Lander Garro. 'Euskalonski' saioko gidoilaria eta zuzendaria

«'Euskalonski' bultzada ederra da euskaldunon autoestimuarentzat»

Gaur itzuliko da ETB1era 'Euskalonski' saioa. Munduko hiriak, haietan bizi diren euskaldunak eta euskaldundutako bertakoak ezagutzeko aukera ematen du lanak. Astearteetan emango dituzte atalak, 22:20an.

BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Lander Garro (Errenteria, Gipuzkoa, 1975) ETB1eko Euskalonski saioko gidoilaria eta zuzendaria da.

Ibilbide gorabeheratsua izan du Euskalonski saioak: ETBk 2018ko irailean estreinatu zuen bigarren denboraldia, baina bertan behera utzi zuen azken atal sorta. Onerako izan da etenaldia?

Telebistako programazioaren gorabeherak halakoak dira. Bigarren denboraldia hasteko presio handia izan genuen, eta oso denbora gutxi. Saioak asko eskatzen du ekoizpen aldetik. Denboraldia hasi orduko eskatu genion ETBko zuzendaritzari atzeratzeko. ETBn zalantza handiak zituzten, ordea. Baina El Conquis hasi zen orduan, eta ikusi zuten horrek itzal handia egiten ziola Euskalonski-ri. Amore eman zuten azkenean.

Zergatik da horren zaila Euskalonski grabatzea?

Atzerrian euskaraz egiten duen jendea aurkitu behar delako, batetik. Eta, bestetik, zaila egiten da egutegia adostea, oso tarte motzean grabatu behar delako. Pena handia hartzen genuen pertsonaiaren bat kanpoan utzi behar izaten genuenean epearen kontuarengatik. Atzeratu izanak arnasa hartzeko aukera eman digu, baina, halere, denboraldi hau ere itogarria izan da. Hiri bakoitzean bost bat egun pasatu ditugu. Elkarrizketak egiten ez ditugunean, badaezpadako irudiak grabatzen aritu gara. Paseatzeko astirik ez dugu eduki.

Besteak beste Sydneyn, Mexiko Hirian eta Helsinkin bizi diren euskaldunekin egon zarete. Zer lekuk eta nongo euskaldunek harritu zaituzte gehien?

Niretzat harrigarrienak beti lekurik txiroenak dira, antolaketa aldetik horren Mendebaldekoak ez direnak. Mexiko Hiria izan da gehien gustatu zaidana, eta Txileko Santiago zein Valparaiso. Leku horietan badago hiri bat ordena batekin, egitura batekin eta logika batekin, eta gero, horien gainean, arrakaletan ateratzen da bizitza. Edozein kale bazterretan topatzen duzu ordenari gailentzen zaion bizitza: jendea musika egiten, jana saltzen... Euskaldunak bereziki ongi moldatzen dira halakoetara. Badaukagu bidaiatzeko espiritua, eta besteenganako errespetua oso barneratua. Hemen hainbeste komunitate bizi izan dira hamarkadetan,eta elkarbizitza horrek asko irakatsi digu. Euskaldunak ondo integratzen dira atzerrian, tokian tokiko hizkuntza ikasten dute. Sentsibilitate berezia dugu bestea ulertzeko.

Oso ezberdinak izango dira Mexikoko eta Finlandiako atalak, ezta?

Lekuak pertsonaiei oso lotuta egon dira beti guretzat, eta gauza harrigarriak topatu ditugu guztietan. Euskaldundutako finlandiar batek kontatu zigun Txillardegi 1950eko hamarkadan han egon zela berarekin, euskara batuaren oinarriak jartzeko lanean. Suomiera normaltzeko lana guk baino pixka bat lehentxeago hasi zuten han, eta hara joan ziren Txillardegi eta lagunak galdetzera nola jartzen den martxan hizkuntza batu bat. Euskara batuan elkarrizketatu genuen finlandiarra. Bikain egiten zuen, eta konturatu egin ginen erabiltzen ari ginen hizkuntza pertsona horri zor geniola neurri batean.

Nola lantzen duzu naturaltasunaren eta gidoiaren arteko oreka saioan?

Gidoiak prestatuta eraman genituen, baina gero han moldatu egiten nituen egunero, toki bakoitzak emaniko ideiekin. Pertsonaiengana heltzean, bat-batean aritu izan gara. Inprobisatzea gakoa izan da. Pello Reparazek asko lagundu du horretan, oso erraz mugitzen delako jendearen artean. Ez du naturaltasuna galtzen kameraren aurrean; halako jende gutxi dago. Saioak aukera ematen du hirien inguruko bitxikeriak ezagutzeko, baina, batez ere, Euskalonski bultzada ederra da euskaldunon autoestimuarentzat eta gure gizarte kohesioarentzat. Atalez atal ikusteak zenbat hemendik kanpo pertsonak izan duten interesa gure hizkuntzan—batzuetan oso ondo ikasteraino— guri ere balio diezaguke gure inguruan kontra dabiltzan mamu horiei aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.