Donostiako 82. Musika Hamabostaldia. Maria Martinez. Flauta jotzailea

«'Goldberg bariazioak' boskoterako moldatzea sekulakoa izan da»

Seldom Sene flauta boskoteak Bachen obra joko du gaur, eta errepertorio garaikide bat bihar. Instrumentuak duen irudi «negatiboari» aurre egin nahi diote bi kontzertuetan, eta haren alderdi askotarikoak erakutsi.

Maria Martinez flauta jotzailea (eskuinetik bigarrena), Seldom Sene taldeko gainerako kideekin. SARAH WIJZENBEEK.
Andoni Imaz.
2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Bost flautistak sortu zuten Seldom Sene taldea, 2009. urtean, Amsterdamgo kontserbatorioko ikasleak zirenean: Hester Groenleerrek, Ruth Dysonek, Eva Liok, Maria Martinezek eta Stephanie Brandtek, argazkiko hurrenkeran. Bi kontzertu emango dituzte Donostiako 82. Musika Hamabostaldian: gaur, Antzinako Musika zikloan; bihar, Musika Garaikidekoan. Martinezek (Cuenca, Espainia, 1972) erantzun dio BERRIAren deiari, Herbehereetatik.

Bi ziklotan jotzeak boskote moldakor bat zaretela esan nahi du?

Hasieran, antzinako musikako boskote bat ginen, baina berehala hasi ginen garaikidea ere jotzen. Gure instrumentura ondo egokitzen den edozein errepertorio interesatzen zaigu. Erdi Aroko musika jo izan dugu, baita guretzat idatzitako musika garaikidea ere.

Osagarriak dira?

Baietz uste dut. Azken finean, gaur egun interpretatzen dugun edozein musika da garaikidea nolabait; musika beti gertatzen da orain bertan, eta zerbait esaten dio orain bertan entzuten duenari. Gainera, badaude gai batzuk, abstraktuak, espresiozkoak, musikalak, emozio edo azentu jakin bati buruzkoak... Askotariko motibo bihurtzen diren gai apal batzuk, hala antzinako musikan nola garaikidean.

Instrumentuak aldatu egingo dira batetik bestera. Zer bagaje ekarriko duzue Donostiara?

Zortzi maletarekin bidaiatuko dugu denera, eta instrumentuek zati handi bat hartuko dute. Dena dela, ez dugu gure bilduma osoa eramango, inondik ere. Bi kontzertuetako instrumentuak nahiko desberdinak dira. Antzinako musika jotzeko, barrokoko originaletan inspiratutako kopiak ditugu, nahiz eta zatirik baxuenetarako flauta karratuak eramango ditugun; asmakizun garaikideak diren arren, ondo moldatzen dira. Musika garaikiderako, denetarik eramango dugu, neurri eta soinu mota guztietako tresnak. Sopraninoa da txikiena, eskolako txirula baino txikiagoa, eta azpikontrabaxua handiena; ni baino altuagoa da, eta biolontxeloaren erregistroa du, gutxi gorabehera.

Harreran eta interesean, aldea dago bi musika moten artean?

Guri gustatzen zaigu obra garaikideren bat edo beste txertatzea antzinako musikako programetan. Entzuleak antzinakoa aditzera joaten dira, baina kontzertuaren ondoren esaten digute garaikideak harritu egin dituela, gustatu egin zaiela. Uste dut jendeak, musika garaikidea entzutera ausartzen denean, antzematen duela haren xarma. Musika garaikideak antzinakoak baino entzule gutxiago ditu, eta antzinakoa... ez da ez rocka, ez popa. Klasikoa da, eta badakigu gauzak modu oso erakargarrian egin behar direla jendearengana iristeko.

Zuk zeuk moldatu dituzu Bachen Goldberg bariazioak flauta boskoterako. Nola egin duzu?

Jaialdi batean, parte hartzaile guztioi eskatu ziguten moldatzeko bariazioren bat. Bi mugimendu egin genituen, eta hain gustura geratu ginen, non osorik moldatzea pentsatu baikenuen. Azkenean, neuk egin nuen. Sekulako aukera izan da, zeren bost flautistarekin obra osoa molda dezakezu teklaturako duen konplexutasuna eta birtuosismoa aldatu gabe; laukote batek ezingo luke egin. Flautaren arazo tipikoa da zortziduna aldatu behar izaten dugula, ez garelako kabitzen erregistro guztietan. Teklaturako idiomatikoagoak diren bariazioak izan dira zailenak; adibidez, eskuak gurutzatuta jotzen diren pasarteak. Arpegio azkarrak dira, goi erregistrotik behekora doazenak. Flautan, musikari batetik bestera aldatu behar duzu, adi-adi, nabaritu ez dadin. Teklatu jotzaile bakar bat bagina bezala aritzen gara, nahiz eta hamar eskurekin jo, eta ez birekin.

Ibarrondoren Au-delà pieza aurkeztuko duzue; Musika Hamabostaldiaren enkarguz sortu du. Nolakoa da?

Obra zaila da, trinkoa. Sei minutu eta erdi irauten du, eta energia deskarga handi baten modukoa da. Kontraste asko ditu: flauta altuak, energia biziko mugimenduak, apaingarri asko... Niri txistua gogorarazten dit batzuetan.

Gainerakoan, nolakoa da errepertorio garaikidea?

Errepertorio eklektikoa da. Musika teatrala dago, abstraktuagoa ere bai, minimalista... Motibo txiki bat errepikatu eta eraldatu egiten dugu. Bachek Goldberg bariazioak obrarekin erakutsi zuen zer egin zezakeen klabezinak XVIII. mendean, eta gu saiatzen gara erakusten zer egin dezakeen flauta boskote batek XXI.ean. Badaukagu obra komertzial bat, positiboa dena, ia atsegina, baina baita Ibarrondorenaren moduko musika konplexua ere. Obra gehienak guretzat idatzitakoak dira, eta horrek ematen du inpresio bat guri interesgarria iruditzen zaigunari buruz, gure instrumentuei eta formazioari dagokienez.

Contraviento izena jarri diozue kontzertuari. Zergatik?

Haizearen kontra aritzea gogorragoa da, baina, azkenean, airera joaten zara. Badu sinbologia bat flautista izatearekin. Instrumentuak irudi negatibo samarra dauka; jendeak hezkuntzako instrumentu gisa ezagutzen du batez ere, eta agian ez dira animatzen kontzertu batera etortzera. Lan ona eginez gero, aireratzea espero dugu [barrez].

Lehen aldiz ariko zarete Musika Hamabostaldian. Jaialdiari buruzko zer irudi duzue kanpotik?

Pribilegio bat da han jotzea, eta are gehiago garai hauetan, azken urte eta erdian kontzertu asko utzi dituztelako bertan behera. Musika Hamabostaldia interprete gisa jarraitzen duzun jaialdi horietako bat da, eta pentsatzen duzu: «Nola gustatuko litzaidakeen han jotzea...». Erreferentzia bat da nazioartean. Nire kideei esan nienean han jotzeko aukera genuela, ezagutzen zuten. Horrek dena esaten du. Ea gozatzerik daukagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.