Arkaitz Villar. 'Musika Bulegoa' saioko aurkezlea

«Musikaren industrian lanean ari direnei ahots bat eskaini nahi diegu»

Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteak eta EITBk jarri dute martxan programa. Urritik aurrera emango da, larunbatetan, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin. Villarrek halako saio baten garrantzia nabarmendu du.

GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Musika eta irratia «oso gustuko» ditu Arkaitz Villarrek (Oñati, Gipuzkoa, 1978). Hala, «erronka polit bat bezala» hartu du Musika Bulegoa aurkezteko aukera, Euskal Herriko musikaren industria oinarri izango duen saioa. Atzo grabatu zuten lehena.

Euskal Herriko musika industriaren erakusleiho izan nahi duzue. Beharra ikusten zenuten halako saio bat egiteko?

Musikarien eta musika taldeen emanaldien eta lanen atzean profesional talde handi bat dago, eta funtsezkoa iruditzen zitzaigun haiei plaza bat eskaintzea, baita musikaren industriaren egunerokoan eragina duten gaiak lantzea ere. Lehenengo saioan, adibidez, jabetza intelektualaren gaia landuko dugu; horrekin batera, beste bizpahiru gai txikiagori ere kasu egingo diegu. Bestalde, musika klasikoari buruzko atal zehatz bat ere izango dugu astero. Mikel Chamizok gidatuko du. Gainera, oso presente izango ditugu musikaren industrian lanean ari diren emakumeak. Ikusgai egin nahi ditugu. Ordubeteko iraupena izango du saioak.

Hortaz, musikariak eta musika taldeak ez dira azalduko ?

Beraien lanez hitz egiten, behintzat, ez. Horrek ez du esan nahi haien iritziak jasoko ez ditugunik industriaren inguruko gaizehatz batzuk lantzean.

Zer garrantzia dauka Euskal Herriko musika industriarentzat halako bozgorailu bat izateak?

Oso gauza inportantea da, egiten duten lanari balioa ematen diolako. Kontuan izan behar da ehunka profesional eta eragile ari direla industria horretan lan egiten. Sekulako sarea daukagu: diskoak ekoizten eta digitalizatzen, kontzertuak antolatzen, soinua eta argiztapena jartzen, manager lanak egiten... Horietako asko, gainera, Euskal Herritik kanpo ari dira lanean. Bestalde, dituzten arazoak eta erronkak bideratzen hasteko ere balio diezaieke. Eskertzekoa da, gainera, EITB bezalako eragile publiko bat halako mundu batekin engaiatzea.

Erronka horietako bat da jabetza intelektualarena, lehen programan landuko duzuena. Zergatik aukeratu duzue?

Azken urteetan asko hitz egiten da gai horren inguruan, digitalizazioa tarteko. Oso bizkor doan errealitate bat da, eta askotan kosta egiten da kudeatzea. eta neurria hartzea horri. Gaia menderatzen duten ahotsak ekarriko ditugu, argitasun apur bat emateko.

Saioa Euskadi Irratian eta Radio Euskadin eskainiko da. Eduki aldetik berdina izango da?

Bai. Gairen bat lantzeko gonbidatuak alda daitezke; Euskal Herritik kanpoko adituak ere ekarri nahi ditugu, eta horiek ez dute euskara jakingo.

Nola eragiten du zure jardunean euskaraz eta gaztelaniaz aritu behar izateak?

Ni euskaraz erosoago sentitzen naiz, baina egokitzen naiz. Normalean elkarrizketatuarekin bat bestearen atzetik grabatzen ditugu euskarazko elkarrizketa eta gaztelaniakoa, eta ondo moldatzen gara.

Zer garrantzia du zure ibilbidean halako saio bat gidatzeko aukera izateak?

Gaztean, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin aritu izan naiz kolaboratzen, eta niretzat hau erronka bat da, asko gustatzen zaizkidalako bai musika, baita irratia ere. Gaiak asko ematen du, eta ahalik eta ondoen islatu nahi ditugu errealitate desberdinak.

Musikaren mundua ezagutzeak gauzak erraztuko al dizkizuerronkari heltzeko orduan?

Bai, elkartearen lantzen ditugun gaiak direlako.

Gero eta ohikoagoak dira gai edo tematika zehatz bati buruzko programak irratietan. Kasu askotan, 'podcast' bidez zintzilikatzen dituzten sarean. Hori da irratien etorkizuna?

Podcast-ak ematen dizu aukera zuk gustuko dituzun irrati saioak, askotan tematikoak, jaitsi eta nahi duzunean entzun ahal izateko. Abantaila bat da hori entzuleentzat. Baina ohiko irratiak badu magia bat, eta uste dut podtcast-ekin uztartuko direla. Izan ere, osagarriak direla iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.