RTVEk 'streaming' plataforma bat jarri du martxan: RTVE Play

Probetan ari dira oraindik, eta telefonoetarako eta tabletarako bertsioa soilik dago eskuragarri

RTVE Play streaming plataforma sortu du RTVEk, oraingoz telefonoetarako eta tabletetarako soilik. RTVE.
Olatz Esteban Ezkati.
2021eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Ikus-entzunezkoen mundua etengabe aldatuz doa, baita ikus-entzunezkoez gozatzeko modua ere. Irratiak, telebistak, ordenagailuak; guztiek bizi izan dituzte garai gorenak, baina, orain, beste euskarri batek bizi du sasoirik gozoena: streaming plataformek, hain zuzen. Ikusleek gustua hartu diote eskaintza zabala klik bakarrean eskuragarri izateari, eta komunikabideak joera berrietara moldatzen ari dira. Azkenetakoa RTVE izan da. Duela aste gutxi aurkeztu zuen martxan jarri duen streaming plataforma: RTVE Play.

Plataforma berriak bideoa eta zuzenekoak nahieran ikusteko aukera ematen du, baina behin-behineko bertsioa da oraindik. Probak egiten ari dira oraingoz, eta telefonorako eta tabletarako soilik dago eskuragarri. Hots, Android eta IOS euskarrietatik deskargatu daiteke aplikazioa, ohiko dendetan. Beste streaming plataforma askoren aldean, bereizgarri bat du: guztiz doakoa da. Alabaina, uztailaren 15etik aurrera, erabiltzaileak kontu bat sortu beharko du erabili ahal izateko. Egun RTVEren A la carta zerbitzuaren erabiltzaile direnek aplikazioa eguneratu besterik ez dute egin beharko bertsio berria erabili ahal izateko.

Komunikabideak azaldu du proiektua hastapenetan dela, etahobekuntzak egiteke daudela oraindik ere. Horretarako, erabiltzaileen iritzi eta eskariak jaso nahi dituzte. Gailu txikietarako eskuragarri jartzea izan da lehen urratsa, baina laster ordenagailuan eta telebistan ere erabiltzeko moduan izan nahi dute RTVE Play. Udazkenean izango da promozio ofiziala.

Etxeko produktuez harago

Merkatuan dauden gainerako streaming plataformen antzeko itxura du RTVE Play guneak, eta funtzionamendua ere bai. Erabiltzaileak hainbat aukera topatuko ditu hartan. Alde batetik, aukera ematen du RTVEren telebista kateen zuzeneko programazioa ikusteko. Haatik, horretan ere egin dituzte berrikuntzak. Zuzeneko emanaldiak hasieratik ikusteko eta atzera egiteko aukera dago. Bestalde, telesail, film, dokumental eta artxiboko lan ugari ere eskuragarri daude plataforman, nahieran ikusteko. Eduki gehienak RTVE etxeak ekoiztutakoak badira ere, badaude berezko ekoizpenak ez diren film eta dokumentalak, baita nazioarteko lan entzutetsu batzuk ere.

Bestelako funtzioen artean, aplikazio berriak aukera ematen du norberaren gustuko produktuak gorde eta erreprodukzio zerrendak osatzeko. Gainera, hainbat film eta telesail deskargatu daitezke, sarerik gabe ere ikusi ahal izateko. Era berean, komunikabideak jakinarazi du edukiak hainbat hizkuntzatan daudela, eta azpidatziak jartzeko aukera ere badagoela, gainerakoplataformetan bezalaxe.

Udan, kirol eskaintza berezia izango da. Hilaren 18ra bitartean, Frantziako Tourra zuzenean emango dute RTVE Play plataforman, eta, 23tik aurrera, berriz, Olinpiar Jokoen emanaldiak hasiko dira. Ikusleak aldibereko bost seinale izango ditu aukeran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.