Kantxa faktorea berreskuratzeko lehen aukera baliatu nahi du

Baskoniak ACBko finalerdietako hirugarren norgehiagoka jokatuko du gaur Valentzian. Gutxienez neurketa bat irabazi behar du han

Baskoniako Larkin Valentziako Diot zaintzen, herenegungo partidan. DAVID AGUILAR / EFE.
ainara arratibel gascon
2017ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Astearteko porrotaz damutzeko (82-83 ) adina denbora izan du Baskoniak herenegungo garaipenaz gozatzeko (90-70): egun bakar bat. Halakoxeak dira ACB Ligako kanporaketak. Atseden hartzeko ia denborarik gabe, gaur berriro ere neurtuko dituzte indarrak Valentziaren aurka, ACB ligako finalerdietako hirugarren neurketan. Oraingo honetan, ordea, Fonteta pabiloian izango da, 19:00etan. Sito Alonsoren taldeak helburu argi batekin ekingo dio norgehiagokari: irabazi, eta kantxa faktorea berreskuratzea.

Gasteiztarrek neurketa bat irabazi behar dute gutxienez Valentzian: gaurkoa edo astelehenekoa. Hobe, beraz, etxeko lanak lehenbailehen egitea. Hori lortuta, bermatua izango lukete beharrezkoa balitz bosgarren partida bat jokatzea. Buesa Arenan jokatuko litzateke, gainera. Biak irabaziz, gero finalera sailkatuko lirateke; galduz gero, berriz, akabo denboraldia Gasteizko taldearentzat.

Valentziak, haatik, asteartean Buesa Arenan lortutako garaipenari etekina atera nahi dio, eta etxeko bi neurketak irabazita ACB ligako finalerako sailkatu. Etxean talde sendoa da Pedro Martinezek gidatutakoa, gutxitan huts egiten duen horietakoa. Hala erakutsi dute sasoi honetako datuek. Liga eta Eurokopa aintzat hartuta, 31 neurketa jokatu ditu etxean, eta lau besterik ez ditu galdu.

Baskoniarentzat, gainera, kantxa gaiztoa da Fonteta. Han jokatu duen azken lau alditan esku hutsik itzuli da Gasteizera. Azken garaipena 2012-2013 sasoian lortu zuen: 75-79. Gainera,denboraldi honetan ez dabil fin etxetik kanpo jokatzen duenean. 32 norgehiagokatatik hamabost galdu ditu. Bestalde, Sito Alonsorenek behin bakarrik irauli du etxean 0-1 galtzen hasi diren kanporaketa bat.

Dena den, baikor izateko datuak ere badituzte. Izan ere, orain arteko bi partidetan, 80 minututatik ia 60 egin dituzte markagailuan aurretik. Lehen neurketan, ez zuten partida osoan egindako lana biribiltzen jakin, eta azken minutuak ez zituzten behar bezala kudeatu. Herenegun, ordea, erakutsi zuten zertarako gai den. Lehen partidan ez bezala, kontrolpean izan zuten neurketa, eta erreboteari eta defentsako lan on bati esker garaipen erosoa lortu zuten. Hangak—18 puntu sartu zituen—eta batez ere Ricky Ledok— 24 saskiratu zituen— gidatu zuten taldea. Hegaleko estatubatuarrak bi aste daramatza Gasteizen, eta pixkanaka ari da taldera egokitzen. Saskiratzaile fina dela erakutsi zuen.

Sito Alonsok herenegungo neurketan izan zuten intentsitate bera edukitzeko eskatu die jokalariei. «Gai izan behar dugu 40 minutuetan intentsitate horri eusteko». Baskoniaren entrenatzaileak argi du Valentziak ederki baliatzen dituela aurkariaren okerrak. «Ezin ditugu baloi inozoak galdu, ezta defentsa berandu antolatu ere. Izan ere, ez dute barkatzen, eta saskiratze errazak lortzen dituzte».

Fonteta kantxa zaila dela onartu du. «Oso giro berezia izaten da, presio handikoa kanpoko taldearentzat. Hori kudeatzen jakin behar dugu». Dena den, aldi berean uste dukanporaketa batean etxean jokatzen den lehen partidan beti izaten dela presio gehiago, eta espero du hori baliatu ahal izatea. «Guk nabaritu genuen presio hori lehen neurketako azken lau minutuetan, eta neurri batean horregatik galdu genuela uste dut».

Baskonian min hartuta jarraitzen du Rodrigue Beaubois hegalekoa, eta zalantza da. Gainontzean, talde guztia jokatzeko moduan dago.

Valentzian, berriz, ikusi beharko da Guillem Vives joko antolatzailea nola dagoen. Ezker orkatila bihurritu zuen herenegun norgehiagokan. Ligan ere antzeko lesioa egin zuen Buesa Arenan, eta hainbat neurketa egon zen jokatu gabe. Arriskatzeko moduan dagoen da zalantza.

Hutsune garrantzitsua litzateke hori Pedro Martinezen taldearentzat, joko antolatzaile bakarrarekin geratuko litzateke etaAntoine Diot. Vives eta Diotekin batera taldeak duen beste joko antolatzaileak, Van Rossomek Ligako azken partidan hartu zuen min, eta ez ordezkatzea erabaki zuen Valentziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.