Sergio Gandara. Ekoizlea

«Kalitatea maite dudalako egiten ditut koprodukzioak»

Iruñeko Conecta Fiction topaketako lehen galan 'Héroes invisibles' telesaila proiektatu zuten. Txileko Parox ekoiztetxeak eta Finlandiako YLE telebista publikoak ekoitzi dute elkarrekin.

urtzi urkizu
Iruñea
2019ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldian bi aldiz egon da Sergio Gandara (Tenuco, Txile, 1968), berak ekoitzitako filmak aurkezten: 2007an Matar a todos, eta 2013an El árbol magnético. In Treatment telesailaren bertsio txiletarra ekoitzi du, eta asteon estreinatu dute Movistar Play plataforman. «Nire ametsa zahartzaroa Euskal Herrian pasatzea da», aitortu du.

Héroes invisibles telesaila ekoitzi duzue Finlandiako telebista publikoarekin elkarlanean. Lanak kontatzen du nola finlandiar batek 2.000 txiletarren bizitza salbatu zuen Pinocheten estatu kolpea gertatu zenean. Nola iritsi zineten istorio horretara?

Francesc Escribano ekoizle kataluniarrak esan zidan Finlandiako kate publikoaren fikzioburu berriak ekoizle txiletar bat ezagutu nahi zuela. Zita bat egin genuen, eta berehala jabetu nintzen nire historiaz ari zela. Txiletar gehienok gertu ditugu Pinocheten diktadurako errepresioaren istorioak; Leonora Gonzalez nire kide eta emazteak erbestera joan behar izan zuen, Italiara. Finlandian oihartzun politikoa ere izan du telesailak, errefuxiatuei eskua ematen dion pertsonaia baten istorioak bidea ematen baitio XXI. mendeko errefuxiatuei buruzko elkarrizketari. Ikusleari itauntzen dio ea zer portaera duen gai horren inguruan.

Conecta Fiction Santiagon egin zuten, duela bi urte eta iaz. Han izan zineten, ezta?

Bai, Santiagora joan aurretik akordioa egina genuen finlandiarrekin. Han harreman interesgarriak izan genituen salmenta konpainia frantziar batekin, baina azkenean gure nazioarteko banatzailea Suediakoa eta Hego Koreakoa da.

Nestor Cantillana telesaileko aktoreak esan zuen grabaketak dinamikoak eta abesgarriak izan zirela txiletarrentzat zein finlandiarrentzat.

Galdetu dezakezu: Zer dute amankomunean Txilek eta Finlandiak? Oraingo honetan, emozio bera sentitu zuten bai lantalde txiletarrak bai finlandiarrak. Gu Txilekoak gara, eta Finlandia munduaren beste puntan dago. Baina batzuek eta besteek maite dugu alkoholarekin ospatzea [barreak].

Finlandiako telebistak apirilean estreinatu zuen telesaila, eta datu onak lortu zituen. Noiz emango dute Txilen?

Chilevision katearen ordezkari batzuk Iruñean daude, eta espero dugu irailetik aurrera ematea. Egunotan jakingo dugu zer beste herrialdera zabalduko duten.

Héroes invisibles iritsiko al da streaming-eko plataformaren batetara?

Tamaina honetako proiektuak streaming bidezko plataformetan kontsumituko direla argi dut. Atal guztiak jarraian ikusteko moduan egina dago, gainera.

Txilen asko aldatu al da telebistaren kontsumoa?

Txilen soilik doako kateak daude, eta urtean 10-12 telenobela egiten dituzte. Beste mota bateko fikzioa egin nahi dugunok sentitu dugu behartuta gaudela bazkideak beste herrialde batzuetan bilatzera.

Noiz dira justifikagarriagoak eta errazagoak herrialdeen arteko koprodukzioak?

Gakoa da istorioak uki ditzala herrialde ekoizleak. Koprodukzioa arrakastatsua izan dadin, jatorri komun bat behar da. Arrazoia soilik ekonomikoa denean, ez da hain interesgarria.

Koprodukzioak ugaritu egingo al dira datozen urteetan?

Nik kalitatea maite dudalako egiten ditut koprodukzioak. Kalitate handia lortzeko aurrekontu handiak behar dira, eta, Txilen diru nahikoa ez dudanez, beste norbait bilatzen dut proiektua altxatzeko. Parox ekoiztetxean dugun erronka nagusia nazioartekotzea da. Hainbat herrialdetan ari gara koprodukzioak egiten: Brasilen, Espainian, Txinan...

Conecta Fictionen aipatu dira Txinako ikus-entzunezko plataformak. Gorantz doaz, ezta?

Kontuan izan behar da munduko bost biztanletik bat txinatarra dela. Sekulako audientzia dago hor, eta elkarrizketa bat izan nahiko nuke. Txileko margolari baten istorioa deskubritu nuen: Jose Venturelli. 1950eko hamarkadan Txinara bizitzera joan, eta hango Iraultza Kulturalean parte hartu zuen. Hari buruzko biopic bat lantzen ari gara, bereziki Mao Zedongekin izan zuen harremanari erreparatuta. Finantzaketa erabat Txinakoa izango da ziurrenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.