Guillermo Roa. Zientzia dibulgatzailea

«Hobeto kontatzen nuen ikertu baino»

Aurten 24 sasoi bete ditu 'Norteko Ferrokarrila' Euskadi Irratiko irratsaioak. Horietatik 15etan, Roa izan da makinista. Kimikako doktorea, flautista amateurra, marrazkilaria eta animaziogilea da.
BERRIA

Edu Lartzanguren -

2019ko urriak 4
Kimikako doktore bat, musikazale bat eta marrazkigile bat irrati estudio batean elkartzen dira. Txiste baten hasiera ematen du, baina hiru pertsonaiak Guillermo Roa dira (Donostia, 1968). Berak hala aurkezten du bere burua irratian, baina gehienek Willy esaten diote. Zientzia eta teknologiaren inguruko Norteko Ferrokarrila irratsaioa gidatu du hamabost urtez Euskadi Irratian.

Zer egiten du kimikako doktore batek irratian?

Donostian ikasi nuen kimika, eta han egin nuen doktore tesia: mekanika kuantikoa erreakzio organiko batzuei aplikatua. Penizilina sintetizatzeko erreakzio kimikoen azterketa teorikoa zen. Horrek esan nahi du ez nintzela laborategi batean sartu, ez neukala bata zuririk: ordenagailuaren aurrean aritu nintzen lanean.

Inoiz egin duzu lanik kimikagintzan?

Ez. Tesia bukatu, eta logikoena izaten zen atzerrira joatea, ikertzera. Baina —dena esan beharra dago— ez nintzen oso ikertzaile ona. Tesia ondo atera zen, baina gauza batez konturatu nintzen: askoz hobeto kontatzen nuen, ikertu baino, nolabait esateko. Dibulgazioaren aukera zabaldu zitzaidan Elhuyarren, eta hara joan nintzen.

Elhuyar aldizkarian dibulgazio artikuluak egin ostean, nola hasi zinen irratian?

Irratietara joaten ginen, gonbidatu gisa, zientzia gaiez aritzera. Elhuyarrek bi produktu egiten zituen EITBrekin batera: Norteko Ferrokarrila irratsaioa eta Teknopolis telebista saioa. Ordura arte irratsaioa kazetari batek egiten zuen, baina, Oier Araolaza joan zenean, Nagore Rementeria eta biok hasi ginen. Hasieran, oso gaizki, baina, pixkanaka, joan nintzen ikasten. Beste esatari batzuk entzuten nituen, beste irrati batzuk, eta gustuko nituenengandik ikasten saiatu nintzen. Pixkanaka harrapatzen dituzu egiteko moduak eta trikimailuak.

Zer trikimailu, esaterako?

Zer egin gonbidatu batek hitz egiten ez duenean, edo gehiegi hitz egiten duenean? Lehenengo kasuan, gustuko duen gai bat aurkitu behar duzu, eta hortik tira egin. Bigarrenean, musika da salbatzailea: gehiegi hitz egiten duen bati musika jartzen diozu azpitik, eta jasotzen duen mezua da saioa amaitzen ari dela. Beste mila trikimailu txiki daude.

Dibulgazio saio batek edonorentzako modukoa izan behar du. Nola erabakitzen duzu saio bat teknikoegia geratzen ari dela eta erraztu egin behar dela?

Kontuz ibili behar da teknologiarekin. Eman behar da, baina kontuan hartuta beharbada entzuleak ez dakiela zertaz ari zaren, eta azalpena eman behar diozu. Zientziako kontzeptuak azaldu egin behar dira. Ez dira horren zailak; logikoak dira, eta uler daitezke azalpen batekin, terminologian galdu gabe. Ulertu egin behar da testuingurua. Hori ez da asko lantzen dibulgazioan, eta niretzat gakoa da.

Teknopolis-en egiten duzun lana ezkutuagoa da. Zertan aritzen zara?

Erreportajeak egiten. Eta, aurten arte, marrazkiak. Zientzia Animatua atala daukagu, eta marrazkien bitartez azaltzen ditugu oinarrizko kontzeptuak. Bi minutuko pilulak dira. Betidanik marraztu dut, eta 3D animazioak egiten ikasi dut. EHUn ilustrazio zientifikoari buruzko graduondo bat sortu zuten duela bi urte, eta animazio klaseak ematen ditut hor, Bego Vicariorekin batera. Lotuta dago dibulgazioarekin, baina nire beste arlo bat da.

Gai asko landu dituzu hamabost urteotan. Zein da gehien liluratu zaituena?

Australiako ekologiari buruzko saio polit bat egin genuen. Joera daukat historia lantzeko: zientzia islamikoak gurean izan duen eragina, Urdanetaren kontuak...

Nora doa zure trena?

Beldur diot gauza bera etengabe egiteari. Milaka gai daude, askorako ematen dutenak, baina asmoa dut gai txikiak ere jorratzeko, argigarriak direlako. Iaz azaldu genuen ingelesek zergatik esaten duten o'clock, zerikusia baitu erlojua XIV. mendean Ingalaterrara iristeko prozesuarekin. Oso kontu politak daude pixka bat bilatuz gero. Ez diegu bakarrik gaurkotasun handiko gaiei eta azken albisteei erreparatu behar; nahastu behar ditugu halako gaiekin. Halako bat topatzen dudanean, korrika eramaten dut Norteko Ferrokarrila-ra.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna