Arritxu Iribar. Euskadi Irratiko kazetaria

«Gogoko dut txirrindulari gazteen bidearen berri ematea»

Txirrindularitza afizionatuaren inguruko 'Gurpilean' tartea gidatzen du Iribarrek Euskadi Irratirako. EITB Podkast plataforman ere entzun daitezke atal guztiak, podcast gisa.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Badira 34 urte Arritxu Iribar (Zumaia, Gipuzkoa, 1963) Euskadi Irratian lanean hasi zela, eta horietatik azkeneko 32 urteak kiroletan egin ditu.

Esan al daiteke afizioa eta ofizioa uztartzen dituzula Gurpilean tartean?

Bai, hala da. Euskal Herrian dagoen txirrindularitza zaletasunarekin, Euskadi Irratian pentsatu zuten egin zitekeela zerbait txirrindularitza afizionatuarekin. Astero tarte bat egitea eskaini zidaten, Hiru Erregeen Mahaia saiorako. Larunbatetan ematen du irratiak, eta, gero, Gurpilean podcast bihurtu da.

Enkargua gustura hartu duzu?

Bai, gustura hartu dut, baina Txetxu Urbieta kirol arloko buruak eskatutako zerbait izan da. Normalean, aste barruan lan egiten dut irratian, eta asteburuetan lasterketetara joaten naiz. Afizionatu mailan dagoen aktualitatea jorratzen dut saioan, nahiz eta tarteka egunerokotasunetik kanpoko atalak ere egin. Txirrindulari bakar bati eskainitako atalak egin izan ditut, adibidez.

Nahiz eta Gurpilean gero EITB Podkast plataformara joan, zure estiloa ez da aldatzen, ezta?

Ez. Ez baita esplizituki podcast bat, baizik eta irratirako egiten den tarte bat da.

Sare sozialetan ere urteak daramatzazu txirrindulari gazteen bidearen berri ematen.

Profesionalek ez dute hainbesterako oihartzunik behar. Baina txirrindulari gazte hauek egiten duten lanak behar du oihartzuna, eta modu bat da jendeari esateko arreta non jar dezaketen. Kadete, gazte eta afizionatu, emakume zein gizon, proba horiek herritar ugarik ikusten dituzte. Gogoko dut txirrindulari gazteei jarraitzea eta haien ibilbidea ikustea. Batzuek ez dute lortuko ametsa egia bihurtzea eta profesionaletara iristea, baina beste batzuek bai, eta oso pozgarria da ikustea gazte-gaztetandik zer bilakaera izan duten.

Zerk betetzen zaitu gehien Gurpilean egiteko orduan?

Gazte mailan egiten ari den lan guztiari oihartzuna ematea. Egia da hori beste kiroletan ere egin daitekeela. Ez gara konturatzen afizionatuetan profesionaletan adina ari direla lan egiten, zaintzen... eta askoz sona txikiagoa dute. Babesle asko daude, gainera, talde horiei laguntzen.

Profesionaletan, Italiako Giroa, Euskadi Irratian FM bidez ez, baizik eta sareko Plus zerbitzuan ari dira ematen.

Bai, hirugarren urtea da. Leiho bat ireki da Euskadi Irratia Plusen, teknologia berriak aprobetxatuz, eta Giroa jorratu ahal izateko. Sekulako lantaldea dago horretan lanean.

EITB Podkastera kiroletako beste eduki batzuk eraman daitezkeela iruditzen zaizu?

Bai, argi dago jendearen kontsumo ohituretara egokitu behar garela. Irratiko artxiboan gauza oso onak daude eginak. Adibidez, Jose Mari Apaolazak garai bateko futbolariekin egindako saioak berreskura daitezke podcast batean.

EGMren arabera, Euskadi Irratiak 100.000 entzule ditu. Seinale ona da hori, ezta?

Beste hizkuntzetan ari diren irratiekin alderatuz, gure entzulego potentziala askoz txikiagoa da, eta 100.000 entzuleen langa gainditzea sekulakoa da. Bere momentuan aipatu zen, esaterako, irratiak hedabide gisa bizirik irauteko zailtasunak izango zituela, baina jendeak jarraitzen du irratia entzuten. Eutsi egiten zaie entzule kopuru handiei.

Martin Ugalde jaio zela ehun urte beteko dira aurten, eta zenbait ekitaldi aurkeztu dituzte. Garrantzitsua al da Ugalde eta beste kazetari aitzindarien lana belaunez belaun transmititzea?

Dudarik gabe. Aldeko apustuak egin behar dira, eta halakoei oihartzuna eman behar zaie. Ugalde beste nonbaitekoa izan balitz, ziur nago erreferentea izango zela batzuentzat. Gaur egungo gazte askok ez dute Ugalderen erreferentzia izango. Ez diegu behar adinako balioa ematen Ugalderi eta beste aitzindari batzuei. Agian, zenbaitetan, euskaldunok ez dakigu geure burua saltzen. Baina tokatzen zaigu aurrekoen berri ondorengoei ematea, eta erakunde publikoek ere apustu hori egin behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.