Jon Lamarka. Gaztea-ko koordinatzailea

«Funtsezkoa da 14-16 urtekoak euskarara erakartzea»

Gaur bete dira 30 urte Gaztea irratiak emankizunak hasi zituenetik. Lamarkaren arabera, beste irrati musikal komertzialek baino soslai gazteagoa dute Gaztearen entzuleek.

EITB.
urtzi urkizu
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
2008tik ari da Gaztea gidatzen, eta sektorean gertatzen ari diren aldaketei adi-adi dago. Irratiko koordinatzailea da Jon Lamarka (Donostia, 1963).

Koronabirusaren krisiaren erdian harrapatu zaituzte Gaztearen 30. urteurrenak. Nola geratu dira ospakizunak?

Egunotarako zenbait kontzertu genituen antolatuak, eta joan den asterako erabaki genuen bertan behera uztea. Beste formatu batzuk ari gara aztertzen. Ikusiko dugu zer egin dezakegun. Era berean, irratiko esatari asko etxetik ari da lanean; telelana bermatzen saiatzen ari gara egunotan. Programazioari eusten saiatzen ari gara. Uztailerako ere kontzertu handiak genituen...

Edonola ere, 30 urte bete ditu gaur Gazteak. Nolako balantzea egiten duzu?

Oso garai interesgarrian ari gara irrati guztiok, baina egoera oso aldakorra da. Irrati formulen artean liderrak izan gara urte askoan. Gauza handia da urteotan egin duguna, kontuan hartuta euskara hutsean aritzen den irrati bat garela, hemengo taldeek duten presentziarekin, eta mundu globalizatuak eskaintzen dituen hit-ekin, dagoen lehiarekin. Beraz, balantze oso ona egiten dugu: harro gaude. Izen eta aurrekontu handiak dituzten irrati komertzialen pare edo gainetik egon izanak erakusten du gure irratiak sekulako arrakasta izan duela gazteen artean.

Kontsumo joerak aldatzen ari dira, ordea.

Bai, gazteek albo batera utzi dute telebista ikusteko modu tradizionala. Eta, pixkana-pixkana, hori gertatzen ari da irratiarekin ere. Guk beti entzuleen oso soslai gaztea izan dugu, beste irrati komertzialek baino gazteagoa. Aldi berean, guretzat zubi lana egitea oso garrantzitsua da, euskararen mundura erakartzen ditugun gazteek euskaraz kontsumitzen jarraituko dutelako etorkizunean. Funtsezkotzat jotzen dugu 14-16 urte arteko gazteak euskarara erakartzea. Ea lortzen dugun gazteek euskararekin beste harreman bat izatea, ez dadila haientzat obligazio bat izan.

Podcastekin hasiak zarete. Zer asmo duzue alor horretan?

Jarraitzeko asmoa dugu. Sare sozialak ere erabiltzen ditugu gure edukiak zabaltzeko eta zubi lana egiteko. Bestalde, gizartean gazte gutxi daude, baina gazte horiei eusten gure ahaleginak eta bi egingo ditugu. Orduz orduko azterketak egiten ditugu publikoarengana iristeko, nahiz eta ez daukagun big data-rik. Errealizazioa nola egin asko pentsatzen dugu. Gazteak dauden tokietara iritsi nahi dugu; adibidez, Instagramera. Arazoa da oso lantalde txikia dugula.

Euskal musikak zer ehuneko betetzen du programazioan?

Guri eskatzen digute %15-%20 bete dezala. %20ren bueltan ibiltzen gara. Durangoko Azoka iristen denean, primeran, erraza izaten dugu euskal musika berria sartzea. Baina gero basamortua iritsi ohi da...

Tarte batzuetan ez al da gaztelaniazko hitz eta esamolde gehiegi sartzen Gaztean?

Albisteak emateko, badago euskara estandar bat, formala. Baina gizarte moduan, hausnarketa bat egin beharko genuke gazteeentzako euskara ez-formalari dagokionez. Eskozian, Galesen, Islandian eta beste herrialde batzuetan, eztabaidak izaten dituzte gazteen hizkera ez-formalaren inguruan. Esan nahiko nuke Jon Gotzon pertsonaiak erabiltzen duen euskara bakarrik Jon Gotzonek erabil dezakeela. Jabetzen gara ezin dugula euskañola erabili umorea egiteko arma bakar gisa. Programa gidatzen duen esatariak euskara batua erabili behar du, hori da araua. Periferian daudenek euskalkiak erabil ditzakete, eta euskañola ere hor sartzen da. Zenbait soziolinguistak esaten digute bide hori beste herrialde batzuetan ere erabiltzen dutela.

Etorkizunari begira, zer erronka nagusi ditu Gazteak?

Bizirik irautea. Ona da jakitea gauza guztiak aldakorrak direla. Jende askori zorabioa ematen dio horrek. Podcastak egiten hasi garen bezala, nahiko genituzke podcast gehiago egin. Ideia asko dauzkagu, baina batzuk garestiak dira. Irrati musikal gisa, esatariaren lana aldarrikatu behar dugu, eta influencer-a bada gazteen artean, horrek lagunduko digu. Bestetik, sakelakoan ez dagoenak ez dauka etorkizunik. Gazteak gurera erakartzen jarraitu beharko dugu, eta urteurrena pasatzen denean, hausnarketa bat egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.