'Gure kasa' behin betiko amaituko da igandean, saio berezi batekin

Hiru urtean 907 elkarrizketatu igaro dira programatik. Lantaldeak saio berria izango du irailean

Gure kasa programako lantaldea, sustapenerako argazki batean. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Hirugarren denboraldia igandean amaituko du ETB1eko Gure kasa saioak, eta horren ondoren behin betiko amaituko da. Programa berezia izango da, baina ohiko formatua izango du: pertsona ezagunak elkarrizketatuko dituzte. Hala ere, sorpresak ere izango dira. Besteak beste, egindako ibilbideari errepasoa emango diote, Virginia Santosi eta Antton eta Julen Telleriari sorpresak emango dizkiete... «Oso saio polita izango da», azaldu du Zaloa Mendez programako zuzendariak. Elkarrizketatuak nor izango diren aurreratu du: Mikel Markez musikaria, Sebastian Lizaso bertsolaria, Ilaski Serrano aurkezlea eta Ainhoa Goikoetxea kazetaria.

Urte gorabeheratsua izan da programarentzat. Denboraldiaren hasieran, aste barruan egunero ematen zuten saioa, prime time-an; konfinamenduan, astean behin etxetik grabatutako programa bihurtu zen, Gure kasatik zure kasara izenarekin; eta, azken fasean, platora itzuli dira, baina ez eguneroko saiora. Alegia, denboraldi berean hiru programa mota ezberdin egitea bezala izan dela azaldu duMendezek. Ohiko ordua ere aldatu diote, eta azken boladan audientzia datuek ez dutesobera lagundu. «Katea gustura zegoen programarekin, baina azkenean saioa amaitzea erabaki dute».

Gure kasa saioko lantaldeak Gu ta gutarrak ekoiztu zuen aurretik, eta bi programek zeukaten ildoarekin gustura dago EITB. Horregatik, irailetik lantalde horrekin beste programa bat egingo dutela aurreratu du Unai Etxabe Gure kasa-ko zuzendariordeak. Arratsaldetako programa bat egingo dute, magazin formatuan, baina orain arte erabili duten estiloari jarraituz.

Hiru urtez eta egunero

Programak egin duen ibilbidearekin oso gustura daude Gure kasa-ko arduradunak. «Hasieran galdetzen ziguten ea nola lortuko genuen egunero jende ezaguna elkarrizketatzea euskaraz; azkenean lortu dugu erakustea jende interesgarria eraman daitekeela egunero telebistara», esan du Etxabek. Hiru urtean, denetara, 907 pertsona igaro dira programako platotik. Telebista aurkezleak, bertsolariak, idazleak, politikariak, musikariak... Denetariko jendea izan da.

Programaren ikusle taldea 25-45 adin tartean dago, eta horiei euskal hiztun ezagunak gerturatzeko modu bat izan da saioa, Mendezek azaldu duenez. «Gure asmoa izan da telebistan agertzen ez ziren pertsona horiei beste era bateko elkarrizketak egitea, eta erakutsi badutela gogoa ondo pasatzeko, jolasteko edo kantatzeko».

Baina ez hori bakarrik: Gure kasa elkarrizketatuentzako erakusleiho aparta izan dela ere uste du Etxabek. «Aste honetako saioan, Mikel Markezek aipatu du euskal kulturan aritzen diren sortzaileek halako leihoak beharrezkoak dituztela, euren lanak telebistan aurkezteko aukera eman dielako». Hiru urteko ibilbidearen ondoren, ate hori itxiko zaie euskal sortzaileei, baina bestelakorik iritsiko dela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.