Bryan G. Thompson. Miami Web Fest jaialdiko zuzendaria

«Arteak behar bat ukitu behar du»

'The Cell' websailaren hirugarren denboraldia Bizkaian grabatzen ari dira, euskaraz. Thompsonek sortutako zientzia fikziozko lan bat da, eta ekoizle eta aktore arituko da.

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
urtzi urkizu
Bilbo
2021eko urriaren 28a
00:00
Entzun
AEBetako armadarekin Iraken izan zen Bryan G. Thompson (Detroit, AEB, 1970). Ikus-entzunezkoetara jo zuen gero: 2012an, Imani Films ekoiztetxea sortu zuen, eta, 2014an, berriz, Miamiko websailen nazioarteko jaialdia; ordutik zuzendaria da.

Nola sortu da aukera The Cell-en atal berriak Bilbon eta euskaraz egiteko?

Kontua da Rose of Dolls eta Oliver Mend [Bilboko Seriesland jaialdiko zuzendariak] 2013. urtetik ezagutzen nituela. Orduz geroztik, nik zortzi film ekoitzi ditut, haiek eduki asko sortu dituzte, eta beti aritu izan gara berriketan elkarrekin koproduzitzearen inguruan. Indarrak batzeko garai egokia iritsi da orain. Herritarren aurka laborategiko probak egiten dituzten gobernuen inguruko istorio bat da, baina dena fikzioa da.

Pandemiaren aurretik edo ondotik sortu zen ideia hori?

Pandemiaren aurretik. Baina pandemia iristeak pentsarazi zigun garrantzitsua zela eduki hori sortzea. Websailarekin jendeak gozatu egingo du, besarkada bat ematea bezalakoa da. Bilboko A Film To Kill For ekoiztetxearekin egin dudan lehen koprodukzioa da, baina ez da izango azkena.

Euskal Herriaren eta AEBen arteko koprodukzioek proiektu interesgarriak ekar ditzakete etorkizunean?

Bai, zalantzarik gabe. Euskal Herria oso berezia da niretzat. Bost aldiz etorri naiz Seriesland jaialdira, eta mundu osoko jendea ezagutu dut. Maitasun handia jaso dut Bilbon. Tarteka, beste sortzaile batzuei iradokitzen diet Bilbon eszenak grabatzeko.

Aktore ere arituko zara The Cell-en Euskal Herriko denboraldian.

Ikusi al duzu lehen atalaren bukaeran euskaraz ari naizela?

Bai, noski.

[Kar-kar]. Oso gogoko dut, eta ni agertuko naizen aldiro hitz batzuk euskaraz egingo ditut. Ezustekoren bat izango duzue.

Nolako kritika egiten diezue potentzia handiei zientzia fikziozko istorio horrekin?

Kritika baino gehiago da: pentsamenduan eragiteko diseinatuta dago. Jende asko ez da fio potentzia handien gobernuekin. Hori agerian gelditu da pandemian ere, zenbait kontu ez baitziren azaltzeko errazak. Gobernuek azalpen batzuk eman dituzte, eta, handik gutxira, beste batzuk. Mezu aldaketa horiek eragin dute herritarrek konfiantza galtzea. Mundu osoan gertatu da hori, baina, aldi berean, jendeak ez daki zertan sinistu. Egoera horrek ikus-entzunezkoen sortzaileei aukera ematen die istorioan zenbait kontu sortzeko; ez beldurra eragiteko edo ekintza arraroak egiteko, baizik eta ikusleei transmititzeko sentitzen ari diren horretan ez daudela bakarrik.

Zientzia fikzioa genero ona al da kritika soziala egiteko?

Bai. Zeren gaur egun jada ez baitakigu zer den fikzioa. Argi dago ez dugula dena ezagutzen. Garai ona da zientzia fikzioa egiteko; generoak liluratu egiten nau.

Zazpi urte daramatzazu Miami Web Fest zuzentzen. Zer ezaugarri ditu jaialdiak?

Miami izanik, festak gogoz egon behar du. Zenbait konpainia handik egoitzak dituzte hirian, Latinoamerikara begira: HBO, Viacom... Horrek aukera ematen digu konpainia handien ordezkariek jaialdian parte har dezaten, eta, batzuetan, negozioak egin ditzaten sortzaile independenteekin. Harreman horiek sustatzea garrantzitsua da niretzat. Sortzaileentzako hazkundea sortu nahi dugu, eta banaketarako aukera errentagarriak erraztu ere bai.

Pandemiarekin lotutako lan asko jasotzen ari zarete?

Gehiegi, eta molde berekoak. Sormenari balio handia ematen diot. Arteak behar bat ukitu behar du. Beraz, sortu nahi dudana aurretik egina baldin badago, munduak ez du horren beharrik.

Uste duzu hizkuntza gutxituetako websailek, esaterako euskarazkoek, komertzialki funtzionatu dezaketela?

Herrialde eta hizkuntza desberdinak daudenean, balio erantsia dago. Film edo websail bat euskaraz baldin badago, ukitua oso-oso interesgarria da, eta beti izango du balio erantsia.

The Cell-en euskarazko denboraldiak nora bidaiatuko du?

Mundu osotik bidaiatuko du. Seriesland eta Miami Web Fest ezagunak dira beste herrialde askotan, eta, elkarrekin zerbait egiten ari garela jakiten dutenean, zale ugarik arreta jarriko dute gure websailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.