Txikia IV.a'. Aizkolaria

«Etxean egindako lana plazan erakutsiz gero, gustura nintzateke»

Urrezko Aizkolarien Kopako finala jokatuko du gaur Julen Alberdik, Mikel Larrañagarekin eta Eneko Otañorekin batera. Lehia «estua» espero du, baina bere onena emateko prest dago azkoitiarra.

Jon Ander De la Hoz.
2019ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Izugarri lan ona egin du aurten Julen Alberdi Txikia IV.ak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1991). Aurrerako urrats garrantzitsua egin du aizkolari azkoitiarrak: Gipuzkoako txapelketa lehen aldiz irabazi, eta Euskal Herriko final batean izandako estreinaldian hirugarren geratu da. Horrez gain, 2019. urtean jokatu dituen txapelketa guztietako finaletan izan da. Gaur jokatuko du azkena, Asteasun (Gipuzkoa), 17:00etan hasita. Urrezko Aizkolarien Kopako txapela eskuratzen saiatuko da, Mikel Larrañagari eta Eneko Otañori aurrea hartuta.

Ordu gutxi barru jokatuko duzue Urrezko Aizkolarien Kopako finala. Nola zaude?

Ondo. Fisikoki ondo aurkitzen naiz, eta indarrez ere bai. Euskal Herriko txapelketaren ondoren, atseden aste batzuk hartu nituen, eta uste dut horrek mesede egin didala.

Final honi begira, nola prestatu zara?

Beti bezala. Lana luze samarra dela kontuan hartuta, entrenamendu luzeak egin ditut. Gero, denetik: fisikoa, atseden hartu... Egun hauetan ere saiatu naiz jatekoarekin-eta ahalik gehien zaintzen.

Hiru aizkolari, eta txapel bakarra jokoan. Zer-nolako lehia espero duzu Asteasun?

Lehia oso gogorra. Azken bi urteetako txapelduna Mikel Larrañaga da, eta aurten faborito nagusia ere hura da. Besteok ahal dugun neurrian aurre egiten saiatu beharko dugu; hasiera-hasieratik oso gogorra izango den lehia bat espero dut.

Hamasei kanaerdikoko lana izango duzue. Kirolaria estutzeko moduko saioa da hori.

Bai. Lan luzea da; ez Euskal Herriko txapelketakoa bezain luzea, baina Gipuzkoakoa baino luzeagoa bai. Denbora aldetik ere oso luzea da, eta ondo prestatuta egon behar da. Indartsu hasi eta amaitu arte ondo iristeko, prestatuta egon behar da.

Zeintzuk izango dira finaleko gakoak?

Uste dut Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga oso indartsu hasten diren bi aizkolari direla. Nik gehiago jasotzen dut hasieran, eta bukaeran gehiago eman; baina ikusita egur txikiak direla, eta hasieratik alde handiak egonez gero zaila dela horri buelta ematea, oso indartsu ateratzea izango da gako nagusia, betiere bururik galdu gabe eta amaierarako indar pixka bat gordeta, ahal den neurrian.

Kontuan hartuta urte hau oso ona izan duzula, askok diote Mikel Larrañaga faboritoari norbaitek aurrea hartzekotan zuk hartuko diozula. Ados zaude?

Tira, txapelketaren batean, eta Gipuzkoako txapelketan, Mikel Larrañagaren aurretik egitea lortu nuen, eta egun ona baldin badut, eta nirea ondo egiten badut, lanak emateko aukerak ditudala. Horretarako, gauzak oso ondo egin behar dira, eta Mikel Larrañagari ezin zaio inolako oparirik egin; bestela, ordaindu egiten da. Gauzak oso ondo egin beharko dira hari aurrea hartzeko.

Aurkari indartsua da Larrañaga; gora begira dago aspaldian.

Bai, azken urteetan asko ari da gora egiten. Esan bezala, hasieratik gogor irteten da, eta ez du amaierara arte etsitzen. Hari aurre egiteko oso ondo egon behar da fisikoki, baina baita buruz ere. Ziur une txarrak pasatuko ditugula, hasteko, hari aurre hartzeko, eta hori mantentzeko gero.

Eneko Otañok ere erakutsi du sasoiko dagoela...

Eneko ere beste horrenbeste. Badaki asko sufritzen, eta ez du sekula etsitzen. Horren adibide garbia da Euskal Herriko finala; ni bezalaxe, [Iñaki] Azurmendiren atzetik zihoan, eta bukaeran estutu beharraren estutu beharrez Azurmendi aurreratu eta nigandik segundo bakarrera geratu zen. Oso borroka gogorra izan genuen, eta uste dut txapelketa honetan ere hala izango dela eta gogotik jo beharko dugula haren aurretik amaitzeko.

Nolako lana eginda geratuko zinateke gustura?

Etxean egindako lana plazan egiteko gai izanez gero, gustura geratuko nintzateke. Zalantzarik gabe, txapelarekin nintzateke gusturena, baina txapelik gabe geratzekotan, hori eskatuko nuke: nire lanak eginda izatea, eta beste aizkolariei lanak emanda.

Aurten aurrerako urrats nabarmena egin duzu. Gustura geratu zara?

Bai. Nik uste hasieran galdetuz gero ez nuela asmatuko gerora izan ditudan emaitzak esaten. Orain artean final guztietan sartu naiz: Urrezko Aizkorako binakakoan eta banakakoan, Gipuzkoako txapela lortu dut, eta Urrezko Aizkolarien Txapeldunen ligan eta Euskal Herrikoan izan naiz, hirugarren geratuta. Aurten final guztiak jokatu ditut, eta uste dut beti ibili naizela lehian. Sina daiteke hori egitea datorren urtera begira ere.

Euskal Herriko txapelketa aipatu duzu. Egun hartan, oso lehia estua izan zenuen, eta azken minutuetan gaitasun fisiko handia erakutsi. Hori da zure indargunea?

Gipuzkoako txapelketan eta Euskal Herrikoan, bukaerako herioan lortu ditut emaitza on horiek. Agian, horrenbestetan erakutsi ez dudan moduan. Uste dut horrek erakutsi didala hurrengo txapelketetarako: lehenik eta behin, fisikoki gai naizela erakusteko, eta, bestalde, ez etsitzeko, psikologikoki borrokan segitzeko. Alde horretatik, uste dut [gaur] nire aukerak izango ditudala amaiera aldera beste aurkariekin batera iristen baldin banaiz.

Inoizko Julen Alberdirik onena ikusten ari al gara?

Orain arteko Julen Alberdirik onena bai, esango nuke. Orain arte, etxean entrenamenduetan ondo aurkitzen nintzen, baina gero, urduritasunarengatik edo, ez nuen plazan gozatzen, eta emaitzek ez zidaten laguntzen. Ez nenbilen oso gustura; aurten plazan gozatzen ikasi dut, presioa etxean uzten, eta, konturatu gabe, goiko puntakoekin ari naiz borrokan.

Orduan, oraindik ere hobetzeko tartea baduzula iruditzen zaizu?

Nik esperantza badut. Lehenik eta behin, sentipenak eta nire gaitasun fisikoa hobetzeko, eta horrek berekin ekar dezakeenerako: postuak oraindik eta gehiago hobetzeko aukera izateko. Baina tira: alde horretatik ez dut presarik; orain artean bezala lanean segitu nahi dut. Berdin saiatuko naiz, eta, ahal badin badut, gehiago. Emaitza ahal den neurrian mantendu edo hobetzen saiatuko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.