Garestitze olatua argentinarren itolarri

Irin poltsa batek, La Platan, 340 peso balio zuen duela bi hilabete; orain, berriz, 640 peso balio du; eta abisatu dute gutxi barru 800 kostatuko dela. Kanbio krisiak inflazioa ikaragarri igo du Argentinan, eta protestak ugaritzen ari dira kalean. Baliteke, gainera, NDFren maileguak murrizketa gehiago ekartzea.

Barrios de Pie elkarteak NDFren kontra antolatutako bazkari herrikoia, duela bi aste. DAVID FERNANDEZ / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun

Hotza hasi du Argentinan, eta, kalean, denen ahotan dabiltza herritar askok etxea berogailurik gabe epeltzeko asmaturiko estrategiak, edo berogailua neurri batean bakarrik erabiltzekoak. Izan ere, sekula ez bezala garestitu dira gas eta argindar zerbitzuak bi urte eta erdian. Cambiemosen agintaldian garestitu dira, gobernuak doitze politika abian jarri duenean: azken asteotan, zer esan handia eman du politika horrek, kanbio krisi bat gertatu delako—dolarrak izugarri egin du gora—, eta Mauricio Macrik iragarri duelako mailegu bat negoziatu duela Nazioarteko Diru Funtsarekin (NDF). Horrek garairik okerrenak gogorarazi dizkie argentinarrei.

Tarifak garestitzen

«Nik ur beroz beteriko poltsak banatu nizkien seme-alaba guztiei» edo «etxea hozkailu bat da, baina eramaten genuen, nola edo hala; orain, berogailu bat piztu behar izan dut»: han eta hemen entzuten dira halakoak. Buenos Airesko kontsumo prezioen indizearen datuen arabera, 2015 eta 2017 bitartean argindarra (%562), ura (%338) eta gasa (%223) askoz ere gehiago igo ziren, Cambiemosen bi urteko agintaldian soldatapeko erregistratuen ordainsariak —balio nominalean— igo ziren baino.

Atzo arratsean, hain zuzen, Senatarien Ganberan oposizioaren legegai bat ziren eztabaidatzekoak, tarifen igoerari galga jarri eta 2017ko azaroko tarifak berrezartzeko. Proiektuak bazeukan, gutxienez, diputatuen erdien babesa, baina atzo onartuz gero ere —edizio hau ixterako oraindik eztabaidan ari ziren Argentinako Senatuan—, Macriren gobernuak iragarrita zeukan atzera botako duela, beto eskubidea erabiliz. Rogelio Frigerio Barne ministroak argi hitz egin zuen atzo: «Une batez ere ez dugu dudarik izango egin beharrekoak egiteko».

Tarifen igoeraren harira, justuki, gobernuz kanpoko erakundeen talde batek aurkezturiko eskaera baten harira, Doloresko Epaitegi Federalak agindu berri du gas zerbitzua ez eteteko ordaintzen ez dutenei, eta halaxe jokatzeko lurralde guztian eta bezero mota guztiekin.

Enpresa txiki eta ertainek, kooperatibek eta denda txikiek igarri diete gehiena gobernuaren neurriei. Tarifengatik, halako askok itxi behar izan dute negozioa, eta, gainera, ezin izan dituzte eraman barne kontsumoaren beheraldiaren, inportazio gero eta handiagoen eta estatu babesik ezaren ondorio ikaragarriak. Kalkulatzen da 2015eko abendutik 2017ko martxora 3.198 enpresa galdu zirela Argentinan, hau da, zazpi enpresa egunean. Datu hori kontuan hartuz gero, hobeto ulertzen da zenbat handitu den langabezia eta zenbat pilatu den kapitala, zeren, askotan, enpresa handiek txikiak beretzen baitituzte, edo merkatu zati batez jabetzen baitira lehiakideak kiebra jota desagertzen direnean.

«Ez dut gogoan honen antzeko ezer ere gertatu izana Alfonsinen hiperinflazioaz geroztik [1989-1990]», kontatu du La Plata hiriko auzo bateko okindegi baten jabeak, zeina ezin konta ahala krisi ekonomiko ikusia baita. «Orain dela bi hilabete, 340 peso ordaintzen genuen poltsa bat irin; orain, berriz, 640, eta abisatu digute egun gutxi batzuk barru 800 kostako zaigula. Argindarrarekin eta gasarekin, beste hainbeste: hilabetean, %100 garestitu ziren. Eta nik ezin ditut kostu horiek aplikatu salmenta prezioetan, lehendik ere jendeak ez baitu erosten behar-beharrezkoa duena besterik. Garestituz gero, saltzeari utziko diot», borobildu du.

Neurri ekonomikoak

2015eko abenduaz geroztik inposaturiko eredu ekonomikoak berekin ekarri zuen Argentinako ekonomia kasino txiki bat bilakatzea nazioarteko finantzetako jokalari handientzat, merkatua ireki zelako, nazioarteko kapitalen mugimenduak araugabetu, eta interes tasak igo. Halaxe azaldu du Raul Dellatorre ekonomistak. Gainera, kanpoko finantza gorabeherei dagokienez, Argentina «herrialderik ahulenetako bat» bihurtu da, barne zorraren eta kanpoko kontuen defizit askotarikoen ondorioz —balantza komertziala, turismoa, kapital ihesa, dibidenduen eta interesen ordainketa—.

Gobernuak aldarrikaturiko «mundu bira» hark ere dolarraren mendean jarri zuen Argentina, oso mendean, barne prezioak zehazteko orduan. Tarifak eta erregaien prezioa dolarizatu zituen, atxikipenak kendu —eta, hala, lotu egin zituzten esportazio prezioa eta barne merkatuan ordaindu beharrekoa—, eta oinarrizko input-en salneurriak araugabetu —haien kontrola galdu, beraz—; gainera, barne merkatua zabaldu zien mota guztietako produktuen inportazioei, eta, hala, ontzat jo zuen inportazioek barne produkzioa ordezka zezaten.

Eta halaxe, Dellatorrek azaldu duenez, denbora guztian tentsioa dago kanbio merkatuaren eta kanbio tasaren igoera etengabeen artean, eta horrek inflazio shock-ak eragiten ditu noizean behin; aurreko asteetan izaniko hori, esaterako.

Dolarra bi astean %20 igo eta 25 pesoraino iritsi eta gero, Estatistiken eta Zentsuen Institutu Nazionalak (INDEC) argitara eman zuen inflazioa %9,6ra iritsi zela urteko lehenbiziko lau hilabeteetan, gobernuak 2018 osorako ezarririko helburutik gertu: %15. Espezialistek uste dute nekez beteko dela aurreikuspen hori, eta inflazioa iazkoa bezalakoa edo handiagoa izango dela (%24,8). INDECek jakinarazi du apirileko inflazioa %2,7 izan zela, eta orain arte %9,6 izan dela, herrialde guztia kontuan hartuta. Ehuneko horretan ez daude sartuta dolarraren kotizazioaren azken igoerak —apirilaren bukaeran, 20 peso balio zuen dolar batek, eta orain, 25 inguru—.

Salneurriak gora

Mario sukaldaria da: janaria prestatzen du, eta haurrentzako sukaldaritza tailerrak antolatzen; beraz, dendetako apalen artean ibiltzen da askotan. Eguneko erosketa supermerkatu txinatar tipikoren batean egitea da normalena klase ertaineko edozein auzotan, eta, halako denda batean, Mariok argi seinalatu du zer produktu ari diren etengabe garestitzen. «Prezioak gora eta gora ari dira astero. Irina da adibiderik onena, baina baita olioa, ardoa, esnekiak eta matea ere. Batzuetan, %100 ere garestitu izan dira, eta beste batzuetan, gutxiago. Beste hainbeste gertatzen da haragiarekin, frutekin eta berdurekin». Bidean, Kun-ekin gurutzatu da: supermerkatuaren jabeetako bat da, eta kontatu dio lehen 10.000 pesorekin erosten zuena orain 15.000 kosta dela. Eta, nahiz eta hornitzaileek esaten dioten berak ere garestitu ditzakeela produktuak, ezin du halakorik egin: den-denek azpimarratzen duten bezala, hala eginez gero ez luke batere salduko.

Oraindik ez dakite zer ondorio ekarriko dituen azken kanbio krisiak, egun batzuk beharko baitira prezioetan zer eragin izango duen ikusteko, baina jakina da kolpe handia izango dela balioen katean. Gasolinaren salneurria, zeinak atzetik arrastaka eraman ohi baititu gainerako prezioak, izozturik egon da bi hilabetean, kanbio krisia baino lehen, baina aurreikusi dute krisiak eragin handia izango duela gasolinaren prezioan, lehenago edo geroago.

Beste inflazioaldi batzuen oroitzapenak martxan jartzen dituenez bai bizirik irauteko eta bai espekulatzeko mekanismoak, dendari askok salneurriak goratzen dituzte baita krisiaren eragina zein den jakin baino lehen ere, edo gorde egiten dituzte salgaiak, prezioak zertan geratzen diren ikusi arte. Komunikabideek, berriz, formula zaharrak —eta berriak— zabaltzen dituzte inflazioari aurre egiteko, eta erosketarako trikimailurik «onenak» erakusten dizkiete herritarrei. Era berean, kartelak ugaritu egin dira han eta hemen, komertzio mota guztietan: denetan omen daude nahitaez baliatu beharreko merkealdi eta deskontuak. Eta zer esan sinadura bakar baten truke maileguak eskaintzen dituzten dendei buruz: argindarraren edo gasaren fakturaren zenbatekoaren pareko maileguak izaten dira.

NDFren itzala

Inflazioaren gaia konpondu gabe pasatzen da gobernu batetik bestera, eta, hala ere, hautagaitza aurkeztu eta segituan, Macrik gutxietsi egin zuen gaiaren garrantzia, eta adierazi zuen aurreko agintariek «gobernatzeko zuten ezintasunaren» ondorioa besterik ez zela, eta aski zela dirua jaulkitzeari uztea. Bi urte eta erdi geroago, konpontzeko daude bai gai hori eta bai kanpainan agindutako beste kontu batzuk. Agintaldiaren hasierako aitzakia, makur guztiak aurrekoen herentzia zirelako hori, ezin da gehiago defendatu, eta Macri hasia da konponbide falta ordaintzen. Arazoa hain larria izateak eta irtenbide bila NDFra jo izanak —presidenteak berak iragarri zuen hala egingo zutela, bi minutu eskaseko mezu grabatu batean, maiatzaren 16an— agerian utzi du oraingo gobernuak nor hartzen duen egiazko solaskidetzat, eta zein desesperaturik dagoen. Argentinako oraingo gobernuko neoliberalak ere ohartzen dira NDF aipatze hutsak ondorio nabarmenak dituela, eta kostu politikoa ekarriko diola gobernuari, nahitaez.

Oraingoz, hauxe egin dute NDFrekin: negoziatzen hasi, 30.000 milioi dolarreko mailegu bat eskuratzeko. Gobernuak adierazi du «mailegu prebentiboa» izango dela, «stand by» motakoa, NDFk eskaintzen dituenetan tradizionalenetako bat. Argentinak halako maileguak eskatu izan ditu gehienbat. Azkena, hain zuzen, Eduardo Duhalde presidentea izandakoak eskatu zuen, baina azken zatia Nestor Kirchnerren agintaldian ordaindu zen, 2003an, NDFrekin zuten zorra guztiz kitatzea erabaki baino bi urte lehenago.

Nolanahi ere, Argentinak NDFrekin duen historia luzeak bidea ematen du pentsatzeko zer-nolako ondorioak izango dituen oraingo harreman horrek, eta baita beldur izateko ere. Hau da, azkenean ados jartzen badira, aplikatzen hasiko dira finantza erakunde horrek diruaren truke inposatzen dituen baldintzak eta formulak: murrizketak handitu egingo dituzte, eta egituren erreformak bizkortu; esaterako, lan merkatuaren malgutzea eta erretiroen pribatizazio partziala. Baita hiru hilean behin ekonomiaren martxaren monitorizatzea ere, maileguaren kuota jasotzeko hitzarturiko jarraibideen arabera.

Hala alde batekoek nola bestekoek, iragarpenaren ondorioak ikusirik, lehenbailehen argitu zuten Christine Lagarderen NDF hau ez dela beste garai batzuetakoa bezalakoa. Negoziazioaz arduratzen ari denak, Nicolas Dujovne Ogasun ministroak, esan zuen: «Oraingo NDF ez da orain dela hogei urtekoa». Eta NDFk Washingtonen duen bozeramailea, Gerry Rice, antzera mintzatu zen: «Argentinako egoera guztiz bestelakoa da orain dela hogei urtekoaren aldean; gaur egun, merkatuak eta erakunde sendo batzuek ezartzen dute kanbio mota».

Protestak kaleetan

Nahiz eta protestak gero eta gehiago diren Argentinako txoko guztietan, nahiz eta gremio askotan oraindik lanean ari diren urteko soldata igoerak ezartzeko bitariko batzordeak —langileen ordezkariek eta enplegatzaileenek osatzen dituzte—, ez da erraza argitzea zer ondorio izango dituen kalean oraingo krisiak. Dudarik gabe, giroa itogarria da, eta gutxi ausartzen dira oraingo hondamendia aurrekoen herentzia aipatuz justifikatzen —boz gora, behintzat—, eta gehienek esaten dute damutu zaiela botoa oraingo gobernuari emana.

Jakina da Argentina ohitua dagoela bere gizarte egoera kalean ebazten, eta horren erakusgarri argia dira abenduan kongresuaren aurrean izaniko protestak, erretiro eta pentsio sistemaren erreforma eztabaidatu zenekoak. Dena dela, orain ere zaila da etorkizunaz espekulatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.