Amaia Lizarralde. Aktorea

«Telesail honek ez du soilik jende gaztea harrapatuko»

Amazon Prime Videok 'El Internado: Las Cumbres' telesaila estreinatuko du bihar. Nafarroan eta Gipuzkoan grabatu zuten, eta Lizarralde gazteen trebatzaile lanetan aritu zen.

AMAZON PRIME VIDEO.
urtzi urkizu
2021eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Euskarazko eta gaztelaniazko makina bat telesailetan eta pelikulatan parte hartu du Amaia Lizarraldek (Donostia, 1966). Baita zenbait antzezlanetan ere. TVEko Acacias 38 folletoian ari da gaur egun lanean —La1k ematen du, astelehenetik ostiralera, 18:15ean—.

[youtube]https://youtu.be/L935nN6OxIs[/youtube]

Nolakoa izan zen zuretzat trebatzaile lana El Internado: Las Cumbres telesaileko gazteekin?

Zoragarria. Coach gisa La Abadia antzokian hasi nintzen [Madrilen], eta gustua hartu nion trebatzaile lanari. Atseginez eta gogotsu egiten dut lan hori; zentratzen nauen lan bat da. Gainera, asko pozten nau eszenak gorde ditzakeen aukera guztiak bilatzeak aktorearekin batera. Zoragarria da niretzat aktoreek «acción» hitza entzutean aurretik egindako lan guztia, hasierako irakurketatik interpretazioraino, egindako bidaia. Magia duen mundu batera joaten gara, eta hori lortu nahi dut nire lanarekin. Amazon Prime Videoko telesailean gozatu egin dut aktore gazteekin. Bazeuden batzuk 13-15 urtekoak; haiek ematen zidatena jaso, eta, gero, ziurtasuna ematen saiatu nintzen. Oso benetakoak ziren, eta ezaugarri hori handiagoa egin nahi genuen, distiratsuagoa.

Mundu osoan ikusiko da telesaila. Nola egokitu ziren gazteak ekoizpenaren exijentziara?

Ederki. Talentu handikoak dira telesaileko aktore gazteak, oso artista onak. Kutsatu gabe daude, eta exijentzia guztiak betetzen zituzten, kexarik gabe. Gazteen talde osoa konfinatuta zegoen Oiartzungo [Gipuzkoa] baserri batean: gauza asko irentsi zituzten.

Zortzi gazte protagonisten lanaren ardura zenuen. Eta, horrez gain, zuk ere pertsonaia bat interpretatu zenuen.

Nire pertsonaia txikia da, Celia; eszena gutxitan agertzen da. Baina bizitzak kolpe handi bat ematen dio, eta intentsitate handikoa da. Kolpe horrekin, zulora joaten da.

Eszena horietan zenbait aktore euskaldunen aldamenean agertzen zara: Iñake Irastorza, Joseba Usabiaga...

A ze gozamena! Usabiaga ezagutzen nuen, baina ez nuen inoiz harekin lan egin. Iñake Irastorzarekin bi egunetan grabatu nuen: txapela kentzeko moduko aktorea da. Kandido Uranga eta Patxi Santamaria ere telesailean daude.

Ikus-entzule gazteak kateatuko al ditu telesailak?

Baditu osagaiak ikus-entzulea kateatzeko. Gidoiak eman zizkidatenean, hirugarren orrialdetik aurrera guztiz kateatu ninduten.

Beldurrezko generoko momentuak ere baditu.

Bai, eta eszena horiek oso ondo eginak daude. Zuzendariak primeran aukeratu zituzten: lehen bi atalak Globomediako telesail arrakastatsu ugari egin dituen batek zuzendu zituen, eta ondorengoak, generoko maisu batzuek. Produkzio aldetik ere bazegoen dirua gauzak ondo egiteko. Telesail honek ez du soilik jende gaztea harrapatuko. Suspensea eta intriga gustatzen zaienengana iritsiko da.

TVEko Acacias 38 aipatu duzu. Nola doa Hortensiaren pertsonaia?

Oso ondo doa: pertsonaia biribila eman didate. Protagonistetako bat da. Folletoi bat da, eta lanordu asko egiten ditugu. Patxi Santamaria ere bertan ari da.

Grabaketa erritmoa oso desberdina izango da Amazon Prime Videoko fikzioarekin alderatuta.

Bai. El Internado: Las Cumbres otsailetik martxoaren 13ra arte grabatu genuen, eta, ondotik, ekainaren 2tik abuztuaren 16ra arte. Denbora hori zortzi atal grabatzeko. TVEko telesailean, berriz, bederatzi egunetan hamar atal grabatzen ditugu.

Plataformetan dagoen eduki eskaintza sekulakoa da. Euskaraz, ordea, telesail gutxi daude.

Madrilen antzezlan bat ikustera joan nintzen atzo: zenbait aktore euskaldun topatu nituen, gaztelaniazko telesailetan lanean ari direnak denak. Ni Madrildik Donostiara itzuli nintzen duela urte batzuk, eta berriro nago hemen [Madrilen]. Lana dagoen tokian nago. Euskal Herrian ez den apenas produzitzen, eta euskal aktore asko gabiltza Madrilera joan-etorrian. Askotan hitz egin dugu gai horretaz...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.