Izaskun Zelaia. Bilboko Konpartsak federazioko kidea

«Etenaldiari esker, barnera begiratzeko tartea hartu dugu»

Pandemiak behartuta, urtebeteko geldialdia egin dute Bilboko Konpartsek. Denbora horretan, hausnarketa prozesu batean murgilduta egon dira, baina, orain, «gogotsu» daude udako programazioari ekiteko.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Urtebeteko hausnarketa prozesuaren ondoren, udari ekiteko prest daude Bilboko Konpartsak. Datorren larunbatean mendi irteera antolatu dute Txosnaganera, eta, aurrera begira ere, zenbait egitasmo dituzte esku artean. Izaskun Zelaia Bilboko konpartsakideak (Bilbo, 1992) dio «gogotsu eta indartsu» itzuli direla geldialdiaren ondoren. Aurtengo Aste Nagusia bertan behera geratu bada ere, «bilbotarren alaitasuna berreskuratzea» da haien erronketako bat. Betiere, «arduraz» jokatuz.

Gora Txosnagane egitasmoarekin abiatuko duzue udako kultur programazioa. Zer egingo duzue?

Bikoteka egiten den ibilaldi neurtu bat da. Aurtengoa bederatzigarren aldia izango da, baina, bizi dugun egoeraren ondorioz, pixka bat moldatu behar izan dugu. Pilaketak saihesteko, parte hartzaileak modu mailakatuan aterako dira irteeratik, eta helmugara ere hala iritsiko dira. San Adrianen emango zaio hasiera ibilaldiari, eta, ibilbide luzea edo laburra egin ondoren, Atxuriko plazara iritsiko dira parte hartzaileak. Udako lehenengo egitasmo horren bidez bilbotarrei oxigenoa eskaintzea da gure asmoa, eta, era berean, naturaz gozatzeko aukera izatea.

Horrez gainera, zein beste ekintza dituzue esku artean?

San Joan bezperan, esate baterako, antzezlan bat egingo dugu Lekeitioko Deabruak antzerki taldearekin batera. Ez da aurreko urteetako formatu berdina mantenduko, baina, segurtasun neurri guztiak betez, jende nahiko biltzeko aukera egongo da. Horrez gainera, abuztu bukaerarako ere jo ta ke ari gara egitarau berezia prestatzen.

Bilboko jaien txanda abuztuan izango da. Aste Nagusia bertan behera geratu ondoren, baduzue zerbait aurreikusia aurtengo jaietarako?

Bai, aurten ere Aste Nagusirik egongo ez denez, gure asmoa, abuztuan zehar, Bilbon ekintza kulturalak egitea da. Momentuz, lanean ari gara eskaintza zabal bat egiteko asmoz, baina argi dugu adin guztietarako aisialdi eta kultur alternatibak prestatuko ditugula.

Pandemiak eragindako geldialdia zertarako baliatu duzue?

Egia esan, oso ondo aprobetxatu dugu geldialdi hori. Ordura arte generaman erritmoa sekulakoa zen, eta eguneratzeko beharra genuen. Gizartea eraberrituz doan heinean, guk geuk ere eraldatu behar dugu. Hortaz, etenaldi honi esker hausnarketa prozesu batean murgildu gara, eta barnera begiratzeko tartea hartu dugu.

Barne begirada hori egitea beharrezkoa izan da Bilboko konpartsentzat?

Beharrezkoa baino gehiago, oso lagungarria izan da. Etenaldi honetan denok elkarlanean aritu gara, eta azkenean horrek eman digu modua egitarau bat aurrera atera ahal izateko. Era berean, bilbotarrek ere behar gaituztela ikusi dugu, eta, ondorioz, gogotsu eta indartsu gatoz.

Zer ondorio atera dituzue hausnarketa prozesu horretatik?

Batetik, barne antolakuntzan, gure harremanak hobetu ditugu, lanerako giro aproposa sortu dugu, eta lankidetzan oinarritutako talde bat osatu dugu. Bestetik, kanpora begira, zer motatako harremanak ditugun landu dugu, eta horiek nola hobetu aztertu dugu, besteak beste.

Orain, berriro ere kalera irteteko garaia da. Halako egoera batean, beharrezkoa da hirian jai giroa sortzea?

Zalantzarik gabe. Pandemiaren ondorioz kaleak hustu egin ziren, giroa goibela zen, eta, hortaz, ikusi dugu badela garaia egoera horri buelta emateko. Bilboren eta bilbotarren alaitasuna berreskuratu nahi ditugu, berriro ere irribarre egitea eta, ahal den neurrian, nolabaiteko normaltasuna berreskuratzea.

Aurreko urteekin alderatuta, jai ereduan aldaketarik egin behar izan duzue?

Egia esan, gure jai eredua berbera da oraindik ere: parte hartzailea, herritarra eta plurala da. Bizi dugun egoeraren ondorioz, gauzak egiteko eta antolatzeko modua aldatu behar izan dugu, eta egoera berri horretara egokitu behar izan dugu. Hala ere, ez da beti horrela izango, eta ahal bezain laster itzuliko gara ohiko jai eredura.

Zeintzuk dira zuen erronkak?

Gure helburua normaltasuna ahalik eta azkarren berreskuratzea da. Hortaz, bide horretan urratsak eginez, apurka-apurka, berriro ere kaleak hartu nahi ditugu.

Zer-nolako bilakaera izan dute Bilboko Konpartsek urte hauetan guztietan?

Hasieratik gaur egunera etengabe eguneratuz joan dira Bilboko Konpartsak. Bilbotarren nahiei erantzuten saiatu gara une oro, eta orain ere, hori da gure asmo nagusia: elkar zaintza eta lankidetza sustatzea.

Zer eskaintzen diete Bilboko konpartsek Bilboko jaiei?

Gauza asko, kar-kar-kar. Esate baterako, espazio anitzak, seguruak eta askeak sortzea edonork parte hartzeko aukera izan dezan. Azken finean, guztiok elkarbanatu ahal izateko espazio bat sortzea.

Zein hutsune ikusten dituzu orokorrean?

Sarritan uste izaten da Bilboko Konpartsek jaietan baino ez dugula lan egiten. Hau da, Bilboko Aste Nagusia amaitzearekin batera, gure jarduna ere amaitu egiten dela. Baina ez da horrela. Urte osoa igarotzen dugu lanean, herritarren nahiei erantzuteko helburuz.

Aurrera begira, zein asmo duzue?

Aurretik esandakoari tiraka, ahal den neurrian gero eta espazio gehiago hartzen eta eskaintzen jarraitu nahi dugu. Hau da, bilbotarrez gainera, edonork izatea gure eskaintzaz gozatzeko aukera. Bestalde, datorren urtera begira, espero dugu ahalik eta jairik osoenak egiteko aukera izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.