Albistea entzun

Pello Artabe Zuazo. Eskean Kristo musika taldeko abeslaria

«Belazeetan ez: lupetzean sartu gara»

Bide berriak hartuta ondu du Eskean Kristo taldeak 'Beste belaze batzuen gozoan' hirugarren lana. Baina diskorako bainoago zuzenean jotzeko sortzen dutela dio Artabek. Bilboko Kafe Antzokian izango dira gaur.
ESKEAN KRISTO Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2018ko abenduak 20

Lur berrietara egin du Eskean Kristo musika taldeak Beste belaze batzuen gozoan hirugarren diskoan. «Lur edo lokatz, ez dakin nondik aritu garen», esan du Pello Artabe (Arantzazu, Bizkaia, 1989) taldeko abeslariak, umorez. Haiek ekoiztu dute lana, eta, rocka ardatz hartuta, hainbat estiloren ertzak ukitu dituzte. Emaitzarekin pozik daudela dio Artabek. Azaroan kaleratu zuten lana, eta aurkezpen biran dabiltza orain. Bilboko Kafe Antzokian izango dira gaur, 22:00etan. Hilaren 27an, Donostiako Dabadaban izango dira, eta, 29an, Mutrikuko (Gipuzkoa) Abendurock jaialdian.

Belazez belaze zabiltzate?

Belazean ez: lupetzean sartu gara [irriak]. Azkenaldian behin baino gehiagotan errepikatu dugu, akaso, diskoaren izenak beste bat izan beharko lukeela: Beste belaze batzuen gozoan barik, Beste lokatz batzuen zikinean. Orain arte ezezagunak ziren eremuetan sartu gara, eta autoekoizpenarena da horietako bat. Aurreko bi diskoak diskoetxe batekin kaleratu ditugu. Oraingoan ere ibili ginen begira, baina ez gintuen ezerk konbentzitu. Orduan pentsatu genuen izan zitekeela momentua diskoaren ardura geure gain hartzeko, erronkari eusteko. Inolako ezagutzarik gabe murgildu ginen horretan.

Nolakoa izan da prozesua?

Hori da ezagutu dugun beste belazeetako bat [irriak]. Jendearekin hitz egin genuen diskoa nola atera ikertzeko, kontrolatu behar diren mila kontu daudelako. Bide horretan egin genuen topo Cesar Ibarretxe ekoizlearekin. Oro har, Euskal Herrian, ezezaguna izan da ekoizlearen figura orain arte. Normalena zen estudio batera joan, eta bertako teknikoak egitea ekoizle lanak. Azkenaldian, baina, estudioetatik kanpoko ekoizleekin lan egitea bogan jarri da. Guretzat aberasgarria izan da. Hiru estudio erabiltzea proposatu zigun berak, eta hala egin dugu: bateria eta baxua Berrizko Lorenzo Records estudioan grabatu ditugu; gitarrak, Mungiako Gaua estudioan; eta ahotsak, berriz, Bilbon, Doctor Deseo musika taldeak duen estudioan.

Ibarretxeren esku hartzea nabaritu da doinuetan?

Bai. Azken finean, bizi osoa eman du berak musikagintzan, eta mania nahiz egiteko modu propioak ditu; zentzurik onenean diot. Nabaritzen da eragin hori: efektu gehiago sartu ditugu, eta nire ahotsa ere argiago entzuten da azken disko honetan. Hortik beste belaze bat: estilistikoki oso ugaria da.

Hamar kantuko diskoa ondu duzue. Gaur egun, ezohikoa ere bada lan luzeak kaleratzea.

Bai, egia da. Disko luzea egin dugu disko luzeak egitea modan ez dagoen garaian. Abestiak ere luzeak dira, eta jatorrian are luzeagoak egin genituen. Ekoizleak ere gomendatu zigun batzuk laburtzea. Egia esan, hamar kanta osatzeak gauza ezberdinak egiteko aukera ematen dizu: aberastasun eta aniztasun aldetik jolasteko tarte handiagoa duzu. Horregatik diot beste belaze bat dela estiloena. Lehen aldiz sartu dugu popa eta psikodelia; eta bossa nova estilodun abesti bat ere badago, Francis, Doctor Deseoko abeslariaren parte hartzea duena.

Rock hutsetik harago egin duzue?

Mugarri izan zen une bat izan genuen lehen diskoaren ondoren. Norabidea hartu behar genuen: rock estilora mugatu edo beste estilo batzuetara sartu. Rockero puristak izan ordez, gure kolore paleta zabaltzea erabaki genuen orduan, eta azken lanak berretsi egiten du hartu genuen norabide hura. Rocka da beti gure oinarria, baina, ardatz horretatik, beste ertz batzuetara egiten dugu. Nolanahi ere, abestiak zuzenean kantatzeko sortzen ditugu; zuzenean funtzionatu behar dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ahomentan: Agertoki berri baterako lanak

Agertoki berri baterako lanak

Itziar Ugarte Irizar

Badira zenbait auzi behin eta berriz agertzen direnak kulturgileen ahotan, maiz urgentzia forman; dela sortzaileen prekaritatea, dela euskal kulturaren bazterreko egoera. Epe motzean horiek beste leku batean ezartzeko mugimenduak bidean dira, baina badira askatu gabeko eztabaidak ere.

Joxean Muñoz Otaegi eta Amagoia Gurrutxaga Uranga, Donostian. ©Maialen Andres, FOKU

Agertoki berri baterako lanak

Itziar Ugarte Irizar

Badira zenbait auzi behin eta berriz agertzen direnak kulturgileen ahotan, maiz urgentzia forman; dela sortzaileen prekaritatea, dela euskal kulturaren bazterreko egoera. Epe motzean horiek beste leku batean ezartzeko mugimenduak bidean dira, baina badira askatu gabeko eztabaidak ere.

Hazia musikaleko dantzariak, entseatzen, Errenteriako Dantzagunean (Gipuzkoa). ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Kooperatiben aitzindariaren fruitua

Andoni Imaz

Gontzal Mendibil musikariak Jose Maria Arizmendiarrieta kooperatiben sustatzailearen bizitza kantu bihurtu du, 'Hazia' musikala sortzeko. Datorren irailaren 17an estreinatuko dute, Arrasaten.

'Orelhas' irudia. ©Alex Rozados.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...