Julen Urdaibai. Korrikalaria

«Zoriontsu naiz halako muturreko lasterketak korritzen ditudanean»

Namibian bost eguneko ultratrail lasterketa batean parte hartu du Julen Urdaibaik. Laugarren etapan ez zituen elikadura kontuak ondo zaindu, eta txakalaldi batek galarazi zion irabaztea: bigarren izan zen.

Unai Ugartemendia.
2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
11 urte dira Julen Urdaibai korrikalaria (Bermeo, Bizkaia, 1974) muturreko lasterketetan parte hartzen hasi zela. Azpimarratu du halako probetan fisikoki ondo egotea bezain garrantzitsua delapsikologikoki ondo egotea.

Nolako gorputzaldiarekin itzuli zara Namibiatik?

Gustura. Lasterketa gehienean ondo sentitu nintzen, eta, gainera, bigarren amaitu nuen. Uneren batean lehen postuan ere izan nintzen. Baina, beste alde batetik, neure buruarekin ernegatuta itzuli naiz. Zapore gazi-gozoa utzi dit; amorratuta nago.

Zer dela eta?

Lehen hiru etapetan oso indartsu ibili nintzen. Estutasunak azken bi etapetan hasi ziren, agian gutxien espero nuen etapetan. Elikadura kontuak ez nituen ondo neurtu. Kontuan eduki behar da bost egunerako beharrezko guztia gainean eraman behar izaten dugula. Ura da antolakuntzak ematen digun gauza bakarra.

Txakalaldia lasterketako etaparik motzenean izan zenuen, 22 kilometrokoan. Ez al da harrigarria?

Bai, agian gutxietsi egin nuen. Aurretik pentsatuta neuzkan denborak ez nituen bete, eta, hurrengo egunerako gordeta neukan janaria ez jateagatik, oso une kritikoa pasatu nuen. Bi ordu inguruan egin nahi nuen etapa, baina hiru ordutik gora behar izan nituen. Ez nuen batere ondo pasatu. Segituan konturatu nintzen indarrik gabe nindoala. Azken egunean, berriz, lasterketa txukuna egin nuen, baina ezin izan nuen lehen postura ailegatu, aurreko egunean galdutako denboragatik.

Zer-nolako lasterketa da Namibiako basamortuan jokatu duzuena?

Oso lasterketa gogorra da, baina joan aurretik banekien. Tenperatura aldetik, 45 eta 50 graduren artean ibili gara. Baina basamortua hori da, oso gogorra, baina aldi berean ederra. Gauak izugarriak dira!

Aurtengo hasierako plana, dena den, ez zen basamortura joatea, Artikora baizik, ezta?

Bai, baina dena aldatu behar izan nuen familiako arazo bat tarteko. Otsailean ipar polora joateko asmoa nuen, Suediako iparraldera, halako lasterketa bat korritzera. Hark ere 250 kilometro zituen, baina elurretan jokatu beharrekoa zen. Jada maleta prest nuela, ezin joanda gelditu nintzen azken unean. Bi lasterketek antolakuntza bera dutenez, eta ikusirik arazoa larria zela, Namibiara joateko aukera eskaini zidaten. Aukera oso ona zen; bestela, izen emateko 2.500 euroak galtzen nituen.

Nola antolatu zenuen berriro ere denboraldia?

Familiako arazoa gaindituta, ez zitzaidan asko kostatu. Berriro ere erraketak gorde, eta praka motzak eta eguzkitako krema atera nituen. Konturatzerako, beste erronka bat nuen aurrean.

Horrelako lasterketetan zer da gogorragoa: ahalegin fisikoa edopsikologikoa?

Biak. Gehienetan, lasterketa luzeak izaten dira, ordu askokoak. Horrelakoetan, badakizu beti izango duzula txakalaldiren bat. Fisikoki behera egiten duzunean, alde psikologikoa oso garrantzitsua da. Askotan, hori ez baduzu ondo kontrolatzen, dena pikutara joan daiteke. Burua hotz izatea ezinbestekoa da gure modalitatean; une onei eta txarrei aurre egiteko prest egon behar dugu etengabe.

Zerk erakartzen zaitu gehien horrelako lasterketetatik?

Lehen egunean irten eta dena motxilan eraman beharrak, pentsatzeak dena hor daramadala. Guztia antolatzea estrategia bihurtzen da. Pisu gutxi eramatea erabakitzen badut, badakit agian larri ibiliko naizela janariarekin; aldiz, pisua eramatea ere ez da batere ona aldapek gora egiten dutenean. Hutsegite txikiena ere ordaindu egiten da, eta azken honetan hori gertatu zait.

Bost eguneko lasterketa izanik, eta bizirik irauteko guztia zurekin eraman behar duzula kontuan hartuta, zenbateko pisua eramaten duzu?

Azken urteetako esperientziak ikusirik, azkeneko honetan bost kilo eta erdiko motxila eraman nuen, baita 800 mililitroko bi bidoi ur ere.Hamabi kiloko motxilarekin ere ibilitakoa naiz. Dena neurtuta eraman behar izaten dugu.

Zer ikasi duzu Namibiako lasterketatik?

Edonoiz sor daitezkeela arazoak. Konturatu naiz 22 kilometroko etapa batek zenbateko kaltea egin dezakeen, naiz eta denera 250 kilometro ziren. Esperientzia handia izan arren, gehiegizkokonfiantza izan dudanean hartu dut kolperik handiena. Ez zait berehalakoan ahaztuko gertatutakoa.

Arantzarik utzi dizu azken lasterketak?

Bai, baina ez diot buelta askorik eman nahi izaten. Asko ikasi dut Namibiako lasterketatik eta, bigarren postutik harago, balorazioa ere ona da orokorrean.

Azken urteetan, horrelako erronkak egiten zabiltza. Baina noiz hasi zinen?

2008an egin nuen lehenbizikoz halako lasterketa bat. Hasteko,Marokora joan nintzen, Des Sableseko maratoia korritzera. Lagun batekin joan nintzen. Oso esperientzia gogorra izan zen hura. Orain, urteen poderioz, erokeria bat iruditzen zait estreinatzeko lasterketa hura aukeratzea! Baina, egia esan, izugarri gustatu zitzaidan. Dena motxilan eraman behar hura, sufrimendua… Gauza asko hartu behar dira kontuan, eta horrek denak kateatu egin ninduen. Beste leku batzuk eta lasterketa batzuk ezagutzeko gogo handia sartu zitzaidan hasieratik.

Nondik ateratzen duzu horrelako lasterketak prestatzeko motibazioa?

Hasteko, entrenatzen jada asko gozatzen dut. Oso gutxitan jartzen dut dortsala urtean zehar; nik mendian korrika eginez gozatzen dut. Horrez gain, abenturarako eta esploraziorako izpiritu hori oso sartuta daukat odolean. Gauzak ezagutzea gustatzen zait, eta kirola ere oso gogoko dut; beraz, bien arteko nahasketa ezin hobea da.

Zer ematen dizute halako lasterketek eguneroko bizitzan?

Zoriontsu egiten naute. Erantzuna sinplea da, baina oso gustura nago egiten dudanarekin. Jende ezberdina eta errealitate ezberdinak ezagutzeko balio dit, eta, gainera, gustatzen zaidana egiten dut. Egunerokorako ere bikain eragiten dit.

Datorren urteari begira, beste erronkaren bat pentsatuta al daukazu dagoeneko?

Asiara joatea gustatuko litzaidake, baina oraindik ez dakit zehazki nora joango naizen. Beharbada, Txinara, Nepalera… Ikusiko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.