Catalin Tolontan. Kazetaria

«Garrantzitsua da jokabide alderdikoirik ez hartzea»

Tolontanek Errumaniako osasun publikoaren ustelkeria azaleratu zuen, eta horrek hainbat dimisio eragin zituen gobernuan. Haren lana ageri da 'Collective' dokumentalean (HBO).

COLLECTIVE.
urtzi urkizu
2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Gazeta Sporturilor kirol egunkarian egiten du lan Catalin Tolontan kazetariak (Bukarest, 1968). Haren bloga www.tolo.ro da.

Ospitaleetako desinfektatzaileak ikertzen hasi aurretik, zure lanek eragina izan dute Errumanian. Nolatan halako ikerketak kirol egunkari batean?

27 urte dira kazetaritza ikerketak egiten hasi nintzela. Ikerketa baten ondorioz, Errumaniako bi ministro kartzelara joan ziren; noski, fiskalek eta abokatuek parte hartu dute auzian, eta epaileek erabakiak hartu; ministro bat kiroletakoa zen, eta bestea, lurralde garapenekoa. 2007an abiarazi nuen beste ikerketa baten jomuga izan zen Errumaniako futbolak transferentziak zituela atzerriko zenbait herrialderekin; kirol munduko zortzi pertsona zigortu zituzten: taldeen jabeak, entrenatzaileak, jokalarien agenteak... Gazeta Sporturilor egunkarian argitaratu genituen agiri batzuen eraginez, Gica Popescu futbolari ohiak hiru urteko espetxe zigorra ezarri zioten, zergak saihesteko delituengatik.

Bukaresteko Colectiv aretoko sutearen biktimen kudeaketa aztertzeak eragin handia izan zuen. Nola bizi izan zenuen?

Gure lanean oso garrantzitsua da gertaeren arretagunean mantentzea, eta jokabide alderdikoirik ez hartzea. Zenbaitetan jendeari gustatzen zaio gu heroi, epaile edo aktibista bilakatzea, baina albisteak bilatzea da egin behar duguna. Kirol kazetari gisa, egoerak jasatera ohituta nago. Adibidez, Reala-Athletic derbiaz idazten duzunean eta zure taldeak galtzen baldin badu, zale sutsu batzuk haserretu egingo zaizkizu. Fanatikoen pasioarekin eta etsaikeriarekin ohituta bazaude, euts diezaiokezu gobernuaren, botika enpresen edo mafiaren presioari.

Alexander Nanau zuzendariaren Collective dokumentaleko protagonistetako bat zara. Errumaniako osasun publikoaren ustelkeria nola azaleratu zenuten jasotzen dute kamerek. Eroso egon zinen grabaketetan?

Hasieran, nahiko uzkur nenbilen. Beldur nintzen gure iturriekin gertatu zitekeenagatik. Dokumentalaren grabaketetan soilik kamera bat etortzen zen, eta Nanauk meritu handia izan zuen prozesuan ikusezina zelako.

Errumaniako ospitaleetan hamar aldiz disolbatutako desinfektatzaileak erabiltzen zituzten, eta horrek gaixo askoren heriotza ekarri zuen. Osasun ministroak dimisioa eman zuen, eta, behin-behinean, Vlad Voicolescu jarri zuten karguan. Hark dokumentalean esaten du ministerioaren %80 ustela zela. Aldatu al da zerbait?

Herritarrok ez dugu aldaketa nabarmenik ikusi. Etsipena ekarri du horrek. Hala ere, Errumanian gauza batzuk aldatu dira azkeneko bost urteetan: ospitale publikoetan lan egiten duten medikuek soldata hobea dute orain.

Collective dokumentala herrialde askotan ari dira ikusten HBO streaming plataformaren bidez. Europako dokumentalik onenaren EFA saria lortu du. Zerbaitetan lagundu dezake?

Duela 30 urte, Fernando Savater filosofoak idatzi zuen askatasunaren kontrakoa dela haizearen alde joatea. Egun, «demokraziaren nekea»-z hitz egiten denean, Savaterren hitz haiek gaurkotasuna hartzen dute. Hain zuzen ere, horretaz mintzo da Collective dokumentala: ez uztea korronteari eramaten, eta gure bizitzak erabakitzen dituztenengandik urruntzea. Gizarte gisa ere bai.

Errumaniako Gobernuaren aurkako protesta batzuetan, manifestariek zure aldeko oihuak egin zituzten.

Oihu horiek ikusi nituenean lotsa pasatu nuen. Kazetariok ez gaude ohituta gure izenak kaleetan oihukatu ditzaten. Garrantzitsuena da herritarrek kazetaritzarekin konfiantza izatea.

Filmean aipatzen da mafiako pertsona batzuek ikerketetan parte hartu zenuten kazetarien familiak mehatxatu nahi zituztela. Arazorik izan duzue?

Mehatxuak jasotzen direnean lasaitasuna mantentzea lanaren parte da. Aaron Sorkinen The Newsroom telesailaren bukaeran, kazetari protagonista hiltzen denean horrela definitzen dute: «On Kixote bat, gizon zuzena». Europako eredu bat eman zuen Sorkinek AEBetako telesail bati amaiera emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.