Ana Tejada. Realeko jokalaria

«Real Madrilen aurka sentipenak eta emaitza izan ziren mingarriak»

Aurreko ostiralean 7-1 galdu ostean, Tejadak onartu du asteburua «gogorra» izan zela. Baina astelehenetik «ilusioz eta gogoz» ari direla biharko Sevillaren aurkako norgehiagoka prestatzen (16:00, DAZN)

ainara arratibel gascon
Zubieta
2023ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
21 urte baino ez ditu Ana Tejada Realeko jokalariak (Logroño, 2002), Baina jada bosgarren denboraldia du Donostian, eta talde txuri-urdinaren kapitain besokoa ere jantzi du denboraldi honetan. «Oso gustura nago hemen, etxean bezala. Beteranoetako bat naiz, eta ardurei begira hori erakutsi behar dut,bai zelaian, baita zelaitik kanpo ere», dio Z7 zelaiko harmailetan eserita.

Nola joan da astea Real Madrilen aurka 7-1 galdu ostean?

Porrot mingarria izan zen. Ez emaitzarengatik bakarrik, baita izan genituen sentipenengatik ere. Partida ondorena, larunbata eta igandea gogorrak izan ziren. Zorionez, etxekoekin egoteko aukera izan nuen, eta horrek beti laguntzen du, niri bai behintzat. Astelehenean elkartu ginen berriro, eta gertatutakoa aztertu genuen. Elkarrizketa hori inflexio puntu bat izan zen. Uste dut entrenamendu onak egiten ari garela, eta gogoz eta ilusioz gaude larunbatari begira. Gertatutakoaz ikasi, akatsak zuzendu eta aurrera egin behar dugu.

Zer hausnarketa egin duzue gertatu zenaz?

Gu uste osoarekin irten ginen zelaira, genuen planean sinetsita. Gure ohiko jokoa egin nahi genuen: goian presio egin, eta ausart jokatu. Baina argi dagogauzak ez zitzaizkigula aurreikusi bezala atera. Haiek fisikoki oso bizkorrak eta indartsuak dira, eta horrek min handia egin zigun.Baloia galdu, eta kontraerasoan min handia egin ziguten bizkarrera. Asko sufritu genuen arlo horretan. Gainera, ez genuen baloi jabetza izan, eta, hain zuzen ere, jabetza hori da gure oinarria.

Ikusi duzu partida?

Normalean beti ikusten ditut, baina kasu honetan zalantza izan nuen. Azkenean ikusi nuen, halako porrotetatik ikasten baita gehien.

Arlo psikologikoa are garrantzitsuagoa izan da aste honetan?

Beti da garrantzitsua, bai bakarka zein taldean. Baina ostiralekoa bezalako porrot baten ostean are gehiago. Izan ere, frustrazioa eta amorrua sortzen dute halako porrotek. Hori kudeatzen laguntzen digu, eta datorren horretan arretajartzen, betiere, aipatu bezala, gertatutakoz ikasiz. Etxean oso sendo ari gara, baina etxetik urrun aurrerapauso bat eman behar dugu, bestela goiko postuak asko aldenduko zaizkigu, eta ez dugu halakorik nahi. Argi dago lehen lau sailkatuak koska bat gorago daudela. Baina guk estutu egin nahi dugu.

Bihar Sevillaren aurka jokatuko duzue. Zuen antzera, beharbada, sailkapenean espero baino beherago dagoen taldea da. Zer itxura hartzen diozu neurketari?

Esan bezala, etxean sendo gaude. Aurreko denboraldian baino sentipen hobeak ditugu, eta gutxiago ari zaigu kostatzen partidak aurrera ateratzea. Horri eutsi behar diogu. Denboraldiko berririk onenetako bat da. Sevillari dagokionez, zuk aipatu bezala espero baino beherago dago. Jokalari onak fitxatu zituen udan, tartean hemen aritu ziren Gemma (Gili) eta Lucia (Rodriguez). Gainera, aurrean oso jokalari onak ditu: Martin Prieto, Imma Gabarro... Ni ezustean hartu nauten hainbat emaitza izan ditu. Baina ideiak oso argi dituen taldea da, eta batez ere joan-etorrian oso talde arriskutsua da, aurreko sasoian ikusi genuen [Realak 0-3 galdu zuen]. Atal horretan hobetzen ari gara, baina adi egon beharko dugu. Bi areatan eraginkorrak eta sendoak izan beharko dugu garaipena lortzeko.

Bakarkako lana aztertuta, denboraldi hasiera honetako taldeko jokalaririk onenetakoa izaten ari zara. Aurreko sasoi hasieran ez bezala, asko ari zara jokatzen. Gustura zaudela ikusten da.

Pena izan zen Levanteren aurka min hartu nuela sorbaldan, eta partida batzuetan ezin izan nuela jokatu. Baina, oro har, oso gustura nago, eta uste dut ondo ari naizela. Zelaian helduago sentitzen naiz, batez ere erabakiak hartzeko garaian. Entrenatzaile multzoak asko lagundu dit horretan. Fisikoki ere aurrerapauso bat eman dut, giharrak indartsuago ditut, eta horrek partidei hobeto eusten laguntzen dit. Hori funtsezkoa da, egungo futbolean fisikoak gero eta garrantzia gehiago baitu. Baina horrekin ez naiz konformatzen. Teknikariei beti esaten diet indartsuagoa naizela baloiarekin, baloirik gabe baino. Horretan hobetu nahiko nuke, baloirik gabe izan behar den inteligentzian.

Partidaren batean kapitainaren besokoa jantzi duzu. Hori ere bultzada bat izango zen, ezta?

Dudarik gabe. Ohore eta ardura bat da Realaren besokoa eramatea. 21 urte besterik ez ditut, baina jada bost urte daramatzat hemen, eta beteranoetako bat naiz. Ardurei begira hori erakutsi behar dut zelaian eta zelaitik kanpo. Kontratu berritzeak lasaitasun handia eman dit, eta bi urte hauetan nire onena eman nahi dut. Hemen etxean bezala nago. Familia Logroñon bizi da, eta aukera dute bi astean behin etortzeko ni ikustera; Donostia ederra da, eta Zubietan oso ondo zaintzen gaituzte.

Erdiko atzelari postuan jokatzeko lehia estua duzue Manu Vanegasek, Ane Etxezarretak, Nahia Apariciok eta zuk. Ezin lorik hartu, ezta?

Natural-natural bizi dugu lehia hori, hobeak egiten baikaitu. Asko ikasten dugu elkarrengandik. Manurengadik ez duela sekula etsitzen nabarmenduko nuke. Beti dago bere burua animatzen, baita taldekideak ere. Anek beti ematen du dena partida eta entrenamendu bakoitzean. Haren elastikoa eta galtzak begiratuta ikusten da bere ahalegina. Beti amaitzen du oso zikinduta. Nahia, berriz, ez dirudi lehen taldera igo berri denik. Lehia bakoitzean dena ematen du. Etorkizun handia du, eta uste dut hobetzen gehien laguntzen diguna dela. Gainera, Zubietako harrobian egiten ari den lan onaren isla da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.