Umorea eta memoria Naiz Irratiaren saio berrien oinarri

Naiz Irratiak berrikuntzekin hasi du 2022-2023ko denboraldia. Oraingo ohituretara egokitu nahian, podcastak eskainiko dituzte

Informazioaren Haria 1 saioko lantaldea. NAIZ IRRATIA.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Naiz Irratiak abiatu du denboraldi berria. Ohiko irratiaren patxadari, zuzenekotasunari eta analisiari eutsi diete, eta ohitura berriak gehitu. Azken denboraldiko saio askok jarraituko dute aurrera, eta hainbat saio berri eskainiko dituzte. Gainera, nahieran entzuteko edukiak eskainiko dituzte.

Berritasunen artean, zuzeneko saio bereziei eman diete garrantzia. Aktualitatearen arloan, kalera aterako dira Informazioaren haria-ren goizeko edizioan. Lehenengo hitzordua bihar izango dute: Eusko Legebiltzarretik eskainiko dute saio berezia. Gainera, edizio horretako magazinean analisi mahaiak indartu dituzte, eta ordutegia luzatu dute:07:00etatik 10:30era arte egongo da entzungai.

Eguerdiko eta iluntzeko Informazioaren haria saioek bere horretan jarraituko dute, eta, 21:00etan, tokiko informazioari tarte berri bat irekiko diote. «Naiz Irratia Naiz eta Gara proiektuen parte da, eta guretzat ardatza informazioa da», azaldu du Ion Telleria koordinazio taldeko kideak. Irratiaren helburua «hitz propioekin herri honek bizi duena kontatzea» dela adierazi du. «Mundu denek beren buruaz hitz egiten duten bezala, gure munduaz hitz egiten duen hedabide bat izan nahi dugu».

Podcastak ere entzungai egongo dira esate baterako, euskaraz ikastea eta aritzea sustatzeko podcasta—. Naiz Irratiaren ardatza ohiko irrati bat izan arren, ohitura berrietara egokitu nahi dute, eta audioak gaur egun entzuten diren moduan sortu eta ekoitzi. Telleriak uste du Euskal Herrian ez dagoela horrelako «hainbeste euskarririk» eta horregatik egin dute apustua, «irrati bat sortzeko eta audiogintzan ere ahalik eta urrats gehien egiteko».

Kirol arloan jarraipen bereziak eskainiko dituzte, Tourrean eta Kontxako banderan egin izan dituztenen antzerakoak. Kulturan, Bertso Txapelketa Nagusiarekin hasiko dute ikasturtea. Horrez gain, musikan, eskaintza indartu dute, eta euskal musikariak eta haien sorkuntzak izango dira protagonistak. Aurreko denboraldiko musika saioek bere horretan jarraituko dute: Prest, Global Musik, Gramofonoa, Musikharia....

Saio berriek beste kontu batzuk ekarriko dituzte: Peli Lekuonak memoria historikoari buruzko saio bat eskainiko du; Alba Cabrerak Bidaiari gidatuko du; Maite Bidartek zinema eta telesailen ingurukoa; eta Zarramarra saioak, berriz, umorea izango du ardatz.

Hasiera aldapatsua

Naiz Irratia 2019an sortu zuten. «Hasiera oso konplikatua izan zen», adierazi du Telleriak. Irratiaren ideia garatzen hasi zirenean, Gara egunkariari Egin egunkariaren zorra ordainarazi zioten. Koordinazio taldeko kidearen hitzetan, herritarren laguntzari, babesari eta bultzadari esker, egunkaria salbatu eta proiektua indarberritu zuten. Pandemiak ere ez dio mesederik egin irratiari. Horregatik, uste du aurtengo denboraldia «urrats erabakigarria» izango dela irratiarentzat. Taldea «pozik» eta «ilusioz» dagoela aitortu du: «Badirudi orain fase berri bati ekin ahal izango diogula».

Herritar orori egindako eskaintza da Naiz Irratiarena, Telleriaren esanetan: «Hiru milioi biztanleko herri batean bizi gara, eta jende guztiarengana iritsi nahi dugu». Teknologiari esker, inolako bereizketarik egin gabe, helburu hori bete dezakete.

Oraintxe, Naiz Irratia ezin da FM bidez Euskal Herri osoan entzun. «Ez da guk ez dugulako nahi: arrazoi politikoak daude horren atzean», azpimarratu du Telleriak. Euren eskuetan duten guztia egingo dute Euskal Herri osora ahalik eta azkarren iristeko. Bitartean, Internet bidez iritsiko dira: «Hor ezin digute bidea hain erraz moztu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.