Josu Guillen. Kanaldudeko 'Harri salda' saioko aurkezlea

«Jende askok ditu gauza interesgarriak esateko»

Iazko urtarrilean abiarazi zuen Kanaldudek 'Harri salda', Xan Idiart gidari zela. Guillenek hartu du aurten erreleboa. Nabarmendu du astearteroko emankizuna kolektiboa dela.

GUILLAUME FAUVEAU.
urtzi urkizu
2021eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Josu Guillenek (Itsasu, Lapurdi, 1995) filologia hispanikoa ikasi zuen Pauen (Okzitania). Euskal Irratietan lanean aritu zen urtebetez, eta, gero, bizpahiru urtez, Radiokulturan. Irratigintzan aritu da gehienbat, baina Kanaldude telebistako langilea da orain.

Nola definituko zenituzke Harri salda saioko solasaldiak eta elkarrizketak?

Saioaren nahia da giro aski lasaia izatea, aski erosoa gonbidatuentzat. Aktualitatean gertatzen dena ere jaso nahi dugu elkarrizketen bidez. Kultur arloko elkarrizketetan, liburu, disko edo artelan berri batekin has gintezke, baina pertsonaiaren ibilbidea ere errepasatu dezakegu. Elkarrizketa askotan gure angelua hautatzen dugu. Gonbidatuak kultur arlokoak, gizartekoak eta adituak izaten dira. Azken parte horretan, izan daiteke norbaitek gai jakin bat aztertu duela.

COVID-19 garaiek baldintzatuta, elkarrizketa asko Internet bidez egin behar dituzu. Nolakoa izan da egokitzapen hori?

Ez da gauza bera platoan bertan pertsona bat aurrez aurre izatea edo pantaila baten beste aldera izatea. Gomitak modu presentzialean ez izateak hurbiltasuna kentzen du; hori argi da. Saiatzen gara egokitzen, eta elkarrizketetan erosotasuna sortzen.

Askotariko gaiak lantzen dituzue saioan, ezta?

Bai, denetarik lantzen dugu saioan. Aniztasuna eskaintzen saiatzen gara, gaien aldetik, gonbidatuen aldetik. Izan ere, jende askok ditu gauza oso interesgarriak esateko.

Sukaldeko kontuekin ere gustura?

Duela aste gutxi hasi da saioan sukaldari bat: Amaia Castorene. Kozinatzen ari den bitartean, aukera ematen du gainerako gonbidatuekin solastatzeko beste modu batean. Nahi duguna da saioan gustura joatea, hasieratik bukaera arte. Sukaldariaz gain, marrazkilariak ere izaten ditugu tarteka: Marko edo Adur Larrea. Platoan bertan aritzen dira marrazten.

Kolaboratzaileen ekarpena ez da makala, beraz.

Garrantzitsua da, bai, zukutzeko dena. Kolaboratzaileek ematen dute aukera saioa animatzeko. Emankizun kolektibo bat da.

Elkarrizketa bat egiten duzunean, zer da gehien maite duzuna?

Ikustea parekoaren begian zerbait, molde mekanikoetatik ateratzea eta lehendik galdetu ez zaion zerbait erantzun dezala. Ezezagunen arteko hasierako solasaldia gainditu, eta konplizitate giro batean sartzen zarenean hasten da trukerik ederrena.

Nor nahiko zenuke Harri salda-ko atetik sartzea, orain arte sartu ez dena?

Mikel Kazalis Anestesia taldeko musikaria. Euskal musikaren historiako pertsona garrantzitsua da.

Irratian aritu zaren urteotan, nola ikusi duzu euskal irratigintzaren egoera? Entzuleak mantenduko al dira?

Bai, entzuleak mantenduko dira. Jende askok kotxean entzuten du irratia, adibidez. Ipar Euskal Herriko barnealdean entzuleak mantenduko direla iruditzen zait: jendeak irratia eskatzen du, eta irratien eskaintzaren gertutasuna eskertzen du. Radiokulturak, bestalde, gai batzuetan sakontzeko aukera ematen du, eta jendeak zerbait desberdina eta kalitatezkoa dela ikusten badu, segituko du, agian, beste ordu batzuetan.

Telebistan zabiltza orain. Ixten diozu atea irratian berriz aritzeari?

Oraintxe bertan ez diot aterik ixten deusi nire bizian. Aukera interesgarriak dauden bitartean, atea ez diot deusi itxiko. Orain abentura berri bat hasi dut Kanalduden, eta pozik nago. Etorkizunaz ezin da askorik esan, edonola ere.

Harri salda-k atseden hartuko du udan?

Bai, ekainaren hondarrean amaituko da. Bi hilabeteko atsedenaldia izango dugu, eta irailean itzuliko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.