Intza Alkain eta Beatriz Egizabal. Umoregileak

«Inprobisaziotik asko dute gure esketxek»

Berria telebistaren 'Korriklika' saioan esketxak egiten ari dira Egizabal eta Alkain. Ramonirena egiten du lehenak, eta Lohitzunerena bigarrenak. Korrikaren aitzakian, irribarrea ateratzen ari dira ikusleei.

JON URBE/ FOKU.
urtzi urkizu
2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Ipuin baten kontura bildu ziren, eta denbora gutxian konexio berezia lortu dute Intza Alkainek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1995) eta Beatriz Egizabalek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1971).

Nola okurritu zaizue Ramoni eta Lohitzune pertsonaiak sortzea?

BEATRIZ EGIZABAL: Berria telebistarako esketxak egin nahi zituzten, nire izena iritsi omen zitzaion Jon Ordoñez kazetariari, eta hark deitu zigun. Intzarekin ipuin saio bat prestatua nuen, eta harekin lan egiteko gogoa nuen.

INTZA ALKAIN: Elkarrekin zerbait egin nahi genuen, bai. Lasarten, bide batetik oinez buelta ematen duten emakumeak ibiltzen dira. Haietako bat eta modako runner bat dira pertsonaiak.

Euskal Herrian asko al daude Ramoni eta Lohitzune bezalakoak?

I. A.: Bai, runner mugimendua puri-purian dago. Korrikalariak beti egon izan dira, baina orain runner esaten duzu, eta ematen du beste gauza bat dela.

B. E.: Lasarten nordic walking talde indartsu bat daukagu, adineko emakume askorekin. Makilekin ikastaroak egiten dituzte. The Walking Dead telesailan zonbiak bezala, Lasarten edozein txokotatik ateratzen zaizu nordic walking-eko andre bat makilarekin. Haietako bat da Ramoni.

Korrikak umorerako joko asko ematen al du?

I. A.: Bai, ezta? Guk pertsonaiak estereotipatu egin ditugu. Korrikan askotariko jendea biltzen da: batzuk txandalarekin ateratzen dira, goitik behera prest, eta beste batzuk pijaman ere bai.

B. E.: Korrikarekin ematen du jende guztia euskaltzale amorratua dela. Euskaraldiarekin ere gertatu zen. Euskaltzaletasun grinatsu hori ateratzen da egun batzuetan, malkoetaraino, baina, gero, eguneroko bizitzara itzuli, eta gauzak bestela dira. Egoera horrek umorerako jolas pilo bat ematen du.

Esketxetako hizkeran ez al duzue gipuzkerara asko jotzen?

I. A.: Ez da zerbait kontzientea izan. Kameraren aurrean jarri, eta hitz egiten dugun moduan aritzen gara.

B. E.: Gure esketx bakoitzak inprobisaziotik asko dauka. Uste nuen euskara batuan egiten nuela, baina Ane Labakak esan zidan gipuzkeraz egiten dudala. Duela gutxi deskubritu dut hori.

Ostiralean pasatuko da Korrika Lasartetik. Han zerbait egingo al duzue?

I. A.: Bideo batean ikusiko da erronka botako diogula batak besteari: ea iritsiko garen Korrikako furgonetan sartzera.

B. E.: Horretan saiatuko gara, bai. Bestalde, Korrika Lasartetik pasatzen den egunean egitarau bat antolatu dute, eta afalostean Ramoni eta Lohitzune azalduko dira jendaurrean.

Irudikatzen al dituzue beste urteren batean Ramoni eta Lohitzune 11 egunez Korrikako furgonetan?

B. E.: Ramoni furgoneta barruan, baina gehiegi mugitu gabe.

I. A.: Eta Lohitzune furgonetari bueltaka, korrika.

B. E.: Ez dakit... Mezu asko jasotzen ari gara, eta perspektiba pixka bat galduta daukagu...

Telebistan umore gutxi dago euskaraz. Zeintzuk dira zuen erreferenteak?

B. E.: Oihulari Klownen hasi nintzen, eta Virginia Imaz izan zen nire irakaslea. Feminismoaren berri ere eman zidan. Aitziber Garmendia oso gustukoa dut.

I. A.: ETBn Wazemank ikusten nuen. Martin telesailean Aitziber Garmendia ere maite nuen. Euskarazko umorearen falta sumatzen dut telebistan.

Ikus-entzunezkoetan lan gehiago egiteko gogoz zaudete?

B. E.: Mari Domingiren ipuin bat zabaldu nuen. Eta azkeneko urtean bost lan egin ditut ikus-entzunezkoetan.

I. A.: Ikus-entzunezkoetatik proposamen asko iristen dira. Ea.

Korrikaren lekukoa eraman al duzue inoiz?

I. A.: Inoiz ez zait egokitu, baina ilusioa egingo lidake.

B. E.: Nik ere ez. Ramoni bezalakoa naiz, eta lekukoarekin metro gutxira barea jarriko litzaidake.

I. A.: Fermin Muguruzak Korrikako kantan esaten duen moduan: «Gure erritmora...!».

Korrikako mezua idazteko proposamena jasoz gero, zer sartuko zenukete bertan?

B. E.: Inor ez dago burutik hain jota enkargu hori egiteko. Baina feminismoa eta umorea sartuko genituzke mezuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.