Koronabirusa

Birusak sei lagun hil ditu Bilboko Santutxu auzoko eraikin batean

Hiru aste baino gutxiagoan izandako seigarren hildakoa baieztatu dute. Bizilagunek salatu dute Osakidetzak ez duela aski argibide eman

Birusaren agerraldia izandako eraikina, Bilboko Santutxu auzoan. LUIS TEJIDO / EFE.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Koronabirusarekin eri zen 85 urteko emakumezko bat zendu zen urtarrilaren 21ean Bilboko Haro plazako eraikin batean; Santutxu auzoan dago eraikina, zehazki. Hiru egunera 50 urteko gizonezko bat hil zen, 21ean hildako emakumezkoaren semea; birusak kutsatua bera ere. Ordea, birusaren agerraldiaren ondorioak ez dira kasu horietara mugatu; izan ere, eraikin berean izandako beste lau heriotzaren berri eman du Eusko Jaurlaritzak azken egunetan; bertan bizi ziren beste hiru pertsona hil ditu COVID-19ak iragan den astean, eta seigarren kasu baten berri eman du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak.

Heriotzez gainera, kezkagarriak dira kutsatzeen gaineko datuak ere. Eraikinean koronabirusaren agerraldi bat zela jakin ondotik, Osakidetzak baheketa bat egin zuen bizilagunen artean beste kasu positiborik ba ote zegoen jakiteko: horietako 33 pertsonari atzeman diete COVID-19a test horietan. Hamasei solairukoa da eraikina, eta guztira 65 familia inguru bizi dira etxebizitzetan.

Agerraldiaren zergatiak zein diren jakiteko lanean ari da orain Osasun Saila. Helburu hori erdiesteko, zenbait hipotesi ari dira aztertzen. Besteak beste, birusaren transmisio azkarra ekarri duen superkutsatzailerik egon daitekeen jakiteko ikerketa abiatu dute. Bestalde, esplikatu dute eraikineko eremu komunek duten aireztapen eskasa ere izan daitekeela agerraldiaren arrazoietako bat.

«Ezin da beti garaiz iritsi»

Azken asteotako gertakariak ikusirik, larritasunak hartuak dira eraikineko bizilagunak. Egoerak «oso kezkatuak» dituela onartu dute auzokide batzuek, eta, era berean, salatu dute administrazioak ez duela eman egoerari buruzko argibide nahikorik.

Kontrara, Sagarduik esan du Osakidetzak «azkartasunez» jokatu duela egoeraren aurrean, eta argudiatu du birusaren agerraldiaren berri izan bezain laster ekin ziotela baheketa prozesuari. Gainera, erantsi du Osakidetzaren aztarnari sareari esker lortu zela agerraldia detektatzea, eta azaldu du horrek agerian uzten duela aztertze lanen eraginkortasuna. Hala eta guztiz ere, sailburuak zera aitortu du: «Ezin da beti garaiz iritsi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.