Protestetako berriemaileen aurkako erasoek gora egin dute

Azken bost urteetan 125 protestetan eraso diete kazetariei, eta hamar berriemaile hil dituzte

Nikaraguako poliziak preso politikoen aldeko manifestazio baten berri ematen ari zen Oscar Navarrete kazetaria jotzen, joan den abenduan. JORGE TORRES / EFE.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Protesten berri ematen ari ziren kazetarien aurkako erasoek gora egin dute azken bost urteetan. 2015etik 2020ko ekainaren 30era 125 protestetan urratu da berriemaileen segurtasuna, baina azken bi urteetan nabarmen egin dute gora eraso horiek, Unescok argitaratu berri duen txosten baten arabera. 2015ean kazetarien aurkako erasoak erregistratu ziren hamabost protestetan izan ziren, 2016an hamasei, 2017an 21, 2018an 20, 2019an 32 eta 2020ko lehen seihilekoan 21. Joera argi bat ikusten dela dio txostenak, eta ohartarazi eraso horietako asko segurtasun indarrek eginak direla, «baina baita manifestariek ere». Zenbaketa horren arabera, bestalde, azken bost urteetan hamar kazetari hil dira protestaren baten berri ematen ari zirenean.

Erasoez ari denean, Unescok gertaera hauek biltzen ditu: behar bezalako zaintzarik eza, jazarpena, jipoiak, munizio hilgarriekin zein ez-hilgarriekin tiro egitea, atxilotzea, bahitzea edo lan tresnak hondatzea. Txostenean biltzen direnak ez dira kazetarien aurkako eraso kopuruak, berriemaileen aurkako erasoak egin diren protesta kopurua baizik—protestak ere ez dira manifestazio jakin batzuetara mugatzen, asteak iraun dezaketen protestetara baizik—. Eraso dieten kazetarien kopurua zenbatzen hasiz gero, beraz, zenbakia askoz ere handiagoa litzateke, eta horren lekuko da txostenean dioena: protesta batzuetan 500dik gora berriemaileren aurkako erasoak egin izan zirela.

Unescoren ikerketak, gainera, genero irizpidea ere aintzat hartu du, eta ohartarazi emakumezko kazetariak zaurgarriagoak direla. «Gizonek jasaten dituzten eraso fisikoak pairatzeaz gain, sexu erasoak zein bortxaketak ere jasan ditzakete». Horregatik dio txostenak emakumezko berriemaileek arrisku handiagoa daukatela protesten berri ematen dutenean.

Egoeraren berri ematearekin batera, berriemaileek protestetan betetzen duten funtzioa azpimarratu du Unescok. «Manifestazioetan gertatzen dena aditzera ematen dute, eta horregatik da garrantzitsua». Eskubide hori bermatzeko gomendioak egin dituzte, besteak beste, polizien gaitasunak egokitzeko. Protesten berri ematen duten kazetarien segurtasuna: liskarretan prentsa askatasuna bermatzen izena du ikerketak, eta Unescoren webgunean dago eskuragarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.