Iñigo Marotias. Ordiziaren entrenatzailea

«Taldeak eta klubak txapela kentzeko moduko lana egin dute»

Bartzelonaren aurka ligako final-laurdenak galdu ostean amaitu da denboraldia Ordiziarentzat. Iñigo Marotiasek uste du azken porrot horretatik ikasitakoa baliagarria izango zaiela etorkizunerako.

BERRIA.
Iñaki Berastegi.
2021eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Pandemiaren eraginez, denboraldia «oso gogorra» izan da Iñigo Marotias Ordiziako entrenatzailearentzat (Ordizia, Gipuzkoa, 1986). Sasoia zapore «gaziarekin» amaituduten arren, denborarekin egindakoari balioa emango diotela uste du. COVID-19ak eragindako osasun egoera kontuan hartuta, «zorioneko» sentitu dira errugbian jokatzeko aukera izan dutelako.

Asteburuan Bartzelonaren aurka galdu eta gero, agur esan diozue liga irabazteko ametsari. Ezustekoa izan da?

Bagenekien oso arerio indartsua zela, galdu egin genuelako elkarren aurka jokatu genuen liga erregularreko azken neurketan, etxetik kanpo. Baina, bai, guk pentsatzen genuen gorago amaitzeko aukera izango genuela. Aurrez, Altamiran, etxeko partida guztiak irabazi genituen.

Zer hausnarketa egiten duzu partidaz?

Oso lehia borrokatua eta parekatua izan zela uste dut. Lehenengo zati ona jokatu arren, egia da izandako nagusitasuna ez genuela markagailura eraman. Bigarren zatiko momentu erabakigarri batzuetan kale egin genuen. Amaieran markagailuari buelta emateko zorian izan ginen, baina ez genuen lortu.

Beraz, zapore txarrarekin amaitu duzue denboraldia?

Zapore gaziarekin amaitu dugu sasoia, bai. Partida amaitutakoan oso triste geunden, baina uste dut denborarekin baloratuko dugula denboraldi honetan egin duguna. Pena da, egoera eta baldintza oso zail batzuetan taldeak lan ezin hobea eta sekulako sakrifizioa egin duelako.

Denboraldia, orokorrean, nola baloratuko zenuke?

Bizi dugun egoerak baldintzatutako denboraldia izan da. Jarrera eta lan aldetik, taldeak eta klubak txapela kentzeko moduko lana egin dute. Duela hamahiru hilabete hasi ginen denboraldia prestatzen, ziurgabetasun handiarekin, eta gorabehera handiak izan ditugu. Esaterako, hiru aldiz egokitu zaigu aste guztiko lana egin eta asteburuko partida atzeratzea.

Ligan bezalaxe, Espainiako Kopan ere ez zenuten finalerdietara sailkatzea lortu. Bi txapelketa horietan zerbait gehiago egin zenezaketela iruditzen zaizue?

Ziur baten bati hori iruditzen zaiola, demostratu dugulako onenei irabazteko gai garela. Sailkapenaren goiko talde guztiei irabazi diegu, baina egun seinalatuetan, kanporaketa batean, zure mailarik onena ematen ez baduzu, etxera zoaz.

Titulu bat irabazteko ilusioa dago klubean. Baina obsesioa da?

Jokalariekin bildu ginenean eurengandik atera zen helburu hori. Jomuga hori daukagu, denei gustatuko litzaiguke titulu bat irabaztea, baina oso zaila da. Harrobiko jokalariei euren tokia emanez eta borrokatuz, modu horretan titulu bat irabazteko gai izango garela pentsatzen dugu. Obsesio bat izango balitz, agian, beste bide bat hartuko genuke, baina klubean ez gaude horretarako prest.

Zer falta zaizue garaikur bat lortzeko?

Ez dut uste ezer falta zaigunik. Denboraldi honetan izan dugun taldearekin, uste dut maila bagenuela borroka horretan egoteko. Ez dut uste koxka bat azpitik gaudenik. Ikasten jarraitu behar dugu. Une garrantzitsuak heltzen direnean, lasaitasun handiagoarekin jokatu, eta erabaki hobeak hartzen ikasi behar dugu. Ligako maila oso altua da, eta detailerik txikiena ere zaindu behar da. Formatu berriarekin bigarren itzulia oso gogorra izan da, lehiakortasun handikoa. Partidak oso berdinduak izan dira, eta akats txikienak eragin dezake galtzea.

Ziurgabetasun handiko denboraldia izan dela diozu. Nola bizi izan duzu zuk entrenatzaile gisa?

Oso gogorra izan da. Kirol zuzendariari esan nion pena bat zela liga horrela amaitzea, baina, aldi berean, niretzat liberazio bat ere bazela. Ez gara profesionalak, bakoitzak bere lana edo ikasketak ditu, eta horrek ziurgabetasuna biderkatu egiten du. Astero testen emaitzen zain egotea, bidaietako detailerik txikiena ere aurreikustea positibo bat atzemanez gero postu bereko bi jokalari ez galtzeko... Oso gogorra. Hala ere, zorioneko sentitu gara, itxialdi perimetrala indarrean zegoenean eta gure aisia erabat mugatuta zegoenean, gu entrenatzen eta lehiatzen aritu garelako, gustuko dugun zerbait egiten.

Hasi zarete hurrengo denboraldia prestatzen? Jarraitzeko asmoa duzu?

Kirol zuzendaritza duela hilabete batzuk hasi zen lanean, bai. Nik zuzendaritzari eskatu nion kanporaketetan buru-belarri jarrita egon nahi nuela, nire onena ematea eskatzen zuelako denboraldi amaiera honek. Uste dut, orain, atseden hartzeko aste batzuk merezi ditudala. Horren ostean, bai, pentsatzen dut jarraituko dudala, eta indarrez egongo garela berriz ere lanean hasteko denboraldi berriari begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.