Aitor Gabilondo. 'Patria' telesailaren gidoilaria eta ekoizlea

«Kontakizunak kolektiboa eta multiplea izan behar du»

Asteazkenean hasiko dituzte 'Patria' telesailaren grabaketak, Donostian. Gabilondok iragarri du gogorra izango dela ikusteko. «Ondo ateratzen bada, nortasun propioa izango du».

urtzi urkizu
Donostia
2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Gidoilari lanetan ETBko Benta berri eta Aire, aire saioetan hasi zen Aitor Gabilondo (Donostia, 1972). 2010ean, Plano a Plano ekoizpen etxea sortu zuen, Cesar Benitezekin, eta arrakasta lortu El Príncipe eta Allí abajo telesailekin. 2017an, Mediasetekin elkarlanean, Alea Media ekoizpen etxea sortu zuen.

Zer gertatu zen Pablo Trapero zuzendariarekin? Zergatik kaleratu zenuten?

Berez, ez zen ezer gertatu. Telesailen ekoizpenetan egitura batzuetan sartu behar duzu, filmetatik nahiko desberdin. Desadostasunak egon ziren, eta hura gabe jarraitzea erabaki genuen. Baina Felix Biskarretek hor jarraitzen du, eta, gero, Oscar Pedraza batu da zuzendari taldera.

Datorren astean hasiko dituzue grabaketak. Zergatik grabatuko duzue Soraluzen eta Elgoibarren eleberriko Hernani?

Herria asmatua izango da. Hernanin egon ginen begira, baina erdialdea modernizatuta dago. Soraluzek 1980ko eta 1990eko hamarkadetako estetika gordetzen du; biribilgune eta kaleko trabagarri gutxiago daude Soraluzen, Hernanin baino. Uztailera arte arituko gara grabaketetan.

Euskal gatazkaren inguruko gidoi bat idazten ari zinela izan zenuen Patria eleberriaren berri. Zergatik aukeratu zenuen liburua?

Gaztetxoa nintzen garaiaz zerbait egin nahi nuen; gauza asko bizi izan nituen: ikastolan ikasi nuen, lagun batzuk ETAn sartu ziren, ETAk lagun bat hil zuen, beste batzuek estortsioa eta mehatxuak jasan zituzten. Kaleko jendeak gertatutakoa nola sentitu zuen kontatu nahi nuen. Patria argitaratu aurretik aipamen bat irakurri nuen, eta Tusquets argitaletxearekin harremanetan jarri nintzen. Eleberria bidali zidaten, ikusi nuen nire ideiaren oinarria hor zegoela, eta eskubideak erosi nituen. Kontatu nahi nuenetik asko zuen liburuak, eta hemen gaude.

Esan izan duzu alde guztiekin enpatizatu nahi duzula. Baina jende guztia pozik uztea ez da erraza izango, ezta?

Nik beti enpatizatu izan dut pertsonen minarekin; ez dut ranking bat egiten ea nork sufritzen duen gehiago. Sufrimendua intimoa da, bakoitzarena. Baina Euskal Herrian polarizazio bat egon da; hunkitzen bazinen pertsona batek autoaren azpian begiratu behar zuelako lehergailu bat izan zezakeelako, alde batekoa zinen. Eta enpatizatzen bazenuen pertsona batek 1.200 kilometro egin behar zituelako semea ikusteko, beste aldekoa zinen. Eleberria irakurri nuenenean, sentitu nuen nire sentimenduak hor zeudela. Pertsonen istorioak kontatu nahi ditut, horren muinera joan, lur-arrasean nola sufritu den.

Fernando Aranburu idazleak argi hitz egin izan du abertzaletasunaren aurka. Eleberriak, une batzuetan, abertzaleak deabrutzen ditu. Gauza bera egingo al duzu telesailean?

Nik ezin dut ezer deabrutu, pertsonaia bakoitza ulertzen dudalako. Denek dute beren ikuspuntua. Gertakizunak kontatuko ditut telesailan, baina ez ditut komentatuko.

Baina eleberrian, zenbat eta abertzaleago eta erradikalago izan, pertsonaia ezjakinagoa eta intelektualki mugatuagoa da.

Hori ez da gertatuko telesailean, inolaz ere. Ni giro abertzale batean hazi naiz, eta naizenaren aurka joango nintzateke. Eleberriaren nire interpretazioa ez da zu egiten ari zarena.

Aranbururi telesaila gustatuko ez balitzaio...

Zer egingo diogu. Hark ez nau tutelatu, eta telesailean ez du ezertan parte hartu. Ez naiz inori lana egiten ari.

Zer ekarpen egin dezake telesailak kontakizunari dagokionez?

Telesaila gogorra izango da ikusteko. HBOri esker, jende askorengana iritsiko da, Europa osoan eta Amerika osoan ikusiko baita. Ondo ateratzen bada, nortasun propioa izango du. Kontakizun bakarra ez da posible, eta desiragarria ere ez. Kontakizunak kolektiboa eta multiplea izan behar du; bestela, ez da benetakoa izango. Ekarpen bat egin nahi dut, sentitu dudan tokitik. Nire zatia da.

Aktore batzuek uko egin al diote telesailean parte hartzeari arrazoi politikoengatik?

Parte hartzen duten ia-ia guztiek euskaraz egiten dute, eta istorioan parte hartzeko gogoa dute. Bakoitzak bere sentsibilitatearen ekarpena egiten du. Aktoreren batek ez du interesik izan telesailean parte hartzeko, eta esan dit arrazoi soziopolitikoak zeudela tartean. Baina oso gutxi izan dira ezezkoa eman dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.