Asier Errasti. Podcast egilea

«Ahots bidezko komunikazioa pasioz bizi izan dut beti»

Igandean teknologiaren inguruko podcast bat estreinatuko du Errastik: 'Albistekia'. Astero sareratuko du plataformetan. Bi urtez gaixo egon ostean, «terapeutikoa» izatea espero du.

JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Mondragon Unibertsitatean ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen Asier Errastik (Donostia, 1994). Irratigintzan aritua da, baita Sutan Bang kolektiboko hainbat proiektutan ere. Duela bi urte minbizia diagnostikatu zioten —Ewingen sarkoma—. Garai oso gogorrak bizi izan ditu, baina irribarre bat pizten zaio bere podcast berriaz mintzo denean: Albistekia.

Ikus-entzunezko komunikatzailea zarela dio sare sozialetako zure profilean. Zer da ondo ikasi beharrekoa hori izateko?

Terminologiak nahasten ari dira. Kazetaritza ondo probatuta daukat, eta ez dut neure burua kazetari izendatzen, komunikatzaile baizik. Horretarako, jakin behar da nola ari den mundua kanpoko komunikazioa jasotzen. Eguneratzen ibili behar duzu. Ikus-entzunezko komunikatzaile batek behar du jakin eta ezagutu soziologikoki jendea nola komunikatzen den, eta hori bere onurarako baliatu.

Tekia teknologian interes handia duen pertsona da. Haientzat soilik izango al da Albistekia podcasta?

Ez. Euskal Herrian euskarazko eskaintza handia balego teknologiaren inguruan, agian planteatuko nuke hori egitea. Baina ez da kasua. Telebista pizteko arazoak dituztenentzat ere egin nahi dut podcasta.

Teknologia gaiak modu errazean azaltzeko erronka izango duzu orduan?

Bai, erronka izango da. Txiokatzea bezala izango da, baina podcast formatuan. Nire helburua da minutu batean edo bi minutuan albiste bat jorratzea. Hamabost minutu ingurukoa izango da podcasta. Nazioartean aste osoan izan diren albiste teknologikoen lagin bat erakutsiko dut.

Nahiz eta jende guztiarentzat egin, podcastak bere entzule nitxoa aurkituko duela uste duzu?

Egia da teknologiak nahiko arrakasta izaten duela podcast formatuan. Uste dut teknologiaren oso zale direnek kontsumitzen dutela podcast gehien, eta ,ondorioz, entzuleak egongo dira haien artean. Hala ere, itxaropena dut aniztasuna egotea entzuleen artean.

Terminologiari dagokionez, proposamen berriak egingo al dituzu?

Euskararen nahiko garbizalea naiz, berez. Baina absurdoa litzateke nazioartean zabalduak dauden hitz batzuk ez erabiltzea. Hitz berriak sartzen baldin baditut, esanahia ondo azalduko dut.

Beste hizkuntza batzuetan izango dituzu erreferentziak teknologia podcastetan.

Bai, noski. Gaztelaniaz, adibidez, sekulako mugimendua dago teknologiari buruzko podcastetan. Ingelesez, zer esanik ez.Gainera, esango nuke teknologia zaleak direla podcastekin hasi zirenak.

Grabaketak non egingo dituzu?

Nire etxean. 16 urte nituela sartu nintzen Donostiako Ttan-Ttakun irrati librean, eta betidanik bizi izan dut pasioz ahots bidezko komunikazioa. Gizakien ahotsak entzutea, bakoitzaren tinbreak, tonuak...

Sutan Bang kolektiboan askotariko egitasmoak sortu dituzue. Zer moduz doa taldea?

Oso gustura gabiltza. Orain umorea eta literatura uztartzen dituen podcast bat egiten dabiltza —Esku artean—, eta arrakasta handia izaten ari da. Duela zazpi urte Hernaniko [Gipuzkoa] Molotoff irrati librean jaio zen proiektu txiki bat zen Sutan Bang. Forma hartu du. Orain Tabakalerako 2deo laborategiarekin harremanetan gaude, eta gauza batzuk etorriko dira laster.

Osasun arazoengatik, fokuetatik at egon behar izan duzu.

Minbizia diagnostikatu zidaten duela bi urte, eta tratamenduan egon naiz urte eta erdiz. Mikro aurrean jarriko naiz bi urtean lehen aldiz, eta nire barne prozesurako lan terapeutiko bat izango da. Lan eskaintza batzuei uko egin behar izan diet, baina talde medikoarekin, psikiatrarekin eta onkologoarekin hitz eginez, proposatu zidaten ea zergatik ez nintzen proiektu xume batekin hasten, ordutegia neronek jarrita. Buelta asko eman ostean, hau izango da nire ofiziora itzultzeko saiakera. Ilusio handiz nago, bi urte hauek oso luzeak izan baitira. Podcasta terapeutikoa izango da niretzat, eta espero dut jendearen gustukoa izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.