Ales Paya. Zinemagilea

«'Modelo 77'-ko hutsuneak bete ahalko ditugu telesailean»

Copel Borrokan Dabiltzan Presoen Koordinakundearen inguruko film labur bat zuzendu du Payak, Gorka Lasaosarekin batera. Sei ataleko telesail bat egitea da haien asmoa.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
urtzi urkizu
2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Ekoizle independentea da Ales Paya (Elda, Alacant, Herrialde Katalanak, 1983), eta Empatik Films zigiluarekin sinatzen ditu bere sormen lanak. 2018an, indarkeria instituzionalaren gaiari heldu zion La cifra negra dokumentalean.

Zerk piztu zizun arreta Copel Borrokan Dabiltzan Presoen Korrdinakundeko presoen historian ikus-entzunezko fikzio batera eramateko?

Oso interesgarria iruditzen zait kartzelan presoek elkarri laguntzeko sortu zen mugimendua. Aztertzeko moduko gaia da, baita gizarteari jakinarazteko borroka ere. Espainiako trantsizioaren parte hori ikertzea interesgarria da; Franco diktadorea hil ostean, gizarte alor asko aldatu ziren, baina espetxe sistema bere horretan gelditu zen. Gure fikzioak gaur egungo espetxe sistemaz hausnartzeko balio izatea ere nahiko genuke.

Alberto Rodriguezen Modelo 77 film luzea zinema aretoetan ari dira ematen. Nork heldu zion gaiari lehenago: hark ala zuek?

Rodriguezek. 2017an, Bartzelonako Model kartzela itxi egin zuten, eta jakin nuen gutxienez bost urtez eraikina birmoldatzen arituko zirela prozesu parte-hartzaile baten bidez. Aukera baliatu behar zela iruditu zitzaidan, zaila izaten baita espetxe batean grabatzea. Ikusi nuen Copeleko historia gutxi ezagutzen zela: Copeli buruz doktore tesia egin duen Cesar Lorenzorekin jarri nintzen harremanetan, eta hark esan zidan Rodriguezek film bat egin nahi izan zuela 2005ean. Saiatu zen, baina gero proiektua gordea izan zuen urte luzez.

Gorka Lasaosak eta zuk aurrera egin zenuten film laburrarekin.

Gure hasierako asmoa zen film labur bat egitea, eta, ondotik, film luze bat. 2021eko ekainean grabatu genuen film laburra, Model kartzelan, eta jakin genuen han bertan grabatuko zuela Rodriguezek Modelo 77 film luzea hilabete geroago. Horregatik pentsatu genuen hobe zela telesail bat egitea, beste film bat egiteak ez baitzuen zentzurik.

Modelo 77 filmak ez die gaiaren ertz guztiei heltzen, ezta?

Ez, baina film batean ezin da dena kontatu. Pelikula oso ona da. Baina Rodriguezen Modelo 77 filmak bete ez dituen hutsune batzuk bete ahalko ditugu gure telesailean. Sei ataletan osatuko dugu Copeleko presoen historia.

Pocos, buenos y seguros film laburra Filminen ikus daiteke, igandera arte. Telesaileko atariko atal gisa erabiliko duzue. Zer harrera izaten ari da?

Serializados Fest jaialdiaren barne, atariko atalak biltzen dituen sailean ikus daiteke. Jaialdiko epaimahaiarekin topaketa bat izan dugu, tartean dira Atresmediako, Filmineko eta RTVEko ordezkariak, eta proiektuarekin jarraitzeko motibatu gaituzte. Ikusiko dugu ea orain ekoiztetxe baten eta plataformaren baten babesa lortzen dugun.

Dokumentazio lan handian murgildu al zarete proiektu honetarako? Lekukoak lortu dituzue?

Bai, film laburraren gidoian Cesar Lorenzoren doktore tesiarekin eta zuzeneko bost lekukorekin egin genuen lan. Telesaila egiteko erabakia hartu genuenean, lekuko berrien bila ibili nintzen: hamar testigantza berri lortu ditut, eta, horri esker, kronologia osatu bat eta hamabost pertsonaiaren fitxak dauzkagu. Entretenimenduzko telesail bat egin nahi dugu, memoria ariketa ere izango dena.

Beste eragile batzuk ere badaude istorio horretan, ezta?

Bai, nahiko genuke ikusleek jakitea presoen senide eta lagunen elkarteak zenbateko garrantzia izan zuen —elkarteko gehienak emakumeak ziren—. Garai hartako abokatuen lana ezagutarazi nahi dugu, eta espetxe funtzionarioen egoera ere azalduko dugu.

Zer garrantzi du zuretzat memoria historikoarekin lotutako fikzioa egiteak?

Nire motibaziorik handiena da hori: ezagunak ez diren historiako pasarteak kontatzea. Historiaren bitartez ulertzen dugu oraina, eta oraina ulertuz pentsatu dezakegu etorkizunean.

Dokumentalgintzan ala fikzioan aritzen zara erosoago ?

Dokumental batean gauza asko kontatu daitezke, eta gaiarekin interesa duen jendearengana iritsiko zara. Fikzioan, entretenimenduaren aitzakiarekin, beste modu batean ezagutuko ez lituzketen gaiak irits dakizkieke ikusleei, ezustean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.