Xose Castro. Itzultzailea eta gidoilaria

«Iragarkietan hizkera egokiak garrantzia hartu du berriz ere»

Publizitatearen bide berrien inguruan hitz egin du Castrok EHUren udako ikastaroetan, Bilbon. Nabarmendu du erredakzio zuzena erabiltzea eta emozioei heltzea funtsezkoa dela sarean.

JUNE PRIETO / FOKU.
urtzi urkizu
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
SER eta RNE irratietan eta La2 telebista katean kolaborazio finkoak egiten ditu Xose Castrok (Coruña, Galizia, 1968). Community manager eta argazkilari lanetan ere aritzen da, eta erredakzioikastaro ugari eman ditu azkenaldian Latinoamerikan.

Publizitateaz aritu zara Bilbon, udako ikastaroetan. Mundu digitalak zein aldaketa nagusi ekarri ditu?

Gaur egun, herritarron arreta ahalmena txikiagoa da, eta, ondorioz, mezuak laburragoak eta zehatzagoak dira. Publizitate digitalean prentsa tradizionalean baino gehiago egiten zaie erreferentzia emozioei. Umorea ere gehiago erabiltzen da. Digitalean, erredakzio zuzena oso garrantzitsua da. Nahiz eta ikus-entzunezkoek pisu handia duten, internautek denbora asko pasatzen dute irakurtzen, eta hizkera egokiak garrantzia hartu du berriz ere. Zenbait kanpainak porrot egin dute erredakzio akatsak izan dituztelako. Akatsak oso bizkor zabaltzen dira, gainera.

Ez al ditu telebistako publizitateak oraindik ere diru sarrera handienak bereganatzen?

Bai, baina digitalean egiten den inbertsioa sekulakoa da, eta gero eta handiagoa. Enpresa txiki eta ertainentzat merkeagoa da publizitatea Interneten egitea, eta kantitate aldetik sektore batzuetan publizitate digitala nagusi bilakatu da, eta papera gainditu du. Era berean, sakelakoen formatura egokitu behar dira publizitateko mezuak. Telebistari dagokionez, kontzeptua aldatuz doa, beste pantaila batzuetan ikusten delako orain; zenbait iragarki telebistarako dira, baina ordenagailu batean ikusteko pentsatuak.

Zer izan behar du iragarki batek iragarleak bere helburuak bete ditzan?

Hori ez da askorik aldatu. Ez du desilusionatu behar. Esaldi batek dio: «Zure produktua txarra bada, egin dezakezun gauzarik okerrena da ona balitz moduan saltzea». Ezin da eroslea engainatu. Gaur egun, gainera, kontsumitzaileen iritzi asko daude sarean. Lehen, zerbait txarra erosi, eta lagunei esaten zenien. Baina, egun, iritzi horrek zabalpen handia izan dezake sare sozialen bidez. Gaurko beste premisa on bat da kontsumitzaileei denborarik ez galaraztea. Ahalik eta klik gutxienekin erosi behar da produktua.

Zer herrialdetan egiten da publizitaterik hoberena?

AEB oso aurretik doa, lehen kanpaina handiak han egin zituztelako. Baina Argentinako publizistak nazioarteko sari asko ari dira jasotzen. Gure inguruan, Toni Segarra kataluniarrak kanpaina oso arrakastatsuak sortu ditu; sari ugari jaso ditu. Espainian publizitatearen maila handia da.

Zaila al da iragarki bat hizkuntza batetik bestera itzultzea?

Egun, sarri transkreazio kontzeptua erabiltzen da: itzulpen baten eta sorkuntza baten arteko nahasketa litzateke. Gakoa emozioak transmititzea da. Zenbait produktu ezagunek tokiko emozioak ukitzen dituzte, herrialdearen arabera. Ezberdina da herrialde bakoitzaren egoera, eta iragarkia berriro pentsatzea da gakoa.

Komunitate kudeatzaile edo community manager lanetan aritzen zara. Zein da sekretua lan hori ondo egiteko?

Community manager baten profilak lotura handia dauka bezeroaren arretarekin. Testu argiak, zehatzak eta zuzenak idazten jakitea funtsezkoa da. Kanpainen arrakasta neurtu behar izaten da. Jendeak zure markarekin konfiantza izatea lortu behar duzu. Markaren tonuarekin bat egin behar du community manager-ak.

Kazetaritza testuak Interneten idazteko orduan, zer hartu behar da aintzat?

Googlek erabaki du hizki lodiz doazen hitzak eta esaldiak oso garrantzitsuak direla, eta beste modu batean jasotzen ditu. Interneteko erredaktoreek hizki lodia erabiltzen ikasi behar dute.

Zer esango zenuke galegoz argitaratzen diren hedabideez?

Luzes izeneko kultur aldizkari bat dago formatu digitalean primeran funtzionatzen ari dena. Itxaropena dut Interneten hedabide interesgarriak sortuko direla hizkuntza gutxituetan. Filipinetako chavacano hizkuntzan egindako edukiak deskubritu ditut berriki. Hedabide digitalak anplifikadore ederrak izan daitezke hizkuntza gutxitu askorentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.