Peio Etxeberria. Aspeko pilotaria

«Eguneroko lanak alda dezake nire egoera, ez txapelak»

Peio Etxeberriak lehen txapela irabazi berri du profesionaletan: Promozio Mailako buruz burukoa. Oso nagusi izan da, baina ez du uste txapelketa txiki geratu zaionik, ezta hura jokatzea atzerapausoa izan denik ere.

IñIGO URIZ / @FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Profesionaletan lehen txapela irabazi izanak ez dio ezertan aldatu egunerokoa Peio Etxeberriari (Zenotz, Nafarroa, 1998): goizean goiz altxatu da, eta bere kargu dituen behiei eta zaldiei jaten ematen die; eta, jarraian, entrenatzera joan da, Iruñera, Labritera. Bestela, Mutiloabeitiko (Nafarroa) Ukore gunean aritzen da, beste zenbait pilotarirekin batera: besteak beste, Joseba Ezkurdia lagun eta botileroarekin. Duela lau egun eskas irabazi zuen Promozio Mailako buruz buruko txapela, baina jada «aurrera begira» dagoela dio.

Zenbat aldiz begiratu diozu txapelari azken egunetan?

Gutxitan. Etxean jada topatu diot txoko bat, eta hantxe dago jarrita.

Zer sentitzen duzu hari begira?

Poza. Egun oso polita izan zen. Saiatu nintzen egun osoan gozatzen, eta, zorionez, dena oso ondo joan zen, eta asko gozatu nuen.

Norekin gogoratu zinen?

Egunero nire ondoan daudenekin, pilotazaleekin, eta, batez ere, etxekoekin: amarekin, anai-arrebekin eta neska lagunarekin. Gure aita zenarekin ere asko gogoratu nintzen. Hura etorri zitzaidan burura irabazi eta berehala.

Telebistaz ikusi duzu finala?

Bai. Ohitura dut jokatu eta hurrengo egunean partida telebistaz ikusteko. Gustura ikusi dut finala.

Ez da harritzekoa. Oso nagusi izan zinen.

Kanpotik itxura hori eman zuen, baina barrutik zaila izan zen. Hasieran kostatu zitzaidan gehien. Gero, aurrera egin nuen.

Alde handiz irabazi dituzu hiru partidak: zortzi tanto besterik ez dizkizute egin batez beste. Txiki geratu zaizu txapelketa?

Ez. Bigarren Mailan sekulako maila dago. Iraitzek [Zubizarreta] ez zuen egun ona izan; Ikerrek [Salaberria], berriz, gogotik sufriarazi ninduen, eta finalean ere arerio gogorra izan zen Julen [Egiguren]. Maila honetan ari diren pilotariak oso onak dira, ni baino gazteagoak, eta guztiak oso garapen ona izaten ari dira.

Hala ere, faborito argia zinen.

Faborito rolarena komunikabideen eta ostatuetako solasaldien kontua da. Kantxan erakutsi behar da maila. Txapelketa honetan nik erakutsi dut, baina ez dut uste faboritoa nintzenik. Ez zait gustatzen ni jotzea faboritotzat, ezta nire aurkaria ere. Partida batean edozer gauza gerta daiteke.

Parte hartzaileen artean zu zinen maila nagusian gehien aritutakoa. Presioa zenuen?

Norberak jartzen dio presioa bere buruari, eta nik sartu nion, irabazi egin nahi bainuen. Ondo kudeatu dut lehen egunetik. Oso pozik nago horregatik.

Kolpea izan zen Aspek zu ez aukeratzea Lehen Mailako buruz burukoa jokatzeko?

Pena eman zidan Inaxiok esan zidanean [Errandonea, Aspeko zuzendari komertziala], baina unean bertan esan nion Bigarren Mailakoa jokatu nahi nuela, sekulako ilusioa egiten zidala. Barru-barrutik irten zitzaidan, egia baitzen.

Inoiz ez zenuen ikusi atzerapauso moduan?

Ez. Niretzat ez dago inoiz atzerapausorik. Beti positibo pentsatzen dut: egiten dudan guztia nire onerako dela. Saiatzen naiz pentsamendu ezkorrak bazter batean uzten; ez dute ezertan laguntzen.

Binakakoan ere ez zenuen tokirik lortu. Pena hartu zenuen orduan ere?

Errealista izan beharra dago, eta oinak lurrean izan. Nik beti izan ditut. Sekulako maila dago Aspen.

Eta nola egiten da aurrera?

Ilusioari eutsita. Bestela, akabo. Nik beti izan dut sekulako ilusioa gauzak egiteko. Oso gazte hil zitzaidan aita, 14 urterekin, eta kolpe latza jaso nuen, baina uste dut horrek mesede egin didala: adibidez, gauzei larritasuna kentzen. Gauza guztiei atera ahal zaie zerbait ona, baita txarrei ere.

Nola daramazu bi uren artean ibili behar izatea?

Niretzat eguneroko lana da garrantzitsuena. Ez diot buelta bakar bat ere ematen galdetu duzun horri; ez diot garrantzirik ematen Lehen edo Bigarren Mailako partidak izateari. Niretzat neurketa guztiak dira berdinak, eta ilusio berarekin jokatzen ditut guztiak. Partida denak dira aukera bat. Gutxi dira txapelketetakoak, eta asko jaialdien osagarriak, eta guztietan eman behar duzu maila. Partida arruntetan gaizki arituz gero, nekez izango duzu aukera txapelketakoak jokatzeko. Neurketa guztiak dira oso garrantzitsuak.

Zer nahiago duzu: larri ibili Lehen Mailan edo nagusi Promoziokoan?

Ausarta izan beharra dago bizitzan. Ni ziur naiz edonori aukera emanez gero Lehen Mailan jokatzea aukeratuko lukeela. Nik ere halaxe egingo nuke.

Txapelak zure egoera alda dezake?

Ez. Txapela larunbatean irabazi nuen, eta astelehenean, beti bezala, entrenatzera joan nintzen. Beste horrenbeste egingo dut gaur [atzo]. Eguneroko lanak alda dezake nire egoera, ez txapelak.

Zer falta zaizu gora iristeko?

Hamarkada batean Olaizolak eta Irujok bat egin zuten, eta beste batean, Irribarriak eta Altunak. Guztiak izarrak izan dira oso gaztetatik. Beste guztiok langileak gara: lana egin behar dugu hobetzeko. Nik oso gazte ikusten dut oraindik neure burua. Asko dut hobetzeko. Lana egiteko ilusio eta gogo handia dut. Hori da garrantzitsuena.

Duela hiru urte eta erdi pasatxo egin zenuen debuta. Pozik zaude egin duzun bidearekin?

Bai. Poliki-poliki, aurrerapausoak ematen ari naiz, eta kontent nago egunero egiten dudan lanarekin. Norbera bere buruarekin lasai egotea da garrantzitsuena, eta ni lasai nago. Badakit barruan dudan guztia emango dudala.

Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketa duzu hurrengo erronka. Aukera ona duzu zeure burua aldarrikatzeko.

Ilusio handia egiten dit txapelketa jokatzeak, eta saiatuko naiz ahal dudan ondoen prestatzen. Elordiren aurka jokatu behar dut. Partida oso zaila izango da: bikain ari da azken bizpahiru urteetan.

Ondo bidean, Binakako Mastersa jokatuko da berriro udan. Iaz, ez zinen aritu. Baduzu itxaropenik aurten parte hartzeko?

Ez dakit, enpresak erabakiko du. Ez diot ezer leporatzeko. Aitzitik, oso eskertuta nago debutatzeko aukera eman zidalako. Beti tratatu naute ondo. Nik nireari helduko diot: ahal den lanik onena egiten saiatuko naiz hurrengo partidetan. Jokatzeko aukera badut, sekulako poza hartuko nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.