Jean-Raphael Poitou. Gosearen Aurkako Ekintzako arduraduna Ekialde Hurbilean

«Iheslari asko Siriara itzuliko dira, laguntza jaso ezean»

Neguan jaso dute kolpea errefuxiatu guneetatik kanpo bizi diren iheslari siriarrek. Emaileen dirua eta aukera duten herrialdeek iheslariak hartzea, biak ezinbestekotzat jo ditu Poitouk.

L. Muharram Rey D. Rivas Pacheco
Amman
2014ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Elikagaien Munduko Programak agoniaz beteriko mezu bat igorri zuen duela astebete. Kolapsatuta zegoen. Dirurik gabe geratu da 1,7 milioi siriarri jaten ematen dien Nazio Batuen Erakundeko (NBE) agentzia. Egipto, Turkia, Irak, Libano eta Jordanian errefuxiatu eremuetatik at bizi diren siriarrei eragiten die iragarpen horrek. Oraingoz, UNHCRk kudeatzen dituen kokaguneetan bizi diren 400.000 pertsonek bermatua daukate laguntza, eta baita hara joatea erabakiko dutenek ere. Baina iheslari gehienek ez dute negua txapazko sabaia duen txabola batean edo kanpadenda batean igaro nahi. Jean-Raphael Poitou Ekialde Hurbileko Gosearen Aurkako Ekintzako arduradunak diru gehiago eskatu dio nazioarteari, «goseari aurre egin eta iheslari gehiago mendebaldeko herrialdeetara» bidali ahal izateko.

Elikagaien Munduko Programa dirurik gabe dago. Nola eragiten die horrek errefuxiatuei?

Malnutrizioa handituko da, familiak hartzen ari ziren elikagai kopurua gutxituko delako. Gutxiago jango dute, gehiagok jan ahal izan dezaten. Eta, gainera, diru eta baliabiderik gabe geratuko dira neguari aurre egiteko.

Egun batetik bestera jatekorik gabe geratu dira. Horren hauskorra al zen laguntza sistema?

Zoritxarrez, Gosearen Aurkako Ekintzakook ohartarazi genuen baliabide faltaz. Aurreikusita zegoen, gutxi gorabehera. NBEren arabera, finantzaketa sistema %51raino bakarrik iritsi da.

Abenduan dirurik lortu ezean, familiek espero dezakete jatekorik urtarrilean?

Ea emaile nagusiek eta herrialdeek aintzat hartzen duten egoeraren larritasuna, diru funtsak eduki ditzagun ahalik eta lasterren.

Ondorioa izan daiteke iheslari asko Siriara itzultzea?

Harrera lekuetan laguntzarik ez dutela ikusiz gero, asko Siriara itzuliko dira.

Eta zein izan daiteke irtenbidea?

Elikagaien Munduko Programak eta Gosearen Aurkako Ekintzak epe motzeko proiektuetan lan egiten dugu, larrialdi egoeretan. Eta arazoa politikoa da. Hor ezin dugu esku hartu; beraz, gertatzen denaren lekukoak gara, eta munduari esaten diogu nola lagun gaitzakeen. Baina Siriako krisia auzi politiko bat da, eta gorago dagoen beste eremu batean konpondu behar da.

Zer erantzukizun du nazioarteak?

Espainia eta Frantzia bezalako nazioarteko herrialdeek iheslari gehiago hartu behar dituzte euren gain. Badira egiten ari direnak jadanik, Alemania eta Suedia bezala, baina gehiago behar da. Libanok muga irekita izan du eta milioitik gora errefuxiatu hartu ditu; ezin du gehiago jada, ez dauka ahalmenik halako migrazio handi bati aurre egiteko: siriarrak dagoeneko populazioaren %25etik gora dira.

Nola eragiten die zuen proiektuei NBEren Elikagaien Munduko Programa bertan behera geratzeak?

Dirua bukatu da. Beraz, hil honetan ez dituzte jasoko 200.000 iheslariri eman genizkien txeke edo banku txartelak. Haiekin nahi zutena eros zezaketen: arroza, irina, esnea... Duintasuna berreskuratzen laguntzen zien, txartel horrek supermerkatura joateko aukera ematen baitzien, eta han gehien behar zituzten gauzak har baitzitzaketen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.