Antoni Reig. Kataluniako Unibertsitate Irekiko irakaslea

«Plataformizazioa geldiezina da»

Reigek nabarmendu du azkenaldian ondo funtzionatu dutela bakartzearen parabola landu duten fikzioek. Bestalde, irakasle katalanak adierazi du «sekulako» gorakada izan dutela dokumentalek.

BERRIA.
urtzi urkizu
2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Ikus-entzunezkoen inguruko makina bat ikerketa egin du Antoni Reigek (Bartzelona, 1967), bakarka zein talde desberdinekin. Mediaccions ikerketa taldeko kidea eta D-Stories proiektuko zuzendarietako bat da.

Pandemia iritsi zenetik zer bilakaera izan dute albistegiek eta entretenimendu saioek?

Hasieran, alarma egoerarekin eta konfinamenduarekin koherentziaz, galdera egin zuten askok: Zergatik ez egin telebista etxetik? Konfinamenduan, ohiko bihurtu zen saioetako gonbidatuak, adituak edo kolaboratzaileak beren etxetik sartzea emisioan. Ikus-entzuleek zenbait izarren etxeak ere ikusi zituzten, eta nolabaiteko voyeurismoa egon zen. Neurriak arindu ahala, etxeetakoparte hartzeak noizbehinkako bihurtu ziren, baina ez saioetako gidaritzari dagozkionak:telebista bere ohiko galatara itzuli zenprime time orduan.

Fikzio berrietan zer eragina izan du gaur egungo egoerak?

Zaila da zehazki jakitea telesailen gidoiek jarraitzen ote dioten bizi dugun garaiari ala aldez aurretik zehaztuta zeuzkaten argumentuei. Ziur aski, hemendik gutxira hasiko gara ikusten lotura hori. Komediek COVID-19aren gaia ukituko dute, aktualitateari pultsua hartzeko egokienak baitira. Osasun eremuan girotzen diren telesailek ere helduko diote koronabirusari.

Garai honetako zein fikzio nabarmenduko zenituzke?

Zenbait lanek ederki funtzionatu dute modu sinbolikoan: El hoyo filma, La valla telesaila, zonbien #Alive filma, Into the Night telesail apokaliptikoa, She Dies Tomorrow filma, Save Yourselves filma komedia giroan... Bakartzearen parabola gisa ikusi dira sarri. Host beldurrezko filmak Zoom zerbitzua erabili du. Bestalde, gizarte gaiak landu dituzten fikzioek indar handia izan dute: arrazismoarekin, indarkeria matxistarekin eta eskuin muturraren gorakadarekin lotutakoek.

Azkeneko urtean telebista kontsumoa handitu egin da. Egunero kontsumitzen den minutu kopurua egonkortu egingo dela iruditzen zaizu?

Bai, hala espero dut, horrek esan nahiko baitu herritarrek aisialdiaz etxetik kanpo gozatu dezaketela. Dena den, ez nintzateke harrituko pandemiaren ostean ikus-entzunezkoen eguneroko kontsumoak pandemiaren aurretik zegoena gainditzea. Susmoa dut zenbait kolektibotan, batez ere adin batetik gorakoetan, herritar askori kostatu egingo zaiela besteekin zituzten harremanak berreskuratzea.

Zein beste aldaketa garrantzitsu gertatu dira telebistaren sektorean azkenaldian?

Dokumentalek sekulako gorakada izan dute. COVID-19aren egunerokotasuna lantzeko adibide onak azaldu dira; tartean, HBOren Vitals dokumental saioa aipa daiteke [Sabadellgo (Katalunia) Parc Tauli ospitaleko istorioak bildu ditu]. Life in A Day 2020 filmaren moduko proposamenak ere bereziak izan dira. Gazteen kontsumo joeretan arreta jartzea ez dago sobera: Youtube, TikTok eta Twitch plataformak erabiltzen dituzte, batik bat. Twitchen kasuari dagokionez, zuzenekoen aldeko apustua egiten du, eta asmatu egin du telebista konbentzionala alde batera laga duten gazteak kateatzen. Audioen eta podcasten garaia ere bada gaur egungoa, pantailaren nekea duten hartzaileei beste esperientzia bat eskaintzen dielako.

Streaming plataformek zer panorama marraztuko dute etorkizunean?

Plataformizazio prozesua geldiezina da. Esklusibotasuna lortzeko gerra bat egongo da. Konpetentzia handia egongo da, eta produktuen tipologia askotarikoa izango da. Plataformekin lotu ohi ez diren formatuak ere horietan sartuko dira; esate baterako, reality-ak eta talent-ak.

Akelarre euskal filma munduko hirugarren tokira iritsi da Netflixen. Euskarazko, katalanezko eta galegozko edukiek lehiatzeko aukerarik ba al dute?

Netflixen estrategietako bat da eduki globalen eta oso tokikoen karta jokatzea. Inbertsio handirik egin gabe, eragina lor dezakete eremu batean. Aukerak zabaltzen dira euskarazko, katalanezko eta galegozko edukientzat, eta kultur espazioak aurkitu ditzakete estereotipoetatik harago. Hizkuntza originalean edukiak ikusita, ikus-entzule globalak ezusteko bat baino gehiago hartuko du. Zuhurtziaz, baina bada itxaropenerako tartea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.