GFAk ez du auzitan jarri euskarak Crossover-en duen presentzia eskasa

EH Bilduko Joxemari Carrereren ustez, ezin da onartu urtero euskaraz ekitaldi bakarra egitea

Apirilean Crossover jaialdian zenbait profesionali egindako aitortza ekitaldia. JON URBE / FOKU.
jakes goikoetxea
2021eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Telesailen kulturari eskainitako jaialdi bat da Crossover. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamenduak sustatzen du, eta Kultur Factory agentzia arduratzen da antolaketaz. Aurtengoan, apirilean, zortzi ekitaldi antolatu zituzten, mahai inguru edo solasaldi erakoak (baita telesail baten estreinaldia ere). Zortzi ekitaldietatik bakarra izan zen euskaraz. Aurtengoa ez da salbuespena izan: aurreko urteetan ere, 2018tik 2020ra, ekitaldi gehiago antolatuta, urtero bakarra izan da euskaraz.

Egoera ikusita, Joxemari Carrere EH Bilduko Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkideak hainbat galdera egin dizkio Harkaitz Millan Kultura diputatuari. Besteak beste, ea zein diren jaialdiaren hizkuntz irizpideak. Millanek erantzun dio Crossover jaialdiko hizkuntza irizpideak Gipuzkoako Foru Aldundi osorako definitutako berberak direla: «Izan ere, jardueren komunikazio zein aurkezpen guztiak ele bitan daude».

Jaialdiaren mamia, hau da, adituen solasaldiak, ordea, ez. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiak onartzen du parte hartzen duela edukiei buruzko erabakietan, «hainbat eragilerekin lankidetzan».

Crossover jaialdian parte hartu izan duten adituetako asko euskaldunak dira, baina gaztelaniazko solasaldietan hitz egin dute, euskaraz hitz egiteko eta aldi bereko itzulpenik izateko aukerarik gabe.

Carrerek galdetu du ea zergatik ez dagoen euskarazko telesailik jaialdian. Harkaitz Millan Kultura diputatuak erantzun dio euskarazko telesailek «eztabaidan eta analisietan» izan duten presentzia «etengabea» izan dela jaialdi guztietan. «Euskarazko telesailek euskal hiztunen komunitatean eta euskalduntze prozesuan duten garrantziari dagokionez», jarraitu du Millanek, «esan behar da eztabaidaezina dela euskarazko telesailen ekoizpenari ematen zaion arreta eta haren presentzia, bai analisietan, bai eztabaida mahaietan».

Euskara, «loreontzi»

Erantzunak «esperotakoak» izan dira Joxemari Carrere EH Bilduko batzarkidearentzat: «Euskararen presentzia eskasa zuritzen dute, ia loreontzi baten moduan. Erantzunak ikusita, badirudi ez dela ezer gertatzen».

Nabarmendu du Crossover Gipuzkoako Foru Aldundiaren jaialdi bat dela, «eta, beraz, ezin da onartu, aurten eta aurreko urteetan gertatu den moduan, euskaraz ekitaldi bakarra egitea». Kezkatzeko eta salatzeko moduko jokabidea iruditzen zaio, eta erakundeari egotzi dio ez dituela betetzen haren buruari ezarri dizkion hizkuntz irizpideak eta helburuak.

Ez da hizkuntza kontua bakarrik, ordea. Euskal aktoreek, gidoilariek, zuzendariek, telesailek... duten lekua oso eskasa dela uste du: «Euskarazko telesailak aipatzen direla diote, baina zentralitatea eman behar zaio euskarazko produkzioari eta euskarari berari ere, baina ez dute egiten».

Carrereri interesgarria iruditzen zaio telesailei buruzko jaialdi bat egitea, are gehiago telesailek azken urteetan hartu duten garrantzia eta oihartzuna ikusita. Baina Euskal Herrian eginda, jaialdiak bestelakoa beharko luke, haren arabera: «Programa ikusita, jaialdi hori bera berdin-berdin egin zitekeen Valladoliden edo Lyonen. Gipuzkoan egiten bada eta bertako foru aldundiak antolatzen badu, logikoa da eskatzea euskarak, bertako produkzioak eta bertako profesionalek zentralitatea izatea».

Gipuzkoako Foru Aldundiak, erantzunetan zehaztu du jaialdiak «tokiko, estatuko eta nazioarteko ikuspegia» duela. Jaialdiaren aurrekontua 50.000 eurokoa da, erakundeak emandako datuen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.