Asier Alegria eta Tania Llanos. 'Baserria'-ko irabazleak

«Finala lehen egunean jokatu bagenu, ez genuen inolaz ere irabaziko»

ETB1eko 'reality'-aren bigarren edizioko finalean, txapela irabazi dute Alegriak eta Llanosek. Aitortu dute ez zutela espero irabaztea. Alegriaren arabera, Llanos izan da «eboluziorik handiena» izan duen kaletarra.

ETB.
urtzi urkizu
2021eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Irakasle Ikasketak egiten ari da Tania Llanos (Gasteiz, 2000). Landabaso baserrikoa da Asier Alegria (Bermeo, Bizkaia, 1987).

Zer sentitu zenuten finalean txapela jantzita?

TANIA LLANOS: Nik ez nuen inoiz txapel bat jantzi, eta ez nuen inoiz imajinatuko reality-a irabaziko nuenik. Ez nintzen joan irabazteko asmoz, eta ilusio handia egin zidan txapela irabazteak.

ASIER ALEGRIA: Ez nuen espero. Badauzkat txapel batzuk, herri kiroletakoak. Idi proban, asto proban eta giza proban badauzkat. Baina ETBkoa berezia izan zen.

Baserria-ko garaipena nori eskaini nahi diozue?

LLANOS: Irabaztea amets bat izan da. Familiari, lagunei eta talde gorriari eskainiko nioke. Babestu nauten guztiei ere bai.

ALEGRIA: Aitita biak gazte joan ziren. Eta azken urtean bi amamak hil dira, COVID-19arekin. Haiei eskaini nahiko nieke.

Finala gogorra izan zen. Lehiak bazuen esanahia, kontuan hartuta aurretik une batzuetan joko zikina leporatu zizuetela, ezta?

ALEGRIA: Irabazten jakin orduko, galtzen ere jakin behar da. Han izan ginenok badakigu non hasi ziren jokoak... Argi dut garbi irabazi dugula. Batzuk lehia ikusi barik egon ziren gu kritikatzen, eta gauza bera entzutearekin sutan jartzen zara.

Finalean sasoi onari eutsi zenioten amaiera arte.

ALEGRIA: Tania eta biok unerik onenean geunden bikote gisa. Lehiarako gogoa ezin da egun batetik bestera piztu. Taniak prozesu bat izan zuen: azaldu nion nik esandakoak betetzen bazituen aukerak izango genituela.

Saioak, une batean, joarea joz bikotekidea aldatzeko aukera eman zuen. Alegriak joarea jo zuen, eta urdin bat aukeratu zuen. Llanos, nola bizi izan zenituen une haiek?

LLANOS: Joarearen unea eta ondorengoak Baserria-n bizitako zailenak izan ziren. Ez bakarrik Asierrengandik banandu nintzelako, baizik eta gorrien taldea galdu nuelako. Baina indarra hartu nuen, eta beti esaten nuen nire bihotza gorria zela. Gero, Asierrekin itzuli nintzen berriz.

ETB1eko reality-an, proba fisikoez eta lehiaz gain, oinarrietako bat da kaletarrek baserritarrengandik ikastea. Kaletarrek ikasi al dute zerbait?

ALEGRIA: Lehen egunean egin izan bagenu finala, ez genuen inolaz ere irabaziko. Saioan eboluziorik handiena Taniak izan du. Adituek zoriondu egin zuten. Interneteko sare sozialetan ere komentatu izan dute: behetik gora etorri zen, eta sekulako finala egin zuen.

Esperientziatik zer izan da politena zuentzat?

ALEGRIA: Horrelako lehiaketa batean, dirua tartean dagoela, ederra izan da topatu dudan jendea. Aizkorakada bat jaso nuen saio osoan. Edonola ere, 10etik 10ekoak izan dira denak. Ezin ziren topatu lagun hobeak bide hori egiteko.

Klaudio Landarekin ere ondo?

LLANOS: Oso ondo; oso tipo jatorra da. Nik hitzordu bat eskatu nion Telmorekin, baina horren zain nago oraindik.

ALEGRIA: Landa bezalakorik ez dago; saltseroa da. Denetarik bizi izan dugu harekin.

ETB2 katean El conquistador del fin del mundo egiten dute. Lehiatuko zinatekete hor?

LLANOS: Bi urtez aurkeztu naiz hautaprobetara. Bietan ezezkoa eman didate, eta ulertzen dut zergatik. Bestalde, Baserria-n badakit Asierri esker iritsi naizela iritsi naizen tokira. Conquis-era joanez gero, kaleratzen duten lehenengoa izango nintzateke.

ALEGRIA: Lagun batekin joan nintzen behin hautaprobara, eta laguna hartu egin zuten. Conquis-eko probak prestatu egin behar dira: duela urte batzuk, joango nintzen, baina orain, dagoeneko, ez. Baserrian lan asko daukat.

Conquis euskaraz irudikatzen al duzue?

ALEGRIA: Ondo egongo litzateke. Nik euskaraz egon diren reality guztiak ikusi izan ditut.

LLANOS: Reality zalea naiz, baina euskaraz ez ditut ikusten:Tele5koak ikusten ditut. Baina Conquis euskaraz polita litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.