Beñat Erezuma. Teknologia irakaslea

«Hemengo irrati batzuk hasiak dira jolasten adimen artifizialarekin»

Adimen artifizialarekin narrazioak sortu, eta horiek 'Zero eta bat' podcastera eramaten ditu Erezumak. Gaur sareratuko du hirugarren atala. «Esperimentatzen jarraituko dut».

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
urtzi urkizu
2022ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Ingeniaria da ikasketaz Beñat Erezuma (Getxo, Bizkaia, 1981), eta Berritzegune Nagusian egiten du lan.

Zerk bultzatu zaitu Zero eta bat podcasta sortzera?

Azken urteotan, podcast asko kontsumitu ditut. Horrez gain, adimen artifizialarekin jolasten ari naiz azkeneko urtean; hasieran, testu sorkuntzan aritu naiz, eta gero, irudiekin. Bi gaiak gurutzatu ziren, eta pentsatu nuen proiektu txiki honetan podcasten mundua eta adimen artifiziala nahastea.

Nola gauzatzen duzu testuak sortzeko prozesua?

Erabiltzen ari naizen teknologia GPT-3 da, Artiadi olerki liburua sortzeko erabili nuen bera. Lehen esaldi batekin proposamena egiten diot tresnari. «Sortu ezazu narrazio baten lehen atala», eskatzen diot. Testua sortzen dizu, eta gustura baldin bazaude, bigarren atala egiteko eskatzen diozu. Batzuetan, moldaketa txikiren bat egiten dut. Hirugarren atalerako, beste teknologia bat erabili dut: Novelai.net.

Zertan da desberdina hirugarrena aurreko bietatik?

Sortzeko garaian, testuak luzeagoak izan daitezke. GPT-3 teknologian oinarrituta dago, baina propio prestatuta dago istorioak eta kontakizunak sortzeko.

Podcasta zure webgunean, Spotifyn eta Youtuben entzun daiteke. Youtuben, azpidatziak zortzi hizkuntzatan jarri dituzu. Erraza al da azken hori egitea?

Bai, oso erraza da. Gidoia baldin baduzu, Youtubek berak badauka azpidatziak igotzeko aukera bat, eta tranpa txiki bat egin behar da euskarazko testuekin, baina erraza da gauzatzea. Gero, euskarazko azpidatziak dauzkazunean, segundotako kontua da beste hizkuntzetara itzultzea.

Hain erraza izanik, nola ez dira gehiago baliatzen azpidatziak?

Nire iritziz, azpidatziak baliatu beharko lirateke ETB2n: audioa euskaraz emititu, eta nahi duenak azpidatziak erabil ditzala, gaztelaniaz edo frantsesez. Teknologia ez da arazoa. Ondorioa da erabaki politiko bat dagoela hor.

Iruditzen zaizu Euskal Herriko irratiak hasiko direla halako saiakerak egiten?

Badakit Euskal Herrian bertan irrati batzuk hasiak direla adimen artifizialarekin jolasten. Agian entzuleria zabalak ez du jakingo, baina horrela da. Zer esanik ez nazioartean. Horretan ari dira.

Irratiren batek zure podcasta eman nahiko balu, zer baldintza jarriko zenioke?

Creative Commons izatea, besterik ez. Jatorria aipatzea.

Gogoz zaude halako saiakerekin jarraitzeko?

Bai. Gainera, hilabete gutxiren buruan GPT-4 kaleratuko dute. Irrikan nago hori probatzeko, zeren, esaten dutenagatik, 500 aldiz parametro gehiago erabiliko dituzte. Adimen artifizial osatuagoa izango da, beraz, GPT-3 baino.

Zer aukera emango ditu horrek?

Ez dakit, inork ezin du esan. Baina sumatzen da sekulakoa izango dela.

Irudiekin ere ari zara. Podcasteko atalen irudiak teknologia horrekin sortu dituzu, ezta?

Bai, adimen artifiziala erabili dut horretarako ere. Koloretakoak ziren jatorrizko irudiak, eta zuri-beltzean jartzea erabaki dut. Filtro baten bidez, gris eskala batean jarri ditut irudi horiek.

Bideo kontuetan nolako aurrerapenak daude?

Aste gutxiren buruan, bideo sorkuntzan iraultza ederra etorriko da adimen artifizialaren alorrean.

Film laburrak egiteari ekingo al diozu orduan?

Ez. Esperimentatzen saiatuko naiz, baina profesionalak direnek bide emango diote horri.

Irulegiko Eskuarekin egin duzu esperimentu txikiren bat.

Bai, nire asmoa jolasten ibiltzea da beti, eta euskal komunitatean horrelako proiektuak sortzea. Irulegiko Eskuarena aukera ederra zen irudien bidez jolasteko.

Euskaraz ikasteko bideoekin Euskara Satorra kanala sortu zenuen Youtuben. Baditu jarraitzaileak oraindik?

2016an hasi nuen, eta aurtengo martxoan eman diot amaiera. Bideoak sortzeak denbora dezente behar du, eta utzia dut. Harritzekoa da bideoek egunean mila ikustaldi izatea, eta podcastak egunero 300 entzunaldi. Horrek esan nahi du eskaera eta premia badagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.