Alvaro Diaz. Zeppelin ekoiztetxeko zuzendari nagusia

«Gasteizen luzarorako gelditzea da gure asmoa»

Zeppelin ekoiztetxeak bulego bat zabaldu du Gasteizen, animaziozko proiektuak lantzeko. Diazek nabarmendu du sektoreko profesional talentudun asko daudela Arabako hiriburuan.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
urtzi urkizu
2019ko irailaren 12a
00:00
Entzun
2016an izendatu zuten Zeppelingo zuzendari nagusi Alvaro Diaz (Oviedo, Espainia, 1977). Aurretik, ekoiztetxe bereko ekoizle eragile eta edukien arduraduna izan zen. Hainbat urtez zuzendu zuen Gran Hermano saioa.

Animaziozko proiektuak ari zarete garatzen Gasteizko egoitza berrian. Nolako apustua da?

Animearekin bide bat hasi genuen, eta aitzindariak izan gara Espainian. Rubius youtuberra izan dugu bidelagun Virtual hero saioan, eta bigarren denboraldia egin dugu aurten. Apustu horretan sakondu nahi genuen: Gasteizen talentu asko daude alor horretan aritzeko, eta horrek eraman gaitu hirian egoitza zabaltzera. Bertan, Laura Gallegoren Memorias de Idhún ari gara animera egokitzen. Proiektu asko garatuko ditugu Gasteizen.

Nolako akordioa itxi duzue Arabako Diputazioarekin?

Erraztasun asko eman dizkigute Gasteizen martxan jartzeko. Eztabaidaezina da animazioa egiteko estudioa Gasteizen jarri behar genuela. Oso pozik gaude. Araban harrobi handia dago: Maite Ruiz de Austrik zuzentzen du lehen proiektua, eta estudioan hamabi lagun ari dira lanean.

Cornelia Funke idazlearen Young Werewolf liburuaren eskubideak erosi dituzue.

Bai, proiektu zoragarria da, eta plataforma askori aurkeztuko diogu. Disneyn lanean aritutako profesional bat lotu dugu: Raul Garcia. Sortzaile bikainekin bat egitea da gure asmoa.

Iragarri berri duzu Amazonentzako saio bat egingo duzuela. Zer formatu izango da?

Gure ekoiztetxeak sortutako formatu propio bat da, eta Amazonek mundu osoan zabaltzeko erosi du. Abenturazko reality bat izango da. Amazonekin beste proiektu batzuetan ere ari gara lanean, baina reality hori da handiena.

Zer moduz doaz harremanak streaming bidezko plataforma handiekin?

Oso ondo, harremana bikaina da. Plataformek sektorea aldatuko dutela esaten da, baina aldaketa eman da jada. Gurea bezalako ekoiztetxeentzat bedeinkapen bat da bezero berriak izatea. Gainera, mundu osoan ikusleak edukitzea pizgarria da guretzat.

Egoera berria mesedegarria da zuentzat?

Bai; batez ere, gureak bezala sormen propioaren aldeko apustua egiten duen ekoiztetxe batentzat.

Enpresaren irudi korporatiboa aldatu duzue. Zergatik?

Errealitate berriaren isla da. Gero eta bezero gehiagorentzat egiten dugu lan, ekoizpen moduak desberdinak dira, eta egokitu egin gara horretara. Irudia sinplea da, baina aldiro egokitu egingo da formatu bakoitzera.

Epe luzera begira, zer bide egin nahiko zenukete?

Epe luzerako plan bat badaukagu, baina gaur egiten dugun orok markatuko du hori. Sormen propioaren alde egin nahi dugu apustu. Fikzioan hazten jarraitu nahiko genuke; horren adibide gisa, Javier Sierraren El fuego invisible eleberrian oinarritutako telesail bat egingo dugu.

Gasteizen egoitza izanik, ba al duzue asmorik animazioa euskaraz egiteko?

Gasteizen luzarorako gelditzea da gure asmoa, eta etorkizuneko planen artean s ar daiteke. Oraintxe, proiektu oso handitan ari gara lanean, baina ez dugu baztertzen euskarazko proiektuak garatzea. Istorio on bat ona da, hizkuntza bat ala bestea izan.

Zuen saiorik arrakastatsuenetako bat itzuli zen atzo gauean Tele5ra: Gran Hermano VIP. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sekulako ikusle datuak lortzen ditu. Zein da horren gakoa?

Arrakastaren gakoa euskal ikus-entzuleen irizpide ona da. Argi daukat hori. Gala bakoitzaren ostean, erkidego batzuetako datuak ikaragarriak izaten dira. Hogei urte dira Gran Hermano egiten ari garena, 27 edizio grabatu ditugu jada, eta luxu bat da. Denboraldi bakoitza hasten dugunean, ikusleek itxaroten dugunari erantzuten saiatzen gara. Hainbeste urtean iraun duen beste fenomenorik ez dago munduan: bakana da Gran Hermano.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.