Carlos Armando Dada Sanchez. 'El Faro' egunkari digitaleko zuzendaria

«El Salvadorren ez dago prentsa askatasun nahikorik»

Eusko Legebiltzarrean izan da Dada Sanchez, El Salvadorko kazetarien aurkako jazarpenaren berri ematen. Azaldu duenez, herrialde horretako hamabi kazetari erbestera joan dira.

EUSKO LEGEBILTZARRA.
urtzi urkizu
2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
1998an El Faro egunkari digitala sortu zuen Carlos Armando Dada Sanchez kazetariak (Lovaina, Flandria, 1970), eta hedabidearen zuzendaria da. Antoni Traviera prentsa askatasunaren saria jaso zuen iaz, Katalunian. Atzo Euskal Herrian egon zen, eta datozen egunetan beste herrialde batzuetan ibiliko da, El Salvadorko kazetarien egoeraren berri ematen.

Nolakoa da kazetaritzaren egoera El Salvadorren?

1992an gerra zibila amaitu zenetik bere garairik zailenean dago. El Salvadorko kazetarien elkartearen datuen arabera, asko ugaritu dira prentsaren aurkako erasoak. Kazetarien kontrako jazarpena sekulakoa da. Azken bi urteetan, 30 kazetari Pegasus programarekin zelatatu dituzte, besteak beste El Faro egunkariko 22 langile. Zenbait kazetari heriotza mehatxuak jasotzen ari dira, eta ikerketa judizialak ireki dituzte hedabide batzuen kontra. El Salvadorko hamabi kazetari erbestera joan dira.

Ideologia desberdinetako hedabideei erasotzen ari al zaie gobernua?

Bai, historikoki bat egiten ez zuten hedabideek bat egin dute egoera horren aurrean. Erregimen baten miran gaude, botere guztia konzentratzen duen gobernu baten azpian. El Salvadorren, egun, ez dago berme konstituzionalik, ezta prentsa askatasun nahikorik ere kazetaritzan jarduteko. Ez diot nik! Nazioarteko erakundeak hori esaten ari dira.

Nolako babesa jasotzen ari zarete nazioarteko elkarteetatik?

Munduko kazetari askoren elkartasuna jasotzen ari gara. Arnasa eman digu horrek, eta gobernuari kaltea ekarri dio kazetarion aurka jarduteak. Jende asko ari da mobilizatzen El Salvadorko kazetariak defendatzeko.

Nola dihoakizue El Faro egunkari digitalean?

Inoiz izan dugun arrisku egoerarik okerrena dugu. Ikertzeko, salatzeko eta kazetaritza egiteko dugun askatasuna ez da inoiz egon hain mehatxatuta. Aurreko gobernuak ez genituen lagunak, baina bagenuen aukera ustelkeriaz, narkotrafikoaz eta krimen antolatuaz idazteko. Lantaldea sinistuta dago gauzak kontatzen jarraitu behar dela; badira hiru aste edizioa egun batez itxi genuela, mozal legea-ren aurka protesta egiteko. Baina jarraituko dugu. Kazetariak gara.

Zer gertatzen ari da El Salvadorreko ekonomiarekin, gobernuak milioika dolar bitcoinak erosteko erabili ostean?

Ez naiz gaian aditua, baina bizkor ikasi behar izan dugu. Gobernuari ez zaio apustua ondo atera. Nayib Bukele presidenteak gutxietsi egin du nazioarteko erakundeek esandakoa, eta, nazioarteko hedabide batzuen arabera, datorren urtean gobernuak ezingo du zorra ordaindu. Inbertsiotarako eta oreka aldetik, munduan azken-aurreko tokian dago El Salvador, Ukrainaren aurretik.

Gai horiei buruz askatasunez idatzi ahalko duzue?

Bitcoinaren auziaz idazten aritu gara, nazioarteko adituen laguntzaz: aldekoekin eta kontrakoekin. Baina opakoa eta iluna da gobernuaren jarduera, ez baitago horren erregistro publikorik. Finantza publikoei buruzko informaziorik ezin da eskuratu.

Askok esan ohi dute gero eta prentsa askatasun gutxiago egon, demokrazia gutxiago dagoela. Nola bizi duzu hori?

Sistema demokratiko bat ez da botoa ematera joan eta kito. Funtsean pisu eta kontrapisu oreka batek egon behar du, botereari kontu hartzeak behar dira, eta joko arauek argiak izan behar dute denontzat. Demokraziarik ez dagoenean ez dago askatasunik, ezin da kazetaritzarik egin.

Zer moduz joan zaizu Eusko Legebiltzarrera egindako bisita?

Oso atsegina izan da. Giza eskubideen batzordeak egin dit harrera, Eusko Legebiltzarreko presidentearekin batera. Galdera asko egin dizkidate. Aintzat hartzekoa da Euskadik eta El Salvadorrek harreman estua izan dutela: ezkerren arteko elkartasuna egon zen 1980ko hamarkadan, eta, gainera, Ignacio Ellakuriak eta beste euskal jesuita batzuek lan handia egin zuten El Salvadorren. Jesuitek sortutako UCA unibertsitatea botere abusuak salatzen ari diren bakanetako bat da egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.