Iñaki Guridi. Euskadi Irratiko esataria

«COVID-19ak ukitu gabeko gaiak topatzen saiatu behar da»

Guridi 'Faktoria' saioko albistegiak aurkezten hasi da ikasturte honetan. Ohi baino denboraldi hasiera mugituagoa izan dela dio, koronabirusa eta gobernu osaketa hizpide izan baitira.

EITB.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Ikasturtea hasi denetik, Faktoria saioko albistegien arduradun berria da Iñaki Guridi (Legazpi, Gipuzkoa, 1979). 2003an hasi zen Euskadi Irratiko albistegietan lanean, eta ardura ezberdinak izan ondoren, 2013tik 2017ra EITBko irratien zuzendariordea izan zen. Kazetaritzara itzulita gusturago dago, ordea: «Iruditzen zait txandan-txandan egon behar duela halako ardurak hartuko dituen erredakzioko jendea; baina banekien aldi baterako izango zela, berriz ere erredakzio edo kaleko lanean ariko nintzela. Gusturago nago hor». Maite Artolak goizeko albistegietan utzitako hutsunea betetzeko ardura gustura hartu duela dio.

Ikasturte berriarekin kargu berria hartu duzu. Nolakoa izan da hasiera?

Pixkanaka hasi gara saioa martxan jartzen. Egia da talde berria garela, baina lehendik Faktoria-n aritutakoak bagaude, eta irratian beste zereginetan zenbiltzanak ere etorri dira. Kurtso hasiera arraroa izan da honetan ere,COVID-19az gain, gobernu osaketa ere orduan tokatu baita. Hasiera mugitua izan da, eta bakoitza bere lekuan egokitzen ari da.

Zererronka izango duzue?

Orain arte egin denari jarraipena ematea. Goizetan informazioaren eta analisiaren erreferentziazko irrati saioa izan da, entzuleen artean fideltasuna izan duena, eta horri eustea da asmoa. Aktualitatean gauza asko gertatzen dira, eta iruditzen zait garrantzitsuenak direnak biltzeko gakoak ematea dagokigula, errazago uler daitezen. Eta ulertzen ez ditugunean, dagokionari galderak egitea.

Agenda propioa garatu?

Bai, identifikatu behar ditugu gure ustez zein diren gure gaiak, eta horiei tira egin. Argi dago une honetan COVID-19a dela erdigunea, eta horrek badituela galdera ikur asko hainbat alorretan. Baina momentu honetan erronka ere bada COVID-19ak ezkutuan utzi dituenak biltzea. Koronabirusak ukitu gabeko gaiak topatzeko ahalegina egin beharra dago erredakzioetan.

Maite Artolak esan izan du orkestra zuzendari baten gisakoa zela Faktoria-ko aurkezlearen lana. Horrela sentitzen al zara zu ere?

Halako saio bat egitea posible bada, hori da atzetik talde indartsu bat dagoelako. Kasu honetan, gainera, ez da indartsua bakarrik, oso entrenatuta eta entregatuta dagoen talde bat ere bada. Lanerako dinamika hori antolatzea luxu bat da niretzako, ekarpena egiten duen taldea delako, eta ateratzen den produktua duina delako.

Ez zara zerotik abiatu, ordea. Pasa den denboraldian Artola ez zegoenean zuk egiten zenuelako albistegia.

Bai, zentzu horretan bada lagungarria talde horretan egotea, jakiteko programak zer erronka dauzkan. Ohitzen laguntzen du.

Eta ordutegira ohitu zara?

03:45ean esnatzera norbait ohitu badaiteke, orduan bai. Baina egia da ordutegi honekin goiz mugitzen zarela, eta eguerditik aurrera etxekoekin egoteko aukera daukazula.

Zertan ezberdinduko zenuke Faktoria gainerako beste albistegiengandik?

Gogoetarako tarte gehiago daukagula. Taldekideek egiten duten lanaz gain, baditugu zutabegileak eta aktualitateari begiratzen laguntzeko kolaboratzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.