Ikus-entzule gehienentzat arrunta eta erraza izan daitekeena ez da hain arrunta eta erraza beste ikus-entzule askorentzat. Hamaika Telebistan, bertako bideoak ikus eta uler ditzakete euskaldun gehienek; badira, ordea, bideo horietan esaten dena jasotzeko eta ulertzeko ezintasunak eta zailtasunak dituztenak. Gorrek edota euskara ikasten ari direnek, esaterako.
Haiei begira —baina ikus-entzule guztien esku— tresna berria jarri du abian Hamaika Telebistak: bideoen euskarazko azpidatziak. Horrela, euskarazko azpidatziak izango dituzte Hamaika Telebistak bere webgunean dituen (www.hamaika.eus) bideo batzuek. Hasieran, albisteetako off-eko ahotsa eta protagonisten hitzek izango dituzte azpidatziak. Gurean Gaur saioko bideoek. Hala ere, geroago webguneko zuzenekoetan eta ohiko telebistaren zuzenekoetan ere aktibatuko dituzte. «Urratsez urrats, aurrez grabatutako saioetan ez ezik, eduki gehiagotan ere azpidatziak eskaintzeko joera landuko dugu», azaldu dute Hamaika Telebistako ordezkariek. Ez hori bakarrik: «Beste hizkuntzetan daudenak euskarara ere ekarriko ditugu».
Horrela, ikus-entzuleak kazetariek edota bideoetako hizlariekesandakoa irakurri eta hobeto ulertu ahal izango du. Hamaika Telebistak Orai NLP Teknologiak enpresa izan du bidelagun zerbitzu berria eskaintzeko.
Atzo aurkeztu zuten, baina asteak daramatzate ahotsa azpidatzien sistema probatzen, eta frogatu dute badabilela. Hamaika Telebistaren egoitzan aurkeztu zuten tresna berria, telebistako eta Orai NLPko ordezkariek: Hamaika Telebistako Maddi Mochales Berrikuntza eta Teknika arduradunak eta Iñaki Uria zuzendari nagusiak; Orai NLP-ko Igor Leturia eta Iñigo Morcillo garatzaileek eta Josu Aztiria zuzendariak.
Etorkizunerako proiektuak
Adimen artifiziala baliatzen dute ahotsa testu bihurtzeko. Pertsonek esandakoa transkribatzeko eta automatikoki azpidatziak sortzeko modua garatu du Orai NLPk, hizketaren ezagutza automatikoan oinarritua. KAM telekomunikazio enpresak jarri du sistema martxan. Lengoaia naturalaren prozesamenduan espezializatutako enpresa da Orai NLP, Elhuyar Fundazioak sustatua.
Atzo aurkeztutakoa Hamaika Telebistaren eta Orai NLPren elkarlanaren hasiera da. Hainbat egitasmo dituzte aurrera begira, «Hamaika Telebistaren eraldaketa digitala bultzatzeko eta adimen artifizialeko beste hainbat teknologia aplikatzeko».Elkarlanaren emaitza izandaitezke, besteak beste, elkarrizketen azpidatziak, euskalkietan egiten diren mintzaldienak, azpidatziak beste hizkuntza batzuetara itzultzea, audioak beste hizkuntza batzuetan ere sortzea, beste hizkuntza batzuetakoa euskarara automatikoki bikoiztea, testuetatik hitz-gakoak erauztea edotalaburpen automatikoak egitea.
EuskadiAkitania BerriaNafarroa euroeskualdearen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du proiektuak.
Azpidatziak izango dituzte Hamaika Telebistaren bideoek webgunean
Oraingoz, 'Gurean gaur' saioko ahotsekin hasiko dira, baina aukera zabaldu egin nahi dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu