Albistea entzun

Jokin Etxeberria. Ekoizlea

«'Muak' toki nahiko librea da formatuak proposatzeko»

Askotariko proiektuetan ari da Etxeberria: 'Muak', Next Stationeko websail berria, Marc Lahoreren 'Jokari' filma... Pandemiaren oztopoak nabariak direla aitortu du, ordea.
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko urtarrilak 23 - Donostia

ETBrako Chiloé eta Burp saioak aurkeztu zituen Jokin Etxeberriak (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1979). Ekoizle aritu da azkeneko urteetan: J.O.K Films eta La Fidele Production ekoiztetxeak sortu ditu. Azken horrekin, Akelarre filmeko ekoizlea da.

Zer asmorekin sortu zenuten Muak euskarazko plataforma digitala?

Lehen asmoa zen euskarazko edukiak egitea Interneten, eta edukitzea toki bat nahiko librea formatu desberdinak proposatzeko, esperimentatzeko, asmatzeko eta jende desberdina biltzeko. Duela hiru urte sortu genuen, eta oso gauza desberdinak egin ditugu.

Esan daiteke Muak ez dela beti gauza bera eta ez dela izango?

Bai, ez da beti gauza bera izanen. Lehen urtean, minoritateen inguruan hitz egin genuen; euskal raparen inguruko egitasmo bat izan genuen; borroka historiko bat grabatu genuen Olentzero eta Aita Noelen artean; eta azkenaldian, ekologiaren inguruan aritu gara. Berriki, Autoflow lana Miarritzeko [Lapurdi] Fipadoc jaialdian hautatu dute. Baina jaialdia gibeleratu egin dute, eta ez dakit noiz ikusi ahalko den zineman.

Eko-gudariak ere egin duzue. Nolako lana izan da hori?

Egun, dokumental laburrak egiteko zailtasun asko daude, pandemiaren eraginez. Horregatik, estetika konfinatu batean egin genuen Eko-gudariak. Parte bat Bilboko plato batean grabatu genuen parte bat, eta bestea, Zokoako [Lapurdi] nire garajean. Zoom bidez elkarrizketak ere grabatu genituen, oso digitala izan da.

Next Station egitasmoan hasieratik parte hartu duzu, websailen ekoizpena sustatuz. Puntu Koma websailak zabalkundea izan du nazioartean. Zertan da Frank Harriet azken irabazlearen proiektua?

Istorioa musika talde bateko bikotearen ingurukoa da; banandu egingo dira, bakoitzaren anbizioak desberdinak direlako. Heldu- gazteentzat pentsatua da formatua.

Aurten grabatu ahalko da?

Bai, ziur da Harrieten websaila aurten grabatuko dela.

Askotariko proiektuetan zabiltza. Akelarre filmaren ekoizleetako bat zara, eta asteon jakin duzue bederatzi hautagaitza dituela Goya sarietarako. Indartsu iritsiko da filma Netflixera.

Akelarre filmean parte hartu dut Iparraldeko koekoizle gisa, eta bederatzi hautagaitza izatea oso publizitate ona da guretzat. Nik buruan nuen filmaren estreinaldia Iparraldeko eta Frantziako zinema aretoetan; badugu banatzailea, baina aretoak itxita daude. Akelarre urtarrilaren 6an estreinatzekoa zen Iparraldean eta Frantzian, eta orain ez dakigu noiz iritsiko den estreinaldi hori.

France3ko fikzio batentzat aktore lanetan aritu zara. Nola joan da esperientzia hori?

Thriller bat grabatu dute Ipar Euskal Herrian, eta nik telebistako albistegi baten aurkezlearena egiten dut. Hiltzaile baten ikerketari buruzkoa da istorioa. Grabaketa guztiak amaituak dituzte.

Akelarre-z gain, La Fidele Production ekoiztetxearekin beste lan baten ekoizpenean parte hartu duzu. Nolakoa da Marc Lahore Zuberoako zinemagilea egiten ari den filma?

Iazko udaberrian konfinamendu betean grabatu zuen, Akitanian eta Zuberoan, Julieta Salz bikotekidearekin batera. Jokari du izena filmak, eta performance teknikotzat jo daiteke. Martxoan, trailerra aurkeztuko dugu Bilbon, eta horrekin batera, Lahoreren The Open (2016) film post apokaliptikoa proiektatuko dute.

Websailak bizi-bizi dabiltza azkenaldian. Erakunde publikoetatik gehiago lagundu beharko lituzkete?

Badaude diru laguntza batzuk. Arazoa epeak dira: egutegiaren aldetik, aldatu egin beharko lirateke. Hego Euskal Herriko erakundeetan oso berandu iristen dira erantzunak, eta gero oso bizkor egin behar da ekoizpena. Akitanian, laguntza ematen dizute, eta bizpahiru urte dituzu proiektua garatzeko. Egutegiak moldatuko balira, bada zerbait egiteko aukera: betiere, proiektu txikiak. Puntu Koma-rekin, adibidez, erakutsi dugu egin daitezkeela euskarazko proiektuak, eta kanpoan funtzionatu dezaketela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alvaro Arrizabalaga—ezkerretik hasita bigarrena— bisitariei azalpenak ematen. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Lezetxiki, altxor arkeologikoa

Amaia Jimenez Larrea

Paleolitoko indusketetarako bereziki «garrantzitsua» da Lezetxiki. Bertara egin duten bisita gidatuari esker, bisitariek aztarnategiaren egoera ikusi ahal izan dute.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Aktore asko goi maila artistikora iritsi dira umeentzako obrei esker»

Unai Etxenausia

Teatro Paraiso antzerki konpainiaren sortzaileetako bat da Lopez. Konpainia hori Gasteizko Abetxuku auzoan sortu zen, haurrentzako antzerkia egiteko. Singapur, Kanada, Norvegia... Mundu osoan zehar ematen dituzte antzezlanak.
Gazte batzuk sakelako telefonoa erabiltzen. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Euskal gazteek egunean ordu ugari pasatzen dituzte Instagramen

Urtzi Urkizu

11-17 urte artekoak egunean 23 aldiz sartzen dira aplikazioan, eta aldi bakoitzean, 26 minutuz

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.