Esther Vera. 'Ara' egunkariko zuzendaria

«Aurki gehiago bereiziko gara besteengandik; errailetik aterako gara»

Hamar urte bete ditu berriki 'Ara' katalanezko egunkariak. Verak iragarri du urtarrilaren 11n kanal digital berrituak jarriko dituztela martxan. Apustu «desberdina» eta «berritzailea» izango dela esan du.

FRANCESC MELCION / ARA.
urtzi urkizu
2020ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Urtarrilean bost urte beteko dira Ara-ko zuzendari izendatu zutela. Kataluniako egunkarienartean emakumezko zuzendari bakarra da Esther Vera (Badalona, Katalunia, 1967). «La Vanguardia-n emakume zuzendari bat egon zen, Maria Luz Morales, 1936an. Soilik sei hilabete iraun zuen karguan, eta komentu batean bukatu zuen», gogoratu du.

2010ean krisialdi ekonomiko larri bat zegoen, eta paperezko egunkariak nabarmen beheranzko joerarekin zeuden. Zerk bultzatuta sortu zenuten komunikabide berri bat?

Konjuntzio astral bat gertatu zen: zenbait enpresarik eta kazetarik ikusi zuten herrialdea trantsizio egoeran zegoela. Munduari begiratuko zion Kataluniaren alde zeuden, begirada irekiz eta aurrerakuntzaren alde. Egunkari independente bat sortu nahi izan zuten, argi edukita harpidedunen babesa izango zela oinarria. Hamar urteren ostean, -ur-lasterraren kontra arraunean jarraitzen dugu, baina pozik gaude, 40.000 harpidedun ditugulako.

Harpidedun horietatik zenbat dira paperezkoak eta zenbat digitalak?

Harpidedunen %80 digitalak dira. Eta gure saiakera da harpidedun horietako askok paperezko harpidetza ere egitea; harpidedun dezentek astelehenetik ostiralera harpidetza digitala dute, eta, aldi berean, asteburuan paperezkoa. Askotariko produktuak egiten ditugu: astegunetan ez gara lehiatzen beste egunkariekin, baizik eta herritarren denbora faltarekin. Astelehenetik ostegunera, irakurtzeko errazagoa den produktu bat egiten dugu, oinarrizko informazioarekin, pilulekin. Larunbatetan asteburuko egunkari bat egiten dugu. Eta igandeetan, monografikoak egiten ditugu: ez dira derrigor aktualitateko gaiak izan behar. Edo aktualitateko gaiak baldin badira, testuinguruan eta analisian jartzen ditugu. Hori guztia mimoz zaintzen dugu diseinuaren ikuspegitik. Igandeetakoa luxuzko produktutzat dugu.

Gaur egun artikulu solteak gailu batetik bestera doaz. Zer garrantzi ematen diozue egunkariaren azalari?

Paperari eta azalari ere garrantzi handia ematen diogu oraindik. Horren barnean, PDF formatua ere sartzen da (webetik deskargadaiteke). Informazioa hierarkizatu egiten da azalean, eta paperezko irakurlea horretara ohituta dago. Azaletan gure galak erakusten ditugu, eta saiatzen gara berritzaileak izaten eta konpetentziatik bereizten. Diseinua eta fotokazetaritza ere zaintzen dugu, erakargarriak izanda.

Pandemiarekin, hedabide askok eskaintza digitala indartu dute. Nola eragin dizue?

Kontua da beti izan garela oso digitalak. Erredakzio integratua izan dugu sorreratik. Ara-ko kazetariok lehenbizi digitalean idazten dugu, eta gero paperera eramaten dugu. Erreportaje handiek ere Interneteko bertsio bat dute, oso zaindua eta oso landua. Lan interaktibo batzuengatik nazioartean sariak jaso ditugu. Digitalean pentsatzea betebehar bat da guretzat, aspalditik.

Aurrerapauso gehiago emango dituzue bide horretan?

Bai, urtarrilaren 11n kanal digital berriak estreinatuko ditugu. Apustu desberdina eta berritzailea izango da, eta oso ausarta kazetaritzaren ikuspegitik. Prozesua behetik gora egin dugu, erredakzio barnean egindako tailer batzuen bitartez. Pixka bat gutxiago ekoitziko dugu, gehiago bereiziko gara besteengandik, eta errailetik aterako gara.

Generalitateko inkesta baten arabera, katalanezko prentsaren irakurle kopuruak gainditu egin du gaztelaniazkoa. Zer balio ematen diozu datuari?

Datu oso interesgarria da. Prentsan katalanezko hedabideek datu onak izatea primerakoa da. Gu, adibidez, koronabirusaren aurreko datuetan gaude, nahiz eta kioskoen %20 itxi dituzten.

Zer diozu Espainiako Gobernuak albiste faltsuen aurka onartu duen planaz?

Gehiegizko legedia ez dut gogoko. Tentuz ibili behar da gaiarekin, iritzi edo prentsa askatasuna murriztu dezaketen ekimenek beldurra ematen didate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.