Basauriko Udala aztertzen ari da abusuen auzian parte izatea

Aparteko batzar bat egingo dute gaur akusazio izango den ebazteko. Neurriak erabakitzen ari dira, halaber, biktimei arreta «osoa» emateko

Erredakzioa
Bilbo
2019ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Basauriko Udalean (Bizkaia) aparteko udalbatzar bat egingo dute gaur, ebazteko ea akusazio izango diren herriko kirol elkarte batean sexu abusuak egiteagatik salaketak jaso dituen entrenatzailearen aurka abian jarri duten auzibidean. Aukera aztertzen ari direla adierazi zuten atzo, prentsa ohar baten bidez: «Gure zerbitzu juridikoak horretan ari dira».

Albistea heldu da herenegun jakin eta gero atxilo hartu zutela abusuak egozten dizkioten gizona; orain libre dago, karguekin, baina atxilotu egin zuten asteartean, preskribatu gabe egon litekeen kasu baten harira. Izan ere, gutxienez zazpi pertsonak salatu dituzte entrenatzaile horrek egindako abusuak, baina kasu gehienak aspaldikoak dira, eta, beraz, preskripzioa eragozpen bat da horiek ikertzeko. Asteon jakin da, ordea, 2016. urtean adingabeen fiskaltzak artxibatu zuen kasu bat aintzat hartu dutela orain; berriz ireki dute, eta horregatik erabaki zuten gizona atxilotzea eta auzibide bat hastea. Hain justu, horri erantzun dio orain Basauriko Udalak ere.

Biktimentzako arta «osoa»

Udalak adierazi du erabakitzen ari direla, gainera, zer urrats klase egin abusuak jasan dituzten biztanleei arta «osoa» emateko. Izan ere, badira zazpi salaketa gutxienez, eta gehiago ere izan litezkeen susmoa dago: gizonak dozenaka urte egin ditu gazteekin lanean Baskonia futbol eskolan. Salaketen berri izan eta gero, prestatzailea kaleratzea erabaki zuten kirol elkartean. Atzo, auzibidea abian zela jakinda, hitza hartu zuten klubean: «arbuioa» adierazi zuten abusuekiko, «elkartasuna» biktimekiko, eta esan zuten ikerketarako argibideak emateko prest daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.