«Injustizia eta jazarpena»

Xabier Susperregi eta Pantxoa Flores 'Kalaka aferaren' harira atxilotu zituzten, 2007. urtean. Parisko Auzitegiak errugabetu dituen arren, «haserre» mintzatu dira.

Kalaka auziaren aurka 2008an Donibane Garazin egindako martxa bat. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
«Oroitzapen batzuk ezin dira ahantzi. Egindako mina hor da, eta min hori hor geldituko da». Horrela hitz egin du Pantxo Floresek. Kalaka aferaren harira atxilotu zuen Frantziako Poliziak 2007ko irailean. Hamabi urte «luzeren» ondoren, Parisko Auzitegiak errugabetu egin ditu auzipetutako bost lagunak: Cedric Garai, Joan Bidart, Pantxo Flores, Xabier Susperregi eta Mizel Barrenetxe. Donibane Garaziko (Nafarroa Beherea) Kalaka ostatuaren aurkako polizia operazioan, hamahiru lagun atzeman zituzten Euskal Herrian, «antolakunde terrorista baten finantzaketa» egotzita. Bost preso egon ziren urtebetez, eta, geroztik, kontrol judizialpean eduki dituzte, 2018ko otsailera arte.

Xantiana Cachenaut abokatuak honela hitz egin du: «Afera honek terrorismoaren aurkako justiziaren gehiegikeriak erakutsi ditu, maila guztietan». Xabier Susperregik bat egin du abokatuarekin: «Lege horietan zulo beltz eta ilun asko daude. Batzuetan, giza eskubideen aurkako erabakiak har ditzakete antiterrorismoa aitzakiatzat hartuta». Susperregik dio «injustizia eta jazarpena» bizi izan dituela. «Hamabi urtez bizi izan gara ezpata batekin buru gainean. Ez dakizu biharamunean zer eginen duzun. Azken finean, ezin duzu zure bizitza proiektatu». Floresek ere «izugarrizko biolentzia» pairatu duela salatu du. «Estatuak kolpe bat eman nahi izan dio sektore oso bati. Operazio hau min egiteko egina zen», haren irudiko. Susperregik gogora ekarri du garai hartan tabernak zer rol betetzen zuen gizartean: «Herriko tabernak herriko jende abertzaleak elkartzeko eraikiak ziren, herrikoiak ziren. Horien asmoa jendea erakartzea zen, ez soilik ideologia batekoa. Kulturalki eragitea ere bazen haien helburuetako bat. Estatuak preseski hori ziplatu nahi izan zuen».

Harriduratik haserrera

Gogoan dute Susperregik eta Floresek 2007ko irailaren 24ko goiza. Susperregi: «Goizeko bederatzietan ikusi nituen [Laurence] Le Vert epailea, prokuradore orokorra eta ez dakit zenbat polizia nire etxeko egongelan». Floresek ere, irudi bera atxiki du: «Nire etxera etorri ziren ez dakit zenbat polizia armatu; ez nuen ezer ulertzen, baina begi bistakoa zen zerbait larria pasatzen ari zela». Susperregiri, hasieran, «egoera erridikulua» iruditu zitzaion. Baina hark ere fite ulertu zuen aferaren handitasuna: «Berehala ikusi nuen operazioaren tamaina, nahiz eta ez nintzen ohartzen zein ziren nondik norakoak. Haien asmoa argia zen, lehen-lehenetik. Ez dira edozertarako desplazatzen Le Vert andrea eta prokuradore orokorra...». Susperregiren iritziz, «teatralizazio hutsa» izan zen operazioa, «azpijoko bat», alegia. Floresen iduriko, «hasieratik bururaino azpijoko bat» izan zen, «mugitzen ari zen sektore bati min egiteko, Kalakaren inguruan sortu zen dinamika traba bat zelako estatuarentzat».

Garai hartan ezker abertzaleak jasaten zuen jazarpenarekin lotu du Kalaka afera Susperregik. «Frantziako Estatuak asmo eta arrazoi propioak baditu sektore abertzaleen kontra eragiteko Ipar Euskal Herrian. Baina badu espainiar teoriekiko jarraipenezko inertzia bat ere. Lotu behar da Dena da ETA propaganda lelo horrekin. Hego Euskal Herrian horretan oinarritu zen ezker abertzalearen ilegalizazioa. Iparraldean asmo bera zuen estatuak».

Atxilotu eta berehala kartzelatu egin zituzten Susperregi eta Flores. «Izugarri bortitzak izan ziren atxiloketaren ondoko egunak. Bakartu gintuzten, mehatxuak jaso genituen, gure familia eta lagunak ere atxilotu zituzten, beldurtzeko», salatu du Susperregik. Floresek kontatu du garaian bere alabak 3 aste zituela eta atxiloaldian egon zela familiako kideekin batera. «Argazki hori ezingo dut sekula ahantzi, eta are gutxiago barkatu. Biziki bortitza izan zen, eta min hori geldituko da». Susperregiren hitzetan, estatuaren «errepresio itsuaren isla» izan zen afera hori eta «krudelkeriaz» jokatu zuen estatuak.

Kartzelatik atera ziren urte bateko kondena egin ondotik; «herriari esker», diotenez. Ipar Euskal Herrian hainbat mobilizazio egin ziren aferaren harira, atxilotuekiko elkartasunez. Floresek eskertu egin du «herriaren indarra»: «Alimaleko mobilizazioak egin ziren barnealdean, espero ez genuen jendea ere mugitu zen. Uste dut afera horrek jendea beldurtu zuela ikusi zutelako deusengatik atxilotua izaten ahal zinela».

Susperregiren ustez, «herriaren indarra, atxiloketen ezustekoaren heinekoa» izan zen, eta horrek estatuari presio egin ziola uste dute bi lagunek. Ondorioak, hala ere, «pisuak» izan dira. «Kostu izugarria izan du guretzat, baina ez guretzat bakarrik. Ezker abertzalearen aurka joateko erabili dute gure afera. Gero beste herriko taberna batzuk itxi zituzten, Batasunaren kontuak itxi zituzten... Gure afera historia luze bateko lehen katebegia izan zen», azaldu du Susperregik.

Estatua auzitara

Auzipetuek jasandako «kalteengatik prozedura judizialak abia ditzaketela azaldu du Cachenault abokatuak. Lehen aukera da, prozeduraren luzetasuna estatuaren ardura izan dela frogatzea. Bigarren aukera, kartzelak eragindako kalteagatik Dei Auzitegira jotzea. Cachenautek uste du aipatutako bi prozedurak abiatuko dituztela. Bi lagunek ere estatua auzitan ezarri nahi dute, nahiz eta oraingoz «erabaki kolektibo bat hartzeko zain» diren.

Egungo egoeraz ere mintzatu da Susperregi. Frantziako eta Espainiako estatuen arteko harremana aipatu du: «Gaur, lehenago bezala, bi estatuak loturik daude. Baten blokeo egoerak bestearena dakar». Baina esperantzarik ez du galdu: «Bide onetik ari gara, indarrak batzen segitu behar dugu, konponbide integrala aurkitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.