Eneritz Gorrotxategi. 'Hitza jolas' saioko esataria

«Hutsune handi bat zen saioa ez egotea»

Bertsorik ia ez da entzun Euskadi Irratian denboraldi honetan, baina larunbatean hasiko da berriz 'Hitza jolas' irratsaioa. Gorrotxategik gidatuko du, eta, hasieran, Sukiak utzi zuen ildoari jarraitu nahiko lioke.

JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
2006ko urrian sartu zen Euskadi Irratian bekadun Eneritz Gorrotxategi (Gabiria, Gipuzkoa, 1985). Ordezkapenekin jarraitu, eta orduz geroztik albistegietan eta makina bat irratsaiotan aritu da. Tarte batean Euskal Herriko Trikitixa elkartean egin zuen lan. Hitzekin jolastea gogoko du, baina idatziz.

Maddalen Arzallusek kantatu du: «...Bertsoa sukaldean berotzen ari da...».

Bai. Alaia Martinek eta Jon Maiak ere bertso bana egin dute saioa berriz hasiko dela iragartzeko, eta Ane Zuazabiskarrek eta Oskar Estangak iragarpen bideo bat egin dute. Sare sozialetan zabaltzen hasiak dira bertso horiek.

Ardura handia sentitzen al duzu Nikolas Aldai zenaren eta Xabi Sukiaren lekukoa hartuta?

Neurri batean, bai. Neure burua ez daukat aditutzat; bertsozalea banaiz, eta bizi naizen herria oso bertsozalea da. Gabiriako Osinalde saria bertatik bertara ikusi izan dut, kazetari gisa ere. Aldaik eta Sukiak egiten zuten moduan, aukeraketa bat egingo dut: saioetako bertsoaldi esanguratsuenak edo aktualitatearekin lotura izan dezaketenak entzungo dira irratsaioan. Denen gustukoa izatea ez da erraza izango, baina saiatuko gara. Ikasteko prest gaude.

Euskadi Irratian diote berriz hasiko dela, baina zuretzat hasiera da.

Hitza jolas berriz hasiko da; ni hasi egingo naiz, eta pentsatu nahi dut bertsoak segi egin behar duela. Ikusten genuen Euskadi Irratian hutsune handi bat zela Hitza jolas ez egotea. Euskadi Irratiak behar du horrelako irratsaio bat. Bazegoen publiko bat programa eskatzen zuena, eta egokitu izan zait erantzungailuan mezu batzuk entzutea. Gose hori asetzen saiatuko gara.

Xabier Silveiraren itzuleraz ere arituko al zarete?

Hitza jolas isilik egon den garaiko albiste esanguratsu batzuk berreskuratuko ditugu. Besteak beste, Silveiraren itzulerako Lesakako [Nafarroa] saioko bertsoaldiak ere bai.

Txapelketak ere hasiko dira.

Bai, hain zuzen ere, larunbatean Arabako binakako txapelketa abian jarriko da. Txapelketa batzuk eten egin behar izan ziren. Guk datozen txapelketa guztien berri emango dugu, gustura.

Nolako estilo pertsonala eman nahiko zenioke irratsaioari?

Uda bitartean, behintzat, Sukiak azken garaian egin zuen ildoaren segida izatea nahiko nuke. Saio bizia izatea nahi dut, ahalik eta arinena entzuleentzat, zaleentzat aberasgarri izango dena, eta bertsoa pixka bat gustatzen zaionarentzat entretenigarria izan dadila. Ez da erraza denentzako modukoa egitea, baina erronkatzat hartzen dut saioari heltzea.

Urte luzeetarako lana izan al daiteke?

Bertsoek Euskadi Irratian urte luzez jarraitu behar dute. Horrek nire eskutik izan behar duen ala ez, ba, hori ez dakit. Nire eskuetan badago, ahalik eta hobekien egiten saiatuko naiz.

Generoaren ikuspegitik aldaketa egon da bertsoaren munduan azkeneko urteetan. Ba al du horrek islarik hedabideetan?

Plazan ikusten denaren isla jaso beharko litzateke. Plazetan gero eta emakume gehiago dago. Garaiak eta gizartea aldatu den moduan, ikuspegia aldatu behar da. Gero eta naturaltasun handiagoarekin hartu beharko litzateke.

Bat baino gehiago zain egongo da bertso afariak noiz hasiko.

Badakit hilaren bukaerarako bertso bazkari bat dagoela. Bertso saio kopuruan jaitsiera egon da. Bertso poteoa ere izan zitekeen irratsaioarentzat iturri ona, baina hori ez da hain ohikoa izango. Kezka pitin bat izan dut ea nola moldatuko garen dauden saioekin, baina iraganean egindakoak berreskuratzen ere arituko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.