Albistea entzun

Christophe Betbeder, 'Ttitto'. ILFSNko ordezkari nagusia

«Transmisioa landu ezean, lanjerra bada»

ILFSNko ordezkari nagusi berria da Betbeder. Euskal Irratietako koordinatzaile ohiak transmisioa du xede, irrati libreak bermatzeko.
BOB EDME / BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2022ko irailak 24

Christophe Betbeder, Ttitto (Donamartiri, Nafarroa Beherea, 1977) Irrati Libreen Frantziako Sindikatu Nazionaleko (ILFSN) ordezkari nagusi berria da. Euskal irratietan 11 urtez aritu da koordinatzaile nagusi gisa. Azpimarratu du Frantziako legediari esker estatuko irrati libreak Europako gainerako herrialdeetan baino baldintza hobeetan ari direla. Hots, ongi daramatela libre izenondoa. Ez dio erronka ttipia eman bere buruari, «transmisioan» nahi baitu eragin.

Goresmenak?

Hartuko ditut! Aspaldian nintzen sindikatuko kide administrari gisa, bada funtzio aldaketa bat, nonbait. Naturalki hartu dut.

ILFSNko ordezkari nagusi izateko xerka joan zaizkizu, edo zu zara bila joan?

Ene bila jin dira, bai. Sindikatua irrati libreen ordezkaria da, 700 irrati elkarte dira Frantziako Estatuan, haietatik 400 bat sindikatuko kide. Profil politiko jakin bat zuen norbaiten xerka hasi ziren, sindikatuaren helburua betetzeko. Alde batetik, instituzioekiko lan politikoa egiteko, eta, aldi berean, irratien kezka konkretuei erantzuteko: diru laguntzak nola hobetu eta abar.

Zer interes ukan lezake euskal irrati libre batek ILFSNn parte hartzeko?

Frantziako Estatutik kanpo, ez da Europa osoan beste estaturik zeinetan irrati libreek hain estatus berezia duten: horri esker, badituzte diru laguntza bereziak, Kultur ministeriotik heldu zaizkionak. Legedi hori zaintzean datza sindikatuaren interesa. Horren truke, tokiko informazioa eman behar dute.

Ororen buru, irrati libreak ezagutuak dira Frantziako Estatuan. Euskal Irratiak hastapenetik dira sindikatuko kide, Luzien Etxezaharreta, adibidez. Bestalde, interesgarria da gu bezalako irratien ezagutzea, bretoieraz ari diren irratiak-eta, partekatzeko kezka komunak. Demagun, badugu arrangura bera formakuntzaren inguruan: euskal hedabideetan, nola atzeman euskaraz ari diren eta lurraldea ongi ezagutzen duten kazetariak? Bretainian arrangura berak dituzte.

Irrati libre bat hobeki bizi da Frantziako Estatuan Europako bertzeren batean baino?

Bai. Europako irrati libreen kopururik handiena dauka Frantziak. Estatutu bereziari esker irrati ttipi asko bizi da. Erran behar da frekuentzien erabilpena urririk dela, beste hainbat herrialdetan ez bezala. Kasurako, ezin da zernahi erran zuzenean, baina adierazpen askatasuna bermatua da.

Irratiak zinez libre dira, beraz?

Bai. Berezitasun horri usu miresmenez so egiten diote.

Zertan da Euskal Herria irrati libreei dagokionez?

Ipar Euskal Herrian hamahiru daude, eremu hain ttipian zinez anitz da. Haietarik bost Euskal Irratiak dira: Gure Irratia, Irulegiko Irratia, Xiberoko Botza, Amikuzeko Irratia eta Antxeta Irratia. Euskal Herriko irrati libreak biltzen ditu Arrosa sareak, eta hogeita hamar bat irrati daude. Aldiz, ez dakit Euskal Herriko irrati libre guziak barne ote diren.

Osotasunean pentsatu, baina tokian tokian eragitea da zure leloa. Ordezkari nagusi gisa zer berri ekarri nahi diozu ILFSNri?

Erronka handi batek nau akuilatu: transmisioak. Mitterandek ezarri zuen legeaz geroztik sortu ziren irrati libreetan oraindik sortzaileek segitzen dute. Kar handiz ari dira, baina 60-65 urte dute batez beste. Ni bezala sartzen diren kide berriak ez dira laguntzaileak, baizik eta teknikariak edo zuzendariak. Historiko horiek baitituzte zailtasunak uzteko edo berriak atzemateko. Jakin behar da frekuentzia bat hesten bada irrati nagusi komertzialek arrantzatzen dituztela, adibidez NRJ bezalako talde handiek. Geroz eta talde handiagoak egin nahi dituzte, TF1 eta M6 batu nahi izan dituzten bezala, estakuru gisa hartuz konkurrentzia egitea GAFA egiturei. Beraz, transmisioa landu ezean, lanjerra bada ahots bereziak galtze- ko, 2.000-3.000 entzulerendako ari den Amikuzeko Irratia, adibidez.

Transmisio lanjer hori badute ere Euskal Irratiek?

Ez hainbeste. Egia da hemengoa berezia dela, bizi gehiago baita hemen. Euskalgintzako dinamikari lotua da. Jendea sarrarazteko zailtasunak egon daitezke, baina ez da berdin, jende berria sartzen da, baina nork daki geroan.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Patxi Angulo. ©Gorka Rubio, Foku

«Badauzkat 5.000 urte dauzkaten jokoak»

Unai Zubeldia, Gipuzkoako Hitza

Irakaslea da ofizioz Patxi Angulo, baina munduko joko klasikoak biltzea du afizio. Londresera egindako bidaia batean hasi zen ideia gorpuzten, eta Jokoenea, munduko jokoen museoa sortu zuen 2018an. Bost urte bete ditu.

Iruñeko San Fermin Txikiko umeak, gozokien esperoan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Bestak kalea berenganatuz

Itsaso Jauregi

Udalbatza txikiak txupinazoa botata hasi dira Iruñeko San Fermin Txiki bestak. Jendetza bildu da Alde Zaharreko kaleetan, eta gazteenak gozokien bila aritu dira.
Aitor Etxeandia Otalarreako teknikaria, sagastiko sagarrak eskuetan dituela. ©GORKA RUBIO / FOKU

Sagarrak badu garrantzia

Amaia Jimenez Larrea

Villabonako Otalarrea sagasti esperimentalean sagargileentzako baliagarriak izan daitezkeen tekniken eta elementuen inguruan ikertzen dute. Gainera, Euskal Herriko ia sagar mota guztien sagarrondoak dituzte, haien bilduma bat egiten ari baitira.

Salda da <em>ramen</em> zoparen lehengai garrantzitsuena, eta askotarikoa izan daiteke. ©CC0

Ramen: zapore eta tradizio zopa

Unai Etxenausia

Japoniako plater tradizionaletako bat da 'ramen' zopa, eta mundura zabaldu da. Txinako sukaldaritzatik heredatu, eta moldatu egin zuten, duela ehun urte inguru.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...