Hondartzara iritsi dira algak

Algek hartu dituzte Euskal Herriko hondartzak azken egunotan, eta horiengatik kexu dira zenbait bainulari. Adituen arabera, baina, fenomeno «oso-oso arrunta» da hori.

Langile bat Donostiako Kontxako hondartza garbitzen, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Tenperatura beroekin batera, betetzen hasi dira Euskal Herriko hondartzak, eta ez bainulariz bakarrik. Algak ere iritsi dira itsasertzera, eta, azken egunotan, horietaz kexu dira hainbat bainulari. Hala ere, adituek adierazi dute fenomeno «oso-oso arrunta» dela algak agertzea, eta urtero gertatzen direla horrelakoak.

Alga mota desberdinak agertu dira Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko hondartzetan: Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak ez dira arriskutsuak osasunerako; joan den astean, baina, ostreopsis motako alga toxikoak agertu ziren Lapurdikoetan, eta horiek azkura eta eritemak eragin ditzakete.

Adituek nabarmendu dute garrantzitsua dela bi alga mota horiek bereiztea. «Ez dira nahastu behar», adierazi du Endika Quintano biologian doktoreak. Izan ere, Bizkaian eta Gipuzkoan makroalgak agertu dira: substratuan finkatuta bizi dira, eta begi bistaz ikus daitezke. Lapurdikoak, berriz, mikroalgak dira; fitoplanktona dira, eta ur zutabeetan egon ohi dira. Eneko Aierbe Ekologistak Martxan taldeko itsas saileko arduradunaren arabera, momentu berean gertatu diren bi fenomeno independente dira: «Bietan hitz egiten dugu algei buruz, baina oso zerikusi gutxi du batak bestearekin».

Quintanoren arabera, makroalgak, «normalean», udazkenean heltzen dira hondartzetara, «batez ere olatuen indarra handitzen denean eta ekaitzak hasten direnean». Hala ere, udaberrian eta udan gertatzea ere «normala» da, baina bainulariek orduan nabaritzen dituzte gehiago, garai horretan hondartzetan daudelako. Quintanoren arabera, aste honetan agertu diren algak, «ziurrenik», joan den astean izan zen itsaskiaren ondoriozkoak izango dira. Izan ere, olatuen eraginez, ur azpian dauden algak «moztu» egiten dira, eta moztutako zatiak hondartzetara iristen dira.

Alga horiek hondartzetara heltzea «seinale ona» dela deritzo Quintanok: «Gure itsasondoak ondo daudela esan nahi du, eta hori beste organismo batzuentzat onuragarria da». Algak itsasertzean metatzea ere «ez da txarra», baina ohikoa da horiek erretiratzea: Donostiako Zurriola eta Kontxa hondartzetan, esaterako, tona bat alga bildu dute asteon. Aierberen hitzetan, baina,horiek erretiratzea ez da beharrezkoa, eta «egokiena» hondartzetan uztea izango litzateke, bertako ekosistema aberastu egiten dutelako.

Algak eta klima aldaketa

Aierberen ustez, algek zerikusia dute tenperaturarekin. Mikroalgei onura egiten die beroak: horien agerpena tenperatura igoerarekin lotzen da, eta berotegi efektuak haien garapena errazten du. Bizkaian eta Gipuzkoan agertu diren makroalgak, aldiz,«gero eta gutxiago» daude tenperatura igoeraren eta klima aldaketaren ondorioz.

Algak agertzea klima aldaketaren «abisu modura» hartu behar direla deritzo Aierbek, ekosistemak ere aldatzen ari direlako. Horregatik, aurreikusten dute horrelako fenomeno gehiago gertatuko direla aurrerantzean, eta datorren urteetan ere mikroalgen kopurua nabarmen handituko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.